IX. Loraldia Festibala sekulakoa izan da

Bizkaie! 2023-03-28 12:17   Kulturea

Loraldiak 4.207 ikusle baino gehiago batu ditu.

Bederatzigarren edizinoaren aldarrikapena kulturea mailua dala erakustea zan eta mailukada ederrak jaso eta emon deuskuz. Balorazino positiboa egiten dogu arlo guztietan. Ekinaldien kalidade artistiko maila handia azpimarratu nahi dogu. Sortzaile gazte eta hasi barriak, kalidade handiko proposamenak, interesgarriak eta ekarpen handikoak.

Hiru astez, Bilbo euskeraz sortutako kultur adierazpenen erakusleiho handi bihurtu da: 14 gunetan 150 artista baino gehiago ibili dira.

Loraldia sendotu da eta erreferente bihurtu da. Gizartea Loraldiaren zain dago eta festibalak ekarriko dauenaren zain. Ikusleen erantzuna aparta izan da eta zenbait ekintzetarako sarrerak iragarri orduko agortu egin dira. Loraldia festibalaren 9. edizinoak 4207 lagun batu ditu aitatutako 25 ekintza horreetan, aretoen % 77 betez.

Nabarmentzekoak aurtengo kultur eragile erreferenteak: Gabriel Aresti, Ruper Ordorika, Bernardo Atxaga, Benito Lertxundi, Ines Osinaga, Kukai, Castillo Suarez... Eta sortzaile gazteen harrobiaren indarra.

Datuei ertreparauta, Loraldia Festibalak 17 egunetan 25 ikuskizun eskaini ditu Bilboko 14 gunetan.

150 artista baino gehiagok parte hartu dau eta sortzaile eta artista gazteen kopuruak nabarmen gora egin dau. Erreferente handiak izan ditugu gurean baita
sortzaile gazteak be.

Ikusle kopuruari jagokonez, festibalak eskaini dituan 25 ekinaldi horreetan 4.207 lagun batu dira. Eta areto eta espazioak % 77bete dira. amaieran 2.220 lorazain ditugu, aurrekoan baino 269 gehiago.

Balorazio artistikoaren arolan, egundoko festibala izan da 2023ko negu amaiera eta udabarri hasiera honetan. Ikusgarria, hunkigarria, barritzailea eta gogoangarria. Kalidate bikaineko sormenak ikusgai izan dira 17 egunetan. Euskal kulturgintzea loraldian dagoala esan daiteke.

Aurreko bederatzi urteko lana nabaria da. Eskarmentua metatu dogu. Hainbat emanalditan ikuslez lepo. Inoiz baino ikusle gehiago. Arlo teknikoan ekitaldi guzti-guztiak bikain eszenaratu dira. Edizino biribila izan da bederatzigarrena.

Laguntzaileak eta babesleak

Loraldia Festibalak erakundeen, eragileen, sortzaileen eta beste batzuen laguntzea izan dau. Bederatzigarren edizinoan Gabriel Aresti Kultur Alkartea izan da bidelagun egun bateko programazinoa ontzeko. Euskal Kultur Erakundeagaz lotutako hitzarmenari esker, Iparraldeko proposamenak Bilbora ekarteko aukera dau Loraldiak. Elkar Fundazinoaren laguntzea be izan da literatur aurkezpenak egiteko. Berria egunkariak ekintza bat babestu dau. ZAWPk alkarteak La Terminal espazioa itxi dau eta, urtero legez, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programearen babesa be izan da. KOT markearen laguntzea be ezinbestekoa izan da.

Eta euskal hedabide ugarik bat egiten dabe Loraldiagaz, ekintzak eta sortzaileen lanak zabaltzeko: Berria, Gara/Naiz, Deia, Kmon, Bilboko Uriola, Hiruka, Anboto, Aikor, Aiaraldea, Begitu, Gaztezulo, Radio Euskadi, Euskadi irratia, Euskadi Gaztea, Naiz irratia, Bilbo Hiria, Bizkaia irratia eta SER Bilbao.

Azkenik, Loraldiak beren beregi eskertu nahi ditu Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza eta Laboral Kutxa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu