382 ikaslek parte hartuko dabe Xare Euskerazko Kultura Digitalaren Jardunaldietan

Bizkaie! 2023-03-28 11:15   Euskerea berbagai

Martiaren 29an eta 31n Barakaldon izango dira.

Xare egitasmoak Azkue Fundazinoaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Sailaren eta Barakaldoko eta Portugaleteko Udalen laguntzaz atontzen dauen proiektuaren helburua bikotxa da: Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologien (IKT) arloan euskerearen erabilerea sustatzea eta euskerazko kultura digitala ezagutzera emotea.

Martiaren 29an eta 31n, Clara Campoamor Zentro Zibikoan izango dan egun biko jardunaldian, Barakaldoko, Portugaleteko eta Santurtziko 7 ikastetxetako 382 ikaslek hartuko dabe parte; Batxilergoko lehenengo mailakoak eta Lanbide Heziketako erdi-mailako zikloetako lehenengo mailakoak.

Zentro Zibikoaren hainbat espazio beteko ditu egitarauak: 8 lantegi praktikok osotuko dabe Ikas Aretoa izenekoa. Era izeneko Aretoan, barriz, berbaldi interaktibo bi izango dira. Eta Jolas Aretoa izenekoan, Egunean Behin jokoaren zuzeneko partidan lehiatzeko aukerea izango dabe gazteek.

Iurdana Acacuso Azkue Fundazinoaren zuzendaria; Nerea Cantero Gurtubay Barakaldoko Kultura, Hezkuntza, Euskera eta Gazteria Arloko Zinegotzi Ordezkaria; eta Koldo Núñez Fernández Portugaleteko Euskerearen Sustapena eta Erabilerarako Zinegotzia martiaren 29ko nahiz 31ko saioetara hurreratukoo dira Clara Campoamor Zenro Zibikora, 09:00etan Auditorioan gazteei ondoetorria adierazo eta jardunaldiaren nondik norakoak bertatik bertara jarraitzeko.

Barakaldoko saio honek jarraipena emongo deutso 2022/2023 ikasturteagaz batera martxan hasitako Xare zikloari, izan be, joandako abenduaren 22an proiektuak Gasteizen egin eban geldialdia; hilebete horren beraren hasieran Donostian izan zan; eta, lehenago, urriaren 13an eta 14an, Iruñean atondu eben, Baluarte Jauregian, Sarean Euskeraz izenpean. Barakaldoko hitzordua be kontuan hartuta, danetara, ia 2.700 ikaslerengana heldu da ekimena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu