Zaharbarriztautako zenbait lan garrantzitsu aurkeztu ditue Bilbon
2023-03-28 08:53 KultureaNabarmentzekoak dira Txomin Badiolaren (Bilbao, 1957) piezak.
Iberdrola-Museoa Konserbazino eta Zaharbarritze Programearen helburu nagusiak hiru jarduera-eremutan gauzatzen dira: Bilduma propioa jagon eta zaharbarriztetea, bere osotasun materiala eta jentaurreko erakustaldi egokia ziurtatzeko, eta modu sistematikoan ikertzen laguntzeko. Aplikautako tratamenduek beti barrikuntza eta jasangarritasun-erispideei erantzuten deutse, baita obra bakotxaren berezitasun tekniko eta materialari be. Bigarrenik, beste erakunde eta bilduma batzuek museoari lagatako lanak, gure instalazinoetan aldi baterako erakutsi edo biltegiratzen diranak, konserbauko dirala bermatu nahi da. Azkenik, txikiagoa ez dan beste helburu bat da artelanen konserbazinoagaz eta zaharbattizxteagaz zerikusia daben diziplina museografiko guztietan profesional kualifikatuak trebatzen laguntzea, urtero beka-deialdi bi eginez 2014tik. Esangura horretan, 2022an, Laura Casaus eta Elvira Moratinos bekadunen (2021/2022 bekea) eta Marina Aguiar eta Eva González bekadunen (2022/2023 bekea) laguntzea izan dau programeak.
Helburu horreei eutsiz, 2013tik, Iberdrola-Museoa Programeak ezartzen dauen lankidetzeari esker, konserbazino edo zaharbarrizte-prozesu osoari ekingo jako (aurreko azterketa teknikoak eta apliketako azken esku-hartzeak), museoaren bildumako eta aldi baterako erakusketetan parte hartzen daben jatorri askotako artelanen aukeraketa baten barruan.
Igazko edizioan, aitagarriak dira Karratu solidoa, 2. zenb. instalazinoari (1981) eta Txomin Badiola Dohaintzea osotzen daben lanei aplikautako tratamenduak, bai eta Hermen Anglada Camarasaren (Bartzelona, 1871-Port de Pollença, Mallorca, 1959) Biluzia mahastiaren azpian (c. 1909-1910) eta José Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) Bizi-ekintza. Omenaldia gure arbasoei (1970) margolanei aplikautakoak be; eta Julio Gonzálezek (Bartzelona, 1876-Arcueil, Frantzia, 1942) papelean egindako hainbat teknikaren bidez egindako bost marrazkiren inguruko esku-hartze garrantzitsua.
Txomin Badiola Dohaintzea. Minimalismoa
Karratu solidoa, 2. zenb. lanaren berrargitalpenarekin batera, museoaren bilduman orain 40 urte sartutako Badiolaren instalazino goiztiar bat, artisteak orain dala gitxi emon dituan eskulturen (4) eta marrazkien (18) multzo garrantzitsua. Lau pieza eskultorikoetatik zaharbarriztau dira bi, bilduman sartu egin diralako (Izenbururik gabea, 1979 eta Serie beltza 5. zenb., 1981) eta beste biak (Arkitekturak eta Serie beltza, 8. zenb.) berrargitaratu egin ditu Badiolak. Papel gaineko obra multzo zabalari muntaketa eta markatze barria egin eta kasu bitan (Iturria eta Izenbururik gabea, 1980-1981) zaharbarrizte lan espezifikoa egin da. Lan horreetako batzuk 7. aretoan aurkeztuko dira orain, Iberdrola-Museoa Konserbazino eta Zaharbarrizte Programearen testuinguruan dohaintzearen barri emoten dauen muntaketan. Horrezaz gan, artelan garaikideko lanen berrargitalpenaren, konserbazinoaren egokitzapenaren eta zaharbarrizte-tratamenduaren adibideak erakutsiko dira eta artisteak berak be parte hartuko dau.
Txomin Badiola (Bilbao, 1957)
Euskal Eskultura Barria dalakoaren ordezkarietako bat da, Ángel Bados, Juan Luis Moraza, María Luisa Fernández eta Pello Irazugaz batera. Euskal Herriko Unibersidadean pintura espezialidadean Arte Eder ikasketak amaitu ostean, 80ko hamarkadan eskulturea bihurtu eban arte langintzearen ardatz, Oteizak indartsu eraginda. EAE Euskal Artisten Alkartearen sorreran parte hartu eban, kolektiboan esangura artistiko politikoko ekintzak egiteko. 1986an, Gure Artea saria emon eutsen eta, hurrengo urtean, Delfina Foundation bekea; horrek, aukerea emon eutson Londresen biziten jarteko eta New Yorken gero. Ordutik, egilearen obrak orduko euskal eskulturearen formalismotik bereizi ziran, lan egiteko moduan txertatuz material industrialak, argazkigintzea eta bideo-instalazinoa, izakera narratiboago bategaz. Gaur egun, nazinoartean entzute handiko euskal artistetako bat da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!