Gregorio Solabarrietaren figurea eta ondarea omentzeko erakusketea Bermeon
2026-01-23 09:44 KultureaNestor Basterretxea Aretoan egongo da urtarrilaren 23tik zezeilaren 1era.
Inaugurazino ekitaldia, iluntzeko 19:00retan hasiko da eta Kankinkabara Txistu Taldea eta Bermeo zein Miranda de Ebroko udal ordezkariak izango dira bertan.
Bermeoko Udalak, Kankinkabara Txistu Taldeagazn lankidetzan, Gregorio Solabarrieta musikari bermeotarrari eskainitako erakusketea atondu dau eta helburuak dira Bermeoko ondare kulturala eta identidadea baloretea, udalerriaren nortasuna indartuz eta bere protagonista nabarmenen lana erakustea.
Kankinkabara Txistu Taldeak hainbat musikari bermeotarrek itxitako ondare kulturala batu eta nabarmentzeko lana egiten dau eta oraingo honetan, jatorrian Miranda de Ebron aurkeztutako erakusketea Bermeora ekarri dau, Solabarrietaren figurea eta ekarpena herrira itzuliz. Erakusketa hau, Gregorio Solabarrietaren loba Txutxi Solabarrietak prestau dau.
Erakusketea zezeilaren 1era bitartean egongo da zabalik Néstor Basterretxea Aretoan, 19:00retatik 21:00etara. Gaur, hilak 23, erakusketearen inaugurazino ekitaldi bat egingo da eta hor Kankinkabara Txistu Taldeak aurkezpen labur bat egingo dau erakusketearen testuingurua eta helburuak azaltzeko. Ondoren, Gregorio Solabarrietaren lau kantu interpretauko ditue. Jarraian, erakusketeagaz lotutako bideo baten proiekzinoa eskainiko da eta amaitzeko, bertaratutakoek erakusketea bisitetalo aukerea izango dabe.
Urtarrilaren 23ko inaugurazino ekitaldian egongo dira Bermeoko udal ordezkariakaz batera, Miranda de Ebroko alkate Aitana Hernando Ruiz eta Carlos Díez Javiz kultura zinegotzia, musikariaren ondareak udalerri bien artean izan dauen lotura berezia azpimarratzeko.
Gregorio Solabarrieta, musika-ibilbide oparoa
Sei urte zituanean ekin eutsen musika-ikasketei Santa Eufemia eleizako koruan, Enrique Larrea organista eta maisuaren zuzendaritzapean. Bederatzi urtegaz flautinea joten hasi zan eta handik gitxira klarinetea Bermeoko Udal Musika Bandan. 1913 eta 1916 bitartean Jose Antonio Erauzkin bermeotarraren piano-ikaslea izan zan.
16 urte besterik ez zituala Bilbora joan zan biziten eta Bizkaiko Musika Akademian (egungo Juan Crisostomo Arriaga Konserbatorioa) sartu zan, Jesus Guridiren organo-ikasle legez. Ikasketak amaitu ondoren, 20 urte zituala, Arrasateko Udal Musika Bandako zuzendari izentau eben.
1928an Miranda de Ebroko Udal Musika Bandearen zuzendaritzea hartu eta bertan emon eban bere ibilbide musikalaren zatirik handiena. Bermeotarraren gidaritzapean sortu zituan, besteak beste, Deportivo Mirandes futbol taldearen biribilketea eta A orillas del Ebro jota ezaguna, uriko musikea eta kulturea sustatzen lagunduz.
Haren lanik ospetsuena Kresaletan zarzuelea da, Txomin Agirreren Kresala ohitura-eleberrian oinarritua eta Augustin Zubikarai idazle ondarrutarrak egokitua. Lan hau Solabarrietak berak zuzendu eban Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz batera Ondarroako Alameda Antzokian, Bilboko Arriaga Antzokian eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian.
1965ean erretiroa hartu ebanean, Miranda de Ebroko Orfeoiak eta Udal Musika Bandeak omenaldi hunkigarria eskaini eutsen eta Udalak Uriaren Zidarrezko Dominea emon eutson. Hil ondoren be, Miranda de Ebron maitasun handiz gogoratzen dabe eta, horren erakusgarri, kale bati haren izena ipini eutsen; horrezaz gan, Gregorio Solabarrieta Ganbera Orkestra Gazteak bere ondare musikala omentzen jarraitzen dau.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
