Bihar, hilak 22, Developpe Jantza Nazinoarteko II. Lehiaketea hasiko da
2026-01-21 12:09 Kulturea300 jantzari baino gehiago izango dira BBK Salan.

Bilboko BBK Sala, eguenetik domekera, Developpe Jantza Nazinoarteko II. Lehiaketea hartuko dau. Developpe Jantza Alkarteak atontzen dau, ondoko honeen laguntzeagaz: BBK, Bilboko Udala eta Bizkaiko Foru Aldundia. Guztira, 300 parte-hartzaile baino gehiago batuko ditu asteburuan, Euskaditik eta Nafarroatik etorritakoak, baita Estatuko hainbat tokitatik be. Partaide-kopuruak erakusten dau 2025eko hasiera-edizinoan baino % 10 izen-emote gehiago izango dirala.
Lehiaketearen helburua da jantza klasikoko gazte talentudunak (10 eta 19 urte bitartekoak) topetea eta ibilbidea bultzatzen laguntzea. Horretarako, 12.000 euro banatuko dira sarietan, baita beka eta prestakuntza-egonaldi ugari be nazinoarteko zentroetan.
Kategoria guztiak jenteari edegita egongo dira: nagusiak, indibudualak (umeak, juniorrak eta nagusiak, edadearen arabera banatuta) eta taldekakoak (euskal jantzea eta estilo librea). Lifar Saria, barriz, ateak zatarratuta izango da. Kategoria horretan 12 partaidek emon dabe izena eta Lifar Alkarteko presidente Charles Jude izango da epaimahaikidea. Gainerako kategoriei jagokonez, nazinoarteko ondoko epaimahaikide honeek izango dira: Jude bera, Muriel Romero, Leire Ortueta, Mónica Zamora eta Mikel Gonzalez Pujana. Jantzan espezializautako O.R. Studioko argazkilari frantsesek beste sari bat emongo dabe Irudi Eszeniko Onenari.
Betalde, hiru masterclass atondu ditue. Ballet klasikoari eskainia eta ospe handiko personek emongo ditue: barikuan, hilak 23 (12:00) eta zapatuan, hilak 24 (11:00), Oleg Rogachev izango da; eta, domekan, hilak 25 (11:00), Stéphanie Roublotek zarratuko dau zikloa BBK Salan.
Kontuak kontu, sari-banaketea urtarrilaren 25ean izango da, arratsaldeko 17:30ean, doban. Lander Otaola eta Oizeder Mayo antzezleek aurkeztuko dabe ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!
