Rune Stefansson kazetari eta idazle daniarra Bilbon izango da urtarrilaren 28an

Bizkaie! 2026-01-22 08:54   Kulturea

Groenlandiaren kontra AEBen mehatxuari buruzko jardunaldian.



Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak Gaurkotasunarekin Topaketak zikloaren 2026ko lehen emonaldia hartuko dau urtarrilaren 28an, eguaztenean, iluntzeko 19:00retan. Jardunaldia, Groenlandia AEBren jomugan - Zer nahi dau Donald Trumpek bere mehatxuakaz? izenburupean, Mikel Reparazek moderauko dau, eta bertan Rune Stefansson Bilbon bizi dan kazetari eta idazle daniarrak parte hartuko dau, Danimarkan, Groenlandiaren parte dan herrialdean, bizi daben gai korapilatsuaren aurreko ikuspegia eskainiz.

Sarrera librea da lekua bete arte. Ezin bada bertaratu, jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da.

Donald Trumpek azpimarratu dauenez, Groenlandia behar dogu eta munduko ugarterik handiena eskuratuko dot, zuzenbidez edo bidebarik. AEBetako presidentearen mehatxuek Kopenhageko Gobernua eta Europako kideak mobiduarazo ditue lurraldearen defentsan, oraindino Danimarkako Erresumaren kontrolpean dagoana. Baina, zer nahi dau benetan Trumpek? Zein da Groenlandiaren etorkizuna, bertako baliabide naturalena eta biztanlena? Inbasino militarrik izango ete da? (oraingoz holakorik ez dauela egingo zehaztu dau).

Mikel Reparazek Rune Steffanson idazle daniarragaz berba egingo dau Groenlandia eta Danimarkaren inguruko gaurkotasunaz, baina baita Artikoko lurraldearen historiaz eta aberastasunez be.

Rune Stefansson

Kopenhagen jaio zan 1971. urtean eta Bilbon bizi da 2017tik. Kopenhageko Unibersidadean Literatura Konparatuko master bat egin eban. Fikzinozko lanak idazten ditu eta kazetari eta freelance editore be badabil. Stefanssonen lehen liburua 1998an argitaratu eben Tiderne Skifterre argitaletxean. Hego Amerikako kazetaritza-erretratua da, Sydamerikas sjæl – reportage og interview. Krimenei buruzko audio eta e-book saio ospetsu baten egilea da, Vidnerne izenekoa. Byens Forlag argitaletxeagaz sei liburu argitaratu ditu: Natskrig ipuin-bilduma (2020), Korsborg polizia-eleberria (2019) eta Marcelo Krankl protagonista daben polizia-eleberriak. European Dictators podcast saiorako gidoia idatzi barri dau eta laster ingelesera eta beste hizkuntza batzuetara itzultzea espero da.

Mikel Reparaz

Nazinoarteko gaietako zuzendaria da ETBn eta Informazino Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibersidadean (UNAV). Euskaldunon Egunkaria eta Diario de Noticias egunkarietan ekin eutson ibilbide profesionalari eta urte batzuk aurrerago Bruselara joan zan korresponsal lanak egiteko. Era berean , ordezkari berezia izan da hainbat herrialdetan, besteak beste, informazino politikoa eta gatazka belikoak zabaltzeko. Reparaz bost urtez egon da EITBrentzat lanean AEBetan, 2013tik eta 2020tik.

Era berean, Las grietas de América: Bajo la piel de un país dividido filmak Euskadi Literatura Saria jaso eban 2021ean.

 

Bidebarrieta Kulturgunea Bidebarrietako Liburutegiak kulturea zabaltzeko gunea da eta literaturea, ezagutzak eta dibulgazino zientifikoa sustatzea ditu helburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu