Bizkaiak Foru Barriaren 500 urteak ospatu ditu

Bizkaie! 2026-01-20 08:00   Kulturea

Lurralde Historikoaren nortasuna eta autogobernua definidu eban testua.

Foru Barriaren V. Mendeurrena ospatzea lehen mailako jazoerea da. Ospakizuna aukera parebakoa da foru-erakundeen historiari balioa emoteko, herritarrei Foruaren esangurea hurreratzeko eta askatasun historikoek Bizkaiko bizitza politiko eta sozialean euren errastua zelan itxi daben erakusteko.

Gernikako Batzar Etxean egindako aurkezpen-prentsaurrekoan, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeko buruak eta Gregorio Monrealek, legelari eta unibersidadeko irakasleak, parte hartu dabe. Ekitaldi horretan azpimarratu zan Foru Barriak gure lurraldeko foru-erregimenaren funtsezko oinarriak finkatu zituala eta garai modernoko Bizkaiko lege-moltso garrantzitsuena dala.

Elixabete Etxanobek azpimarratu ebanez, Bizkaiko Foru Barriaren bosgarren mendeurrena azpimarratu, nabarmendu eta ospatu beharreko jazoerea zan: arrazoi bi nabarmenduko dodaz hori justifiketako: bat, bostehun urte gogoan hartzekoak dira, halanda ze, aitatzeko moduko denpora-tarte luzea da; eta bi, Foru Barria, aparteko garrantzia dauen testu juridikoa izan dala (eta dala) Bizkaiko erakunde foralen moldakuntzan, bizkaitarron arteko alkarbizitearen arauketan eta gure identidade politikoaren osoketan. Foru Barriari balioa emoteko esparruan, Unescoren Gizateriaren Ondarearen Erregistroan sartzea kudeatzeko aukerea aztertzen gagoz.

Bestetik, Ana Otadui Biterik adierazo ebanez, Foruak Bizkaiko autogobernuaren sistema historiko eta tradizionala dira, gure nortasuna, ituna, poderearen mugaketea eta eskubideen bermea oinarri dituala. Foru Barriak esangura berezia dauka Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen ikuspegitik. Ez bakarrik eurak izan ziralako 1526an onartu ebenak, baita erakundearen gaur egungo funzinoa be hortik datorrelako, Bizkaiko herritarren ordezkariek Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundean eztabaidatzen, berbatzen eta onartzen ditue-eta lurralderako arauak. 

Gregorio Monrealek ondokoa esan dau: sistema politiko propioaren muna bizkaitarrek Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundearen eta haren organo delegatuen, Erregimenduaren eta Diputazino Nagusiaren ordezkaritza-batzarraren bidez euren kabuz gobernetako eben eskubidean egozan.

Foru Barrian jasotako printzipioen espiritu historikoa eta indarra era oso argian jasoten dira Izan zirelako gara leloan, Foru Barriaren jarraipena eta horrek Bizkaiaren nortasunean eta autogobernuan gaur egunera arte izandako eragina gogorazoten dauena.

Foru Barriaren historia

Bizkaiko Batzar Nagusiak erakundeak 1526an onartu eban Foru Barria, ondoren, Karlos I.a enperadoreak 1527an berretsiz. Testu horrek Bizkaiko zuzenbidea bera eguneratu eban, ohituratik datozen erabileretan, zintzotasunetan eta askatasunetan oinarritutako autogobernu-sistema bakarra sendotuz.

1526ko erreformeak erabilten ez ziran arauak ezabatu eta garaira egokitutako xedapen barriak txertatu zituan, XIX. mendearen amaierara arte indarrean egon zan eredu aurreratua finkatuz. Mugarri historiko honek foru-erakundearen barrikuntza eta bardintasunean, askatasunen babesean, itun instituzinonalean eta nortasun kolektiboan sendotzean oinarritutako gizartearen eraikuntzea islatzen ditu.

Azken bost mendeetan printzipio horreek errastu sakona itxi dabe Bizkaiko herritarrakan eta kultura politikoan. Kaparetasun unibersalak, betebehar militarren mugak, atxiloketa arbitrarioei aurre egiteko askatasunak eta eskubide ekonomiko eta sozialen erregulazinoak oso argi erakusten dabe, 500 urte bete arren, edukia izugarri aurreratua izan zala garai haretarako. Gaur egun Foru Barriak autogobernuaren oinarri eta etorkizuneko eguneraketetarako potentzialeko erreferente izaten jarraitzen dau.

Jarduerak

Ekitaldi akademiko, instituzional eta kultural ugari atondu dira. Jarduera horreen helburua Foruaren inportantzia historikoa eta garaikidea herritarrei hurreratzea da.

Aste honetan 1512ko Bizkaiko Foru Barri edo Erreformatuaren onarpenaren 500. urteurrena sinposioa atondu dabe Hitzaldi Aretoan, Iura Vasconiae Fundazinoaren eskutik.

Beste alde batetik, zemendian Euskararen garrantzia Foruan jardunaldia atonduko da eta hilabete horretan bertan Bizkaiko foru-erakunde zibil eta publikoei buruzko jardunaldiak egongo dira.

Era berean, EHUren udako ikastaroak nabarmentzen dira, Bizkaiko Foruak Europako askatasunaren historian dauen garrantzia ardatz hartuta; ikastaro horreek bagilean izango dira. Bestalde, udagoienean egingo dan kale-ikuskizun antzeztu ibiltariaren barri emon da, baita Ahaldun Nagusiaren eta Batzar Nagusiak erakundeko buruaren parte-hartzeagaz urte amaieran Gernikan egingo dan Osoko Bilkura Txikiarena be.

Aurreikusitako programazinoaren beste mugarri garrantzitsu batzuk izango dira Batzar Etxean ekitaldi instituzionala egitea, Euskadiko agintari gorenak bertan dirala eta, azken ekitaldi bezela Foru Barriaren jarraipena sinbolizetan dauen Gernikako Arbolaren kimua landatzea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu