Aurtengo Sarituak Xabier Paya eta Pedro Zabalza izan dira

Bizkaie! 2026-01-21 10:02   Kulturea

2025eko Cafe Bar Bilbao – Tartean Teatroa Laburreko Gidoien XXIII. sariketan.

Ezkerretik eskumara: Pedro Zabalza López eta Xabier Paya Ruiz. | Ikusi handiago | Argazki originala



Sarietako 23. edizino honetan, guztira 24 gidoi aurkeztu dira: 14 gaztelaniaz eta 10 euskeraz.

Epaimahaia: Patxo Telleria, Getari Etxegarai, Jokin Oregi eta Mikel Martinez.

Sari bakotxeko irabazleak 800 euro jasoko ditu.

Sarituak

  • Euskerazko Saria: Ganbarako Lana, Xabier Paya Ruiz.
  • Gaztelaniazko Saria: Natalia. Pedro Zabalza López.

Antzezlan Sarituak Café Bar Bilbao eta Tartean-Teatroren webgunetan publikauko dira.

Gidoi sarituek Pabellon 6 Antzerki Laburreko Jardunaldietan taularatzeko aukerea be izango dabe, bateren batek antzezlana produzidu nahiko baleu. Café Bar Bilbao-Tartean Teatroak laguntza bat eskainiko dau (600 euro) saritutako lan bat (euskerazkoa edo gaztelaniazkoa) Jardunaldi horreetan estreinau eta publiko aurrean erakutsi ahal izateko.

Bestetik, Xabier Paya Ruizen Ganbarako Lana antzezlanaren irakurketa dramatizatua egingo da Lautan Hiru Bilboko Zazpi Kaleetako Antzerki Laburreko Jaialdian, datorren zezeilaren 26an, Café Bar Bilbaon.

Cafe Bar Bilbao – Tartean Teatroa sariaren helburuetako bat dramaturgoen lana bultzatu eta laguntzea da eta, egile barriak edo ez hain saiatuak erakarteko asmoz, formato txikira egokitzen diran antzezlanak saritzen dira, beharrizan tekniko txikikoak eta produkzino, muntaia eta banaketa errazekoak. Bide luzea egina dau Sari honek, 2002 urtetik hona, eta idazle eta dramaturgo ugarik jaso dabe dagoeneko merezidutako autortzea, besteak beste, Arantxa Iturbe, Lutxo Egia, Pako Aristi, Imanol Ituño de Miguel, Teresa Calo, Gaizka Sarasola, Mikel Mikeo, Fredi Paia, Idoia Garzes, Galder Perez, Txema Trujillo, Aizpea Goenaga eta Iñaki Cid.

Euskerazko Saria

Xabier Paya Ruiz (Bilbo, 1982) bertsolari, itzultzaile eta gidoilari euskalduna da. Antzerki lan ugari itzulitakoa da, bai: Desio izeneko Tranbia (A Streetcar named Desire) eta Bizitza amets (La vida es sueño), besteak beste. Dramaturgia eta gidoigintzan honako lan hauek saritu deutse: Beste Behin Batean (Iruñeko Antzerki Eskolako Haur Testuen Lehiaketa), Erga Tibo Pum (Lezoko Antzerki Testu Laburren I. Lehiaketa) eta De Rigor Mortis (Audiogile Barriak).

Ganbarako Lana bertsolari baten buruaren barruan jazotako antzezlana da, hain zuzen be, 2001eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finaleko kartzelako lanean. Bere barruko ahotsen eztabaidea entzungo dogu bertso bakotxa kantau aurre4k. Zer kanteta dogu oholtzan... eta zer isiltzen dogu handik bajaukeran? Bertsoa, antzerkia eta egia gordina taula gainean.

Gaztelaniazko Saria

Pedro Zabalza López (Iruña, 1970) erizaina eta kazetaria da. Idazketarako zaletasuna eta antzerkirako pasinoa ditu eta bere testu bi estreinau ditu Iruñeko Gayarre Antzokian: Virtual (2009) eta Gigante (2014). Azken hori Gayarre Antzokiak atondutako San Ferminetako Jaiak gai hartzen dituan Antzerki Testuen 4. Lehiaketea irabazi ondoren taularatu eben. Gainera, Ochomil lanagaz 2011n Café Bar Bilbao Antzerki Laburraren Saria irabazi eta 2024an II. Antzerki Testu Laburren Lehiaketako finalistea izan zan Cash lanagaz. Idazketa dramatikotk kanpo, Perder (La memoria) ipuinagaz. Lehen saria eskuratu eban Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak atonutako “Navarra Deporte” kontakizun-lehiaketan (2001) eta, era berean, mikrokontakizunen hainbat lehiaketa irabazi ditu: Renfek atondutako El tren y el viaje lehiaketea, Otro testuagaz (2010); San Ferminetako Mikrokontakizunen Nazinoarteko X. Lehiaketea, Post-pravda lanagaz (2018); eta UPNAk atondutako Arte e IA lehiaketea, Dibújame mikrokontakizunagaz (2025).

Natalia gaztelaniazko testu irabazlearen protagonistea neska gazte erakargarri bat da (edo ez). Hugo gizon heldu bat da (edo ez). Nataliak eta Hugok berba egiten dabe eta alkarrizketa hor mundua bezain zaharra da: emakume atsegin (edo ez) bat, bere kezkez gainezka dagoan gizon bategaz verba egiten (edo akaso ez). Betiko beharrak, gaur egungo teknologiaren formaka eta horreen azpian beti modatik pasetan ez dan botere-joko baten taupadea. Natalia obrearen munduan gauzak ez dira emoten dabena lakoak baina benetako gauza bakarra bakardadearen eta galerearen mina danean, gitxi ardura deutso zenbat egia dagoan konsolamendua emoten deuskun horretan. Ahultasunaren eta arreta-beharraren itxurapean, personjeek beren sentimenduak ezkutatzen ditue eta alkarri tranpak jarten deutsee hilgarria izan daitekeen joko batean, baina jokatu beharrekoa dana.

Epaimahaia: PatxoTelleria, Getari Etxegarai, Kin Oregi, Mikel Martinez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu