Ortube, Euskadin bizirik dagozan neurri handiko azken hiru ontzietako bat da
2023-03-28 08:20 KultureaXX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide nabarmena da.
Bermeoko alkateak, Aritz Abaroak; Euskera, Kultura eta Kiroleko foru diputaduak, Lorea Bilbao Ibarrak; BizkaiKOAako zuzendari kudeatzaileak, Asier Madarietak; Ortube Ontziaren Lagun Alkarteko presidenteak, Juan Andrés Diez de Ulzurrunek; eta Itsasmuseumeko zuzendariak, Jon Ruigomezek, lankidetza-hitzarmena sinatu dabe Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharbarritze-proiektua landu eta gauzatzeko.
Ortube, Bermeoko Udalaren jaubetzakoa, Euskadin bizirik dirauen, XX. mendean Bizkaian izandako eraikuntza-garapenaren adibide eta gaur egungo Bermeo bere arrantza-joanagaz ainguratzeko elementuan dan neurri handiko egurrezko azken hiru ontzietako bat da. Hori dala eta, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasontzian egingo diran zaharbarritze-lanen zati bat finantzietan lagunduko dau eta urte bitan indarrean egongo dan hitzarmen honen bidez laguntzen jarraituko dau, Ortube arrantza-ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharbarritze-proiektua bultzatuz, ontziak nabgagarritasun-baldintzak berreskuratu daizan.
Foru Erakundeak 190.000 euroko inbersinoa egin dau ontzian egindako zaharbarritze-lanen zati bat finantzietako, Ortube arrantza-ontziaren ondarea konserbetan laguntzeko.
Bermeoko Udalak Ortube ontzia berreskuratzeko eta zabaltzeko zaharbarritze-proiektuaren administrazino eta aurrekontu-kudeaketa guztia egingo dau. Aritz Abaroa Bermeoko alkateak azaldu dauenez, udalerria eta bere garapen sozial zein ekonomikoa betidanik egon dira itsasoari lortuta eta Ortubek ibilbide hori ordezkatzen dau. Abaroak azaldu dauenez, gure izana eta izena hain zuzen be'. Esangura horretan ekimen hau oso garrantzitsua da historiari balioa emonez gure etorkizuna eregiteko oinarri sendoak finkatzen jarraitzen dogulako. Hitzarmen honi esker bolondresek urte luzez Ortube berreskuratzeko egin daben lan bikaina autortu eta eskertu gura dogu eta zelan ez, gure ondare material eta immateriala berreskuratzen jarraitzeko alkarlana bermatuko dogu.
Lorea Bilbao Ibarra Euskara, Kultura eta Kirol diputaduak nabarmendu dauenez, 2018an hasi ginan ontzi horren mantentze-lanak egiten, Aldundiaren lana be badalako hori, gure eginbeharra da ondarea jagotea, Kasu honetan, itsas ondarea. Bilbao Ibarrak azpimarratu dauenez, hitzarmenak urte biko epea aurreikusten dau eta Ortuben egin diran berreskuratze-lanen azken fasea amaitzea dau helburu. Ortube ontzia berreskuratzeak zelakoak ginan gogorarazoko deusku baina herri eta lurralde moduan eboluzionetako, hobetzeko eta egokitzeko gaitasuna be erakutsiko deusku.
Itsasmuseumek, bestalde, zaharbarritze-lanen zuzendaritza teknikoa egingo dau Erainen, museoaren erriberako arotzeriaren ezagutza-poloaren bitartez. Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera 2015ean martxan jarritako ekimen estrategikoa da eta Bizkaian hazten eta sendotzen joan da. Horren bidez, Itsasmuseumek proiektuaren zerbitzura jarten ditu zaharbarritze akademikoaren erispide teknikoak, erriberako arotzeria tradizionalean urteetan eskuratutako ezagutzak eta diziplina askotako giza taldea, urte askotako ibilbidea dauena esparru eta sektore ugaritan.
Museoak hainbat proiektutan laguntzen dau eten barik eta Bizkaiko itsas kulturea eta ondarea babesteko eta zabaltzeko eginkizunagaz bat datoz. Jon Ruigomez zuzendariaren ustez, proiektu honeek aukerea dira urteek sortutako ezagutzak praktikan jarri eta kopartiduteko baina, batez be, gure itsas historiaren inguruan ikasten eta lankidetza-sare bat eregite jarraitzeko aukerea emoten deusku.
Itsasmuseumek arrantza-ontziak zaharbarritzeko proiektua eta arrantza-ontziak mantentzeko plana idatziko ditu eta helburuak eta ekintza zehaztuko ditu.
Azken buruan, Ortube alkarteak gauzatuko ditu arrantza-ontzia berreskuratzeko ekintzak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!