'Itun politiko eta sozial sendoa behar da euskerearen alde

Bizkaie! 2023-03-24 12:39   Euskerea berbagai

Askotariko eragile sozial eta politikoakaz alkarrizketa errondea hasiko dau Kontseiluak.

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dogun erakundeok arduraz bizi dogu behin eta barriro euskerearen bizibarritzea helburu daben neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak. Epaitik epaira kezka hori gero eta larriagoa da: Batetik, epaileak dabizelako de facto hizkuntza-politika egiten, botere legegileari bere lekua ebatsita eta, azken buruan, herritarren borondateari gaina hartuta. Ez daigun ahaztu plazaratu barri dan VII. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Euskal Autonomi Erkidegoan –azken epai horreen eragin eremuan–, lau biztanletik hiruk uste dabela euskeraz jakin behar dala administrazinoan lan egiteko, hau da, epai horreek balio barik ixten dabizen neurriak adostasun zabal baten gainean eregitakoak dira.

Bestetik, epai horreen guztien ondorioa da milaka herritarren eskubideak urratzen dirala, hau da, herritartasuna gauzatzeko gunerik nagusienean, administrazinoaren aurreko hartu-emonetan ukatu egiten jakela euskeraz hartuak izatea. Ukatze horrek eragin handia dauka milaka herritar horreen eguneroko bizimoduko arlo askotan. Era berean, administrazinoko milaka langileren eskubideak urratzen ditu, euskeraz lan egiteko aukerea eta eskubidea galarazoten baiteutse.

Alde horretatik, nabarmentzekoa da epai horreek guztiak lotzen dituan haria premisa faltsu bat dala: Lan eskubideak eta hizkuntza-eskubideak kontrajartea, izan be, oldarraldi honi erantzunez epaien jomugan izandako langileen protestek agirian itxi daben legez, eskubideak dira, ezelan be ez kontrajarriak.

Euskalgintzearen Kontseilua osatzen dugun erakundeok ikusten dogu Euskal Herriko hiru eremu administratiboetan indartzen dagoan jokera bat dalako eta, aldi berean, Euskal Herritik harago Espainiako eta Frantziako beste hizkuntza gitxituen eremuetan be jazoten dalako.

Larritasun honen aurrean erantzuteko eskaria jaso dogu jendartetik. Urte hasieran aurreratu bezela protokolo bat lantzen gabiz oldarraldi honi erantzuteko behar diran tresnak herritarren esku jarteko. Edozelan be, oldarraldiari erantzuteko biderik egoki eta eraginkorrena adostasun sozial eta politikoetan sakontzea da Kontseiluak adierazo dauenez; olatu erreakzionarioari aurre egingo deutson itun politiko eta sozial bat helburu, olatu erreakzionarioari eusteko, aurrera salto egin eta euskerearen bizibarritzeak egungo erronkei erantzuteko moduko hizkuntza-politika sendoak jasoko dituan itun politiko eta soziala behar da. Bide horretan, askotariko eragile sozial eta politikoakaz alkarrizketa errondea hasiko dau Kontseiluak.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu