Maite Gonzalez: 'Antzerkia da nire bizipoza'
2023-03-27 07:55 BarriketanPabilioi 6ko komunikazino-arduraduna.
Bilboko Zorrotzaurren, Pabilioi 6, Arte Eszenikoak sustatzeko asmoz sortutako espazioan makinatxu bat obra eta bestelako jarduerakaz gozetako aukerea izateaz gan, 2014ko urtarrilean lehenengo Antzerki Arina jardunaldiak egin ziran. Lehenengo urtean edizino bi egin ziran baina bigarren urtetik aurrera, urteroko hitzordua finkatu zen, udaberriagaz eta Aste Santuagaz batera. Publikoak eta antzezleek hain maite dituen jardunaldion hamargarren edizinoa martiaren 17tik apirilaren 9ra dago martxan.
1.- Antzerkiaren Nazinoarteko Eguna da gaur, martiak 27. Gogoetarik eragiten deutsu egunak?
Bai. Antzerkia da nire bizipoza. Ez naz antzezlea, ezta zuzendaria be baina ikusle moduan be berezia da egun hau. Antzokietara joan eta antzezlanetan bizitakoak bueltaka dabiz beti nire buruan baina egun honetan berpiztu edo egiten dira eta gozau egiten dot.
Urtero mezua idazten dau antzerkiagaz lotutako artistaren batek eta aurten Samiha Ayoub antzezle egipziarrak idatzi dau; idatzi horretatik nik ondokoa nabarmenduko neuke: artistek (antzezle, zuzendari, dramaturgo, eszenografoa...) zeozer erreala sortzen dogu eta beste aldean bateren bat egotea (publikoa) sentidutea da giltza, bizi deiela, babestu deiela ze antzerkia publiko barik ez da ezer...
2.- Noiztik zabiz Pabilioi 6 Aretoan? Zeintzuk dira zure zereginak?
Badaroadaz urte batzuk. Orain urte batzuk sortu zan Pabilioi 6, hamairu bat lagun izan ziran lehenengo pausuak emon zituenak eta neu be kasik hasieratik nago proiektuan. Komunikazino-arduraduna naz, sare sozialak eta webgunea kudeatzen dodaz eta txarteldegian be egoten naz, oso pozik ze bisitariakaz zein antzezlanak ikusten datozenakaz lehenengo hartu-emonak neugaz egiten ditue eta obrak ikusi osteko erreazinoak, eretxiak eta entzutea asko gustetan jat, publikoa ezagutzea oso inportantea da.
3.- Pabilioi 6 Zorrotzaurren dago, 2011. urtean sortu zan antzerkia sustatu eta artistentzako erdigune aproposa izango zalakoan. Helburak bete dira?
Bai. Hamar urte joan dira eta di-da pasau jakuz, seinale ona da hori; holako ibilbide emonkor eta aberatsik ez genduan espero. Hasieran gogotsu ibiltea normala da baina, gorabeherak gorabehera, aurrera egitea, Paibilioi 6 Aretoari eustea, jarraitzea oso positiboa da. Ibilbide horretan Gazte Konpainia be sortu genduan eta produkzino propioak jorratzen, gurera hurreratzen jakuzan aktore ez ezagunak trebatzen be esperientzia aberasgarriak bizi izan doguz.
Gazte Konpainiari jagokonez, Komedia madarikatua/Divina tragedia estreinau dau aurten Gazte Konpainiak. Saioa Irribarren da zuzendaria eta antzezleak, barriz, Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sánchez eta Aitzol Villahoz Prieto. Euskeraz eta gaztelaniaz ibili dira ea jenteari asko gustau jako.
4.- Mariví Bilbao bilbotarrak inaugurau eban, atara kontuak...
Marivi Bilbao ezagutzeko aukerea izan neban eta gogoan daukat erretzaile amorratua zala. Gure ambigu edo taberna modukoan arbeltxua daukagu eta hor inaugurazinoko erretratuak, pertsonaia ospetsuen esaldiak eta holakoak jasoteko lekua eta hor Marivi Bilbaok idatzitako hau dago: El pecado es muy bueno, te salva e todo... Holakoa zan Marivi.
5.- Sortzaileen artean, Ramon Barea nabarmendu behar da baina Ander Lipus, Blanca Arrieta, Borja Ruiz, Irene Bau, Jose Urrejola, Jose Ibarrola, José Montero, Matxalen Bilbao, Nagore Navarro, Nuria M. Cres, Pako Revueltas eta Patxo Telleria be ez doguz ahaztuko...
Zeresan handia izan eben sorreran eta ezagunak danak edo pare bat edo hiru bai, besteak beste, Ander Lipus, Patxo Telleria, Borja Ruiz eta Ramon Barea, akaso, oso ezaguna da, Pabilioi 6 Aretoaren sortzaileetakoa, ehundazak film luze eta labur piloa egin dituana, Comicos de la legua eta Karraka sortu zituana, 2023ko Goya sariotan izentautakoa...
6.- Gaur egun bazkide izateko aukerarik badago?
Bai. Lehenengo urtean proiektuari bultzada berezia emoteko crowfunding lako kanpaina bat atondu eben proiektua bultzatu gura ebenentzako 150 euro pagau eta jarleku bat erosteko eta urtean zehar eskaintzen ziran antzezlanak ikusteko.
Aurrerago bazkide sortzaileak batu ziran eta aitatu kanpaineak izandako erantzun bikainari jarraipena emotea zala onena berbatu eben. Bigarren urtetik hona bazkide mueta bi dagoz: Bazkide Akzinoa, proiektuan oso inplikatua dagoana eta Bazkide Kolaboratzaileak, barriz, kuota bat ordaintzen dabe eta deskontuak eta izaten ditue antzezlanak eta ikusteko.
Ganerakoan, publikoa be bazkide dala nabarmenduko deutsut, izan be, ikusle bat emonaldi bakarrera etorri arren, bazkide legez etorten da ze hau alkarte bat da eta, beraz, hurreratzen jakuzan danak bazkide dira, sarrerarik ordindu ez arren, ekarpena egiten dauelako.
7.- X. Antzerki Arina jardunaldiak apirilaren 9an amaituko dira. Aurkeztutako lanen artean euskeraz egindakoak be egoten dira eta Kriselu sari berezia dago euskerazko lanik onena saritzeko. Aurten?
Oarin hamar urte Alex Angulo saria baino ez genduan emoten baina urtetik urtera euskerazko lanak be baetozala ikusita, zeozelan saria beharko ebela pentsau ostean, hor etorri zan Kriseilu Saria, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesari esker euskerazko lanik onena saritzeko. Aurten euskerazko lau antzezlan dagoz: Pastatxo bat?, Fikziohesioa, Duzhe Dobre eta Hamalau.
Emongo doguzan sariak ondokoak dira: Alex Angulo Saria antzezlan onenari (Bilboko Udalaren Kultura Sailaren dirulaguntzinoari esker), Kriselu Saria euskerazko lan onenari (Bizkaiko Foru Aldundiaren dirulaguntzinoagaz), Café Bar Bilbao – Tartean Teatroa Sari berezia, produkzinorako laguntzea, Antzezle Onenaren Saria Pabilioi 6 Antzerki Laborategiaren eskutik eta Publikoaren Saria.
8.- Hamar urteotan ikusitakoak ikusita, zein da zure balantzea?
Ona. Hamar urteotan, 130 pieza baino gehiago ikusi ahal izan dira eta horreetatik 90 estreinaubakoak izan dira, jardunaldietarako sortuak; 19 konbidadu eta euskerazko 24 antzezlan. Horreek datuok erakusten dabe Antzerki Arina jardunaldien indarra.
Jardunaldiak Pabilioi 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Alkarteak sustatzen ditu, Bilboko Udaleko Kultura Arloaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Café Bilbao / Tartean Teatroaren eta Pabilioi 6 Antzerki Laborategiaren laguntzeari esker.
9.- Pabilioi 6 eta Gazte Konpainia be badagoz. Produkzino propioak be egiten dozuez?
Helburua da arte eszenikoak sustatzea eta zeregin horretan olgetea, antzestea da errezetarik onena. Obra batzuk egin eta konpainien deiaren zain egotea ez dau inork gura eta, beraz, norberak egin behar dau publizidadea. Inportanteena da artistek leku bat eukitea sortzeko, esperimentuak egiteko eta hori eskainten dau Pabilioi 6 Aretoak.
Gazte Konpainiari jagokonez, Komedia Madarikatua/Divina Tragedia estreinau dabe aurten; Saioa Irribarren da zuzendaria eta antzezleak honako honeek: Silvia Larrauri de Miguel, Luix Mitxelena Mitxelena, Andrea Mora Ahedo, Uxue Fuertes Vega, Ziggy Docherty Sánchez eta Aitzol Villahoz Prieto. Ikusleen erantzuna sekulakoa izan da.
10.- Zorionak 10 urte egin dozuezalako baina hemendik aurrera zeintzuk dira erronkak?
Pozik gagoz urte honeetan guztietan egindakoaz eta aurrera egitea, jentea erakartea eta antzerkizaleentzako produktu interesgarriak ekartea ona izango da. Gizartean antzerkia indartsu dagoala pentsetan dot baina gauza asko dagoz egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!