Rick Estrin munduko armonikajole onenetakoa Bilbon izango da

Bizkaie! 2023-03-22 13:40   Musikea

Garagarrilaren 28tik 30era egingo dan entzute handiko II. Bilbao Blues Jaialdian saria jasoko dau. 

Bilboko Udalaren babesari esker, doban izango dira kontzertuak Bilboko Arenalean. Hemengo eta kanpoko taldeak izango dira, besteak beste, Rick Estrin & The Nightcats, The Cinelli Brothers, The Big Flyers, Koko-Jean and The Tonics, Los Mambo Jambo Arkestra eta Mr. Sipp.

Jaialdiak lehenengo urtean erakarri zituan 65.000 persona horreentzat zein hurreratu gura daben guztientzako bigarren edizinoa egitea nahitaezkoa zan. Ekitaldi honetan ez dira faltauko blues musikari bikainak, jarduerak, aire zabalekoak zein edade guztietako personentzako eskaintzea.

Jenteari blues eta antzeko musikak (swing, jump blues, west coast) barrubatuko dituan programea eskaini nahi deutsagu, zuzeneko ikusgarriak tarteko dirala azpimarratu dau Carlos Malles jaialdiko zuzendariak.

Bigarren Bilbao Blues Festivalaren sariduna Rick Estrin (Kalifornia, 1949) bluesaren armonikajolea eta abeslaria izango da: Pozik gagoz aurten Estrini txapela eskainiko deutsagulako. Bluesaren mosu-gitarrajoleen historiako dagoan maisua da. Ondo merezidutako autortzea eta berak jakinarazo deusku pozik dagoala nabarmendu dau Mallesek.

Ibilbide luzean, Estrin XX. mendeko bigarren erdialdeko artista garrantzitsuakaz lankidetzan ibili da, besteak beste, Windy City Johnny Young, Eddie Taylor, Sam Lay, John Littlejohn, Koko Taylor, John Hammond, Robert Cray eta Muddy Watersegaz. 1976an Little Charlie & The Nightcats taldea sortu eban Charlie Baty gitarristea, Lorenzo Farrell bajua eta J. Hansen bateriagaz batera. 2008. urtean Baty erretirau zanean, Rick Estrin & The Nightcats sortu eban eta Urteko Bandearen Blues Music Award preziatua irabazi eben 2018ko eta 2021eko edizinoetan.

Kontuak kontu, Bilbao Blues Festivalen sustatzailea dan Crazy Blues erakundeak nazinoarteko sari nagusiak jaso ditu genero musikal honen bultzadeari jagokonez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu