Bizikidetzearen kulturearen alde

Bizkaie! 2023-03-21 11:03   Kulturea

Arraza Diskriminazinoa Ezabatzeko Nazinoarteko Eguneko konpromisoa.

Amaia Agirre Getxoko alkatea eta Carmen Díaz, Gizarte Kohesinoko zinegotzia. | Ikusi handiago | Argazki originala

Bizikidetzearen kulturearen alde lan egitea da Getxoko Udalak aurten be berresten dauen konpromisoa, gaur, martiaren 21ean, Arraza Diskriminazinoa Ezabatzeko Nazinoarteko Eguna ospatzean, Migrazinorako Euskal Itun Sozialari atxikitzean adierazotakoarekin bat etorriz: Gaurko egunean berretsi nahi dogu 2021ean Migrazinorako Euskal Itun Sozialari atxikimenduan adierazotako konpromisoa alkarbizitzarako kulturearen alde lan egiteko, giza-eskubideen eta bardintasunaren defentsan oinarrituta. Getxo herri abegikorra da, aniztasuna aberastasun sozial legez baloretan dauena. Baina zoritxarrez, diskurso populista boteretsuak ugaritzen doaz mundu osoan, bizikidetzeari eta gizarte-kohesinoari traba egiten deutsenak. Horregatik, gogoratu nahi dagu Getxoko Zurrumurruen Aurkako Estrategiak urteak daroazala inmigrazinoari buruzko zurrumurruak isilarazoten. Gobernu-taldeak lanean jarraituko dau bizi nahi dogun gizartearen alde, persona guztientzako gizarte inklusiboagoaren eta bidezkoagoaren alde. Eskerrik asko konpromiso honetan laguntzeagaitik!, nabarmendu dau Amaia Agirre alkateak.

Aurten, Zurrumurrurik Ez estrategiak Markea estreinauko dau

Urratsak egiten jarraitzeko konpromiso eta asmo sendoa erakusten ditu. Marka barria, aurrez aurre dagozan R bik osotzen dabe, etorkizunari itxaropenez begiratzen deutsenak, Kontuz zurrumurruakaz goiburuari eutsiz.

Zurrumurruen kontrako estrategiaren lehenengo hamar urteen ondoren, etapa bat irudi barri bategaz hasten dogu eta irudi barri horregaz transmitidu nahi dogu zer izan nahi dogun. Getxo gizarte anitza da eta aniztasun hori oso positiboa da guretzat. Eta, gainera, zurrumurruen, aurreretxien eta Getxoko gizarte-kohesinoa hausten daben estereotipo arrazista guztien kontra jo nahi dogu. Horregaitik, bizikidetzearen kontra doazen jarrera horreek aldatu behar dira. Erre (R) barri horreek norabide askotara begiratzen dabe, arrazakeriari aurrez aurre begiratzen deutse, horren kontra jarten dira, aurrez aurreko jarrereagaz berba egiten dabe edota sendo begiratzen gaitue eta kontuz zurrumurruakaz esaten deuskue. Gaur, Arrazakeriaren kontrako Nazinoarteko Egunean, badakigu ez dala nahikoa arrazistak ez izatearekin, ez da nahikoa zurrumurrurik ez sortzeagaz. Beste aurrepauso bat emon behar dogu. Danon artean zurrumurruak desegin behar ditugu, benetako gizarte-eraldaketea sortzeko. Anima zaitez eta kanpainan parte hartu!, azaldu dau Carmen Díaz, Gizarte Kohesinoko zinegotziak.

Marka barria atonduko diran jardueretan ikusi ahal izango da, baita koaderno, bolígrafo, kamiseta, poltsa, pegatina, iman eta txapatan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu