'Larrabetzuko baserriak eta etxeak - Izena eta izana' liburua aurkeztu dau Labayru Fundazinoak
2023-03-21 09:55 KultureaBaserria da, euskereagaz batera, euskal kulturearen ardatza.
Larrabetzuko Udalaren eskariz, herriko baserri, etxe eta kaleen katalogoa batu dira liburura. Gure izana, gure izakerea dalako eta ez dogulako galdu gura. Horri ondarea esaten jako. Ondarearen barruan, alde batetik, arkitektonikoa dago, baserriek eraikin modura daukien balioa; baina bestetik, ondare ez materiala dago, ikututen ez dana, belaunaldi batetik bestera doana, eta hona ekarri gaituena. Nondik gatozen jakitea garrantzitsua da geroa definiduteko orduan.
Danetara, 162 etxe zerrendatu dira, oraindino egon dagozanak kontuan hartuta, 14 auzotan banatuta. Bakotxari buruz argazkia eta fitxea dator. Fitxa horretan hainbat datu emoten dira, besteak beste, izen arautua, historian izan dituan aldaerak, ahoz zelan esaten jakon eta baserriaren bereizgarri edo jakingarri nagusiak.
Tipologiari jagokonez, historian zehar bilakaerea ikusi dogu. Larrabetzuko baserririk zaharrenak XVI. mendekoak dira eta egurrak eusten deutsela esan daiteke. XVII-XVIII. mendeetakoetan, ostera, harria da nagusi. XIX. mendean arkudun fatxadadunak dagoz. Badira molde horreetan sartzen ez diranak be.
Baserria euskal kulturearen zutabe eta ardatzetako bat da, euskereagaz batera: Oinarrizko gizarte-erakundea da, bizimodua eta lana batzen dituana eta mendez mende personei identidadea emon deutsena. Abizen gehienak baserrien izenetatik datoz. Baserrien jatorriko izentapenak gaur egun auzo-izen edo abizen bihurtuta dagoz. Baserriak emoten deusku izena. Horregaitik dauka liburu-bilduma honek Izena eta izana azpideiturea. Xalbador bertsolariak Sortetxeari egindako bertsoetan esaten dau: Munduko leku maitena, zuri zor dautzut naizena: izana eta izena.
Larrabetzun egindako aurkezpenera herritar asko batu ziran. Ekitaldian, Igor Elordui euskera zinegotziak, alkatearen berbak ekarri zituan, toponimiak herriari buruzko informazino handia emoten dauela gogoratuz.
Igone Etxebarria Labayru Fundazinoko zuzendariak baserriak identidadea emoten deuskula gogoratu eta era honetako lanen bitartez gure ondarea ezagutzearen eta hurrengo belaunaldiei helarazotearen garrantzia azpimarratu eban.
Ziortza Artabe Labayru Fundazinoko teknikariak eta lanaren egile-taldearen izenean, erabilitako metodologia, konsultautako iturriak, toponimoen gaineko ondorio batzuk eta baserrien tipologia nagusia azaldu zituan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!