EAEko 16 urtetik gorako gazteen % 74,5 euskalduna da
2023-03-20 13:03 Euskerea berbagai16 urtetik gorako herritarren % 67 euskerearen erabilera sustatzearen alde dago.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak EAEko VII. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak aurkeztu ditu gaur. Donostian, Tabakaleran, egindako prentsaurrekoan Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak eta Hizkuntza Politikako sailburuorde Miren Dobaranek parte hartu dabe.
2021ean egindako Inkesta Soziolinguistikoa herritarren datu autortuetan oinarritzen da eta lehen Inkesta Soziolinguistikoa 1991koa danez, gaurko prentsaurrekoak balio izan dau azken hiru hamarkadatan euskereak EAEn izandako ibilbidea zein dan argitzeko. EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleria izaten da inkestatua. Bost urterik behin egiten da inkesta soziolinguistikoa eta lau ikerketa-eremu jasoten ditu: Herritarren hizkuntza-gaitasuna; hizkuntzearen transmisinoa; euskerearen erabilera hainbat esparrutan (etxean, lagunartean, eremu formaletan...); eta euskeraren sustapenari buruzko jarrerea.
EAEn gaur egun orain 30 urte baino 261.000 euskaldun gehiago dagoz, hau da, euskaldunen kopuruak 12 puntuko hazkundea izan dau azken 30 urte honeetan (24,1etik 36,2rakoa). Gaur egun 16 urtetik gorako biztanleen % 36,2 da euskalduna, % 18,6 euskaldun hartzailea eta % 45,3 erdalduna.
Sexuari jagokonez, emakumezkoen artean % 36,5 da euskalduna eta % 35,8 gizonezkoen artean.
VII. Inkesta soziolinguistikoak argi erakusten dau euskal hiztunaren profila gaztetu egin dala azken hogeita hamar urtean. Euskaldunen ehunekorik handiena 16-24 urte bitarteko gazteen artean dago, izan be, 16 eta 24 urte bitartekoen % 74,5 da euskalduna, 1991n, barriz, % 25a zan. Zupiria sailburuak adierazo dauenez, edozein hizkuntza gitxituren bizibarritzean egon daitekeen daturik onena da gazte-belaunaldiak euskerea ezagutzea. Hizkuntza-ordezkapena iraultzen dagoanaren adierazle nagusienetakoa da. Orain dala 30 urte edade-talderik euskaldunena zana, 65 urtetik gorakoena, gaur egun euskerearen ezagutza apalena dauena da (% 22,1 euskaldun).
Zupiriak azaldu dauenez, euskerearen hazkundea gazteenetatik dago zabaltzen eta gaur egungo euskal hiztun askok hezkuntza sistemearen bidez edota euskaltegien bidez jaso dabe euskerea. Eskolearen eta helduen euskalduntzearen eragina nabarmen atzemoten da datuotan. Gizarteak azken hiru hamarkada honeetan egin dauen apustu sendo baten adierazlea be bada hau guztia.
VII. Inkesta Soziolinguistikoan zehaztutakoaren arabera, euskaldunen igoerea hiru lurraldeetan izan da. Gipuzkoan dago euskaldun gehien: % 51,8 (hamarkada batean, 2 puntuko igoerea); ondoren Bizkaia dago (% 30,6; 5 puntuko igoerea) eta gero Araba (% 22,4; 6 puntuko igoerea).
Euskaldunen taldean arretea jarrita, EAEko euskaldunen erdia baino gehiago (% 55,4) gune soziolinguistiko erdaldunean edo nahiko erdaldunean bizi da, hau da, lehenengo eta bigarren eremu soziolinguistikoetan (Sestao, Barakaldo, Irun…). Eta gune euskaldunetan, hirugarren eta laugarren eremu soziolinguistikoetan % 44,7.
Euskerearen erabilerea
Euskerearen erabilereak be gora egin dau. Biztanleen % 21,9k berba egiten dau euskaraz gztelaniaz beste edo gehiago. Danetara, 412.821 biztanle 2021ean eta 271.121 orain dala hogeita hamar urte (6,4 puntuko igoerea azken 30 urtean). Igoera hori hiru lurraldeetan eta hiru uriburuetan be igarri da.
Edade tarteari erreparauta, euskerea erabilten dabenen ehunekorik handiena gazteena da (% 33,5) eta txikiena 65 urtetik gorakoena (% 16,7).
Euskerearen transmisinoa
Familia bidezko euskerearen transmisinoari jagokonez, gora egin dau bai bikote euskaldunetan baita bikote mistoetan be. 3-15 urte bitarteko seme-alabak dituen familien hizkuntzearen portaerea zelakoa dan jakiteko, inkestatuei galdetu jake zein hizkuntza transmitidu deutsen seme-alabei. Transmisino hori aztertzeko, gurasoen hizkuntza-gaitasuna eta lehen hizkuntzea izan dira kontuan: Guraso biak euskaldunak diranean eta bien lehen hizkuntzea euskerea danean, seme-alaben % 98k euskerea transmitidu du etxean eta % 2k euskerea eta gaztelania.
Euskeraren aldekotasun handia
EAEko 16 urte edo gehiagoko biztanleen % 67 euskerearen erabilerea sustatzearen alde dago, % 26,3 ez alde ez kontra eta % 6,8 kontra. Esangura horretan, euskerea sustatzearen aldeko jarrerak gora egin dau azken 30 urteotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!