'Batasunaren bidean' giza katea atondu dabe euskera batuari gorazarre egiteko

Bizkaie! 2023-03-17 13:48   Euskerea berbagai

Euskera batua herriak nahi izan dau, herriak sortu dau eta herriak egin dau bere.

Martiaren 24an, Errenteria eta Donostia lotuko ditue 8.000 lagunek osotutako giza kate erraldoian, euskera batuak gure herriaren garapenean izan dauen balioa azpimarratzeko eta euskera batuaren sorreran bultzatzaile izan ziranak gogoratzeko. Ekitaldia Orereta Ikastoleak sustatu dau eta ikastolen jai guztiek osotzen daben Ikastolak Herriari egitasmoak eta Euskaltzaindiak alkarlanean atondu dabe.

Milaka gazte, nerabe eta herritar batuko dira giza katera Errenteriako Gamon zumardian dagon Koldo Mitxelena gogoratzeko eskulturearen parean hasiko baita eta Donostiako udaletxe zaharraren eraikinaren parean amaituko.

Bidean, 8.226 metro eta Errenteria, Pasaia eta Donostiako hainbat kale eta plaza zeharkatuko ditu giza kateak.

Goizeko 11:00etan emongo jako hasierea giza kateari eta 11:30ak arte iraungo dau. Momentu horretarako, bost gune egokituta izango ditue atontzaileek, horreetako bakotxean euskera batuari gorazarre egiteko ekitaldi bana egiteko.

Euskera Batuaren sorreran eta gorpuztean nabarmendutako 15 persona zehatz gogoratuko ditu ekimenak, besteak beste, Koldo Mitxelena, Luis Villasante, Resurreccion Maria Azkue, Pierre Broussain, Henrike Knörr, Arturo Campion, Julia Berrojalbiz, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi eta Julene Azpeitia baina, sustatzaileek azpimarratu dabenez, euskera batua gaur errealidade bada, askoz be persona gehiagori esker izan da eta horreetako asko anonimoak dira. Beraz, esan daiteke euskera batua herriak nahi izan dauela, herriak sortu dauela, eta herriak egin dauela bere, erabilerearen bidez. Gainera, ez dago euskera batuaren sorrerea adierazoten dauen historiako miomentu bakarra.

Transmisinoa, ekimenaren ardatz

Ikastolek euskera batuari zor deutsena eta euskera batuak ikastolei zor deutsena izango dira «Batasunaren bidean» giza katearen oinarrietako bat. Transmisinoaren garrantzia irudikatzeko, ekitaldiak ikasleak izango ditu protagonista, izakera koloretsu eta baikorra izango dau ekimenak. Egun ikasten dabizen gazte eta gaztetxoei euskera batuaren balioa helarazo eta bera sortzeko testuinguru historikoa eta beraren bilakaerea adierazoko jakez.

Gainera, Euskaltzaindiak herritar guztientzako idatziatko dokumentua Euskerearen Batasuna. Euskerazko hiztun alkartea trinkotzeko, bizirauteko eta garatzeko giltzarria izenekoa, zabalduko da. Bertan, euskera batuaren sorrerearen ibilbide historikoa ezaugarritzen dabe gako nagusiak azaltzen ditu Euskaltzaindiak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu