Bilboko Euskera Sailak aurten 700.000 euro izango ditu 2022an baino % 218 gehiago

Bizkaie! 2023-03-17 10:39   Euskerea berbagai

Agintaldi honetako azken Euskerearen Aholku Batzordea Bilbon.

Euskerea ikasteko dirulaguntzen aurrekontua handitzea (aurten 700.000 euro izango dira, 2022ko zenbatekoa baino % 218 gehiago), euskerearen egoera Soziolinguistika Klusterrak egindako azterlanen arabera, Euskerearen Erabilerearen ganeko Udal Planaren ebaluazinoa edo Administrazinoan hizkuntza ofizialak erabilteko erispideak lako gaiak jorratu ditue.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea izan da buru Euskerearen Aholku Batzordeak agintaldi honetan egin dauen azken bilkuran. Alkateagaz batera izan dira Koldo Narbaiza Euskera eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Udaleko sailen ordezkariek eta Udalean ordezkaritzea daben alderdi politikoetako ordezkariek.

Horrezaz gan, beste gizarte eta kultur erakunde batzuetako ordezkariek be parte hartu dabe bilkuran, bestea beste, Euskaltzaindia, Labayru Fundazinoa, Athletic Fundazinoa edo Euskaltegien sarea.

Euskerearen Aholku Batzordea

Bilboko Udalak 2016ko zezeilaren 3an jarri eban martxan, hizkuntza gaietako aholku eta eztabaida organo moduan, urian euskerearen ezagutzea eta erabilerea handitzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta Bilbon euskerea sustatzeko eta normalizetako interesa daben personak eta erakundeak batu eta parte hartzeko foro izateko.

Hala Birala? Euskerazko aisialdirako programea 11 eta 12 urte artekoentzat


Ekimen hau Aste Santurako atondutako hezkuntza-aisialdiko eskaintzeagaz batera egingo da apirilaren 11n, 12an, 13an eta 14an, 9:00etatik 13:30era, Euskerearen Etxean.

160 plaza dagoz eta ondo pasetako aukerea izango dabe era bateko eta besteko sare sozialetan euskerazko edukiak sortzen, editetan eta alkarbanatzen ikasten daben bitartean, erraz eta segurtasunez.

Helburuak dira: Gazteen artean euskerearen erabilerea sustatzea aisialdiko espazioetan; edade txikikoek sare sozialak erabilten ikastea eta Aste Santuko eskola-oporretan familientzat kontziliazino-espazioak sustatzea.

Kontuak kontu, ezinbestekoa da Bilbon erroldauta egotea eta 2011n edo 2012an jaioa izatea. Aldez aurretik izena emon behar da, Udalaren webgunean, martiaren 20tik martiaren 29ra.

160 plazak inskripzino-ordenaren arabera beteko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu