Josu Bergara: 'Sormena, publizidadea eta euskerea buztartzea da nire asmoa'

Koldo Isusi Zuazo 2023-03-20 07:55   Barriketan

Burutü publizidade agentziako zuzendaria.

Muse Creative Awards (Nueva York, AEB) saria, Urrea Public Service & Activism kategorian eta Smile Festival saria Madrilen, Spot web estrategia onenari sariak jaso barri ditu Burutü agentziak.

Atzerago, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Benetan Berezia kanpainearen harian, marka baten bideoan lengoaia bisual onenaren Brandor Dominea (2022) eta Pesmes Saria (2017) Amezti markearen kudeaketa integrala egin ondoren. Baina makinatxu bat sari irabazi dozuez hemen eta munduan.

Publizidade Agentzia eta Komunikazino estrategikoa ardatz hartuta, markak sortu eta kudeatzen dituan erakundea da Burutü. 

1.- Zorionak Josu Muse Creative Awards eta Smile Festival saria irabazi dituzuelako. Potoloak dira baina autortza gehiago jaso izan dozue. Hamar urteko ibilbidean holako sariak jasoteak zer dakartso Bilboko enpresa bati?

Indarra. Bilboko enpresa batek holako autortzak jasotea sano positiboa da, lagungarriak dira eta urteetan egindako lanak zeozertarako balio izan dauela sentiduten dozu eta aurrera egiteko gogoa eta indarra emoten deutsue. Publizidadearen munduan kokatzen gaitue bai Euskal Herrian eta bai kanpoan be. Baina erantzunkizuna be igarten dogu, hemendik aurrera be ekin eta ekin jarraitu behar dogulako beharrean.  


2.- Sortzaileen artean zagoz eta 10 urte joan jatzuez lan eta lan. Zein da balorazinoa?

Balorazino positiboa. Hazi egin gara eta sortzeko momentuan geunkazan bildur eta dudak baztertzen jakin izan dogu eta gustora gabiz. Gazteei berbaldiak eta tailerrak eskaintzen ibilten gara urtean zehar eta handigura eta harrotasun bartik, geurea lako enpresa bat zelan bideratu eta aurrera eroan azaltzen ibilten gara. Nire kasua berezia da, publizistea naz abokatu izateko ikasketak egin nituan arren, bide hori baztertu eta sortzailetzat neukanez neure burua hor sartu nintzan eta luzaro beste agentzia batzuetan ibili ondoren, Eneritz eta Pablo bazkideakaz batera sortu genduan Burutü publizidadea ikuspegi sortzailetik lantzeko eta euskal markak eta euskerea sustatzeko gogoz. 

3.- Zeintzuk dira zuon bezeroak?

Arlo publiko zein pribatuko bezeroak ditugu. Baina deigarria da ahoz aho jasotako informazinoari esker, bezero asko etorten jakuzala aholku eta laguntza eskean eta horrek asebeteten gaitu. 

Baina batzuk aitatzearren, besteak beste, euskalgintzako enpresa eta alkarteak, elikadura enpresak, enpresa industrialak, berrogei ta piku udal, Topagunea, HETEL, hizkuntza eskola, ikastolak, Nik hitzematen dut. Y tú, ¿te comprometes? goiburuari eutsiz, Maialen Chourraut eta Aritz Aranburu protagonista izan dituan kanpainea bideratu dauen Ura Agentzia, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaularitzearen Zandu Kulturea. 

4.- Social Media Planak zein marketing digitalaren estrategia jorratzen dozuez...

Orain 15 urte nire bikotea Ingalaterrara joan zan master bat egiteko esperantzeagaz eta han egoala esan eutsan: Hemen Facebook izeneko sarea sortu da baina zehatz ez dakit zelan dabilen; kontua da ze horrezaz ikasten edo hasi ginan eta gaur arte, upealako aldaketea egon da. Hau esanda, Burutün saiatzen gara marketing digitala eta publizidadean aitzindari izaten eta datozen eta etorriko diran barrikuntza guztien barri izaten. Gure bezeroei laguntzeko preminazkoa dalako aurretik norberaren burua jaztea.  

5.- Bizkaie! entzun eta zein da burura jatortzuzan ideak marka eragingarria sortzeko? Webguneak sortu eta hobetu egiten dozuez?

[Barreka] Bizkaie! atariak dauka besteek ez daukien gauza inportante bat, hau da, lekuan lekuko komunikabidea zarie eta mendebaldeko euskalkia darabizue, bisitari, irakurle multzo propioa dozue eta indarra hortxe dago.

Ganerakoan, inportantea begitantzen jat gazteen artean sano erabilten dan TikTok lako sareetan Bizkaie!-k edukiak sortzea, bideoak eta txertatzeko aukerea izateko. Hortxe dozu erronkea.

Ganerakoan, gure zereginen artean, webguneak sortu eta hobetzea dago estrategia zabalago baten barruan baina egia da kasu bakotxa aztertzea gustetan jakula. Kartelgintzan be bagabiz, artistakaz hartu-emonetan eta holan baina beti publizidadea gogon izanda. Gauzaren bat egiten ez dakigunean alkarlanaren aukerea ez dogu baztertzen.


6.- Ikastaroak, berbaldiak eta holakoak be atontzen dozuez. Zelako harrerea izaten dabe?

Ona. Teoria ondo dago baina praktikeak erakusten deutsu, egitearen porasuz ikasten da. Esangura horretan ikasleek ondo hartzen gaitue. Enpresa askotan emoten doguz berbaldiak eta oinarria beti izaten da alkarlana eta aholkularitzea. Oraintxe EHUn nabil ikasleei aukerazko ikasgai bat digitalean zelan aukeratu eta holakoak jorratzen eta pozik gabiz.

7.- Loa eta Laia proiektuan be bazabizie, marrazki bizidunak euskeraz, musikazaletasuna eta balore unibersalak sustatzeko asmoari eutsiz...

Hau nire proiektu personala da, musikeagaz buztartutako ekimena. Alaba bi daukadaz eta eurekaz ikusten dogu edo ikusten dot merkatuan dagozan marrazki bizidunen artean falta dirala gaur egungo baloreakaz hornidutakoak. Euskal Herriko ikuspegia ez da inondik inora agertzen eta hor hutsunea egoanez, zeozelan betetan ahalegindu naz. Azkar jaubetu nintzan publizidade agentzia bat behar nebala hori guztia sustatzeko eta holan Burutüri proponidu neutsen, kobrau barik, ia lagunduko eustien eta baietza etorri zan segiduan.  

8.- Musikearen munduan jarraituz, hor be ibili zinan eta gaur egun gitxiago edo, asti barik zabizelako...

Oso pozik ibili naz fase horretan, bost disko argitaratu eta makinatxu bat kantaldi eskaini ostean, 2019. urtean erabagi neban eszenatokietatik apur bat aldentzea.

Baina geldi egoten ez dakiana naz eta musikea sortzen, beste batzuentzat sortzen eta hor nabil eta Ean urtero egiten dogun kantaldia edo dana dalakoan ez dot hutsik egiten.  Eroso nabil. Eta esango deutsut datorren urteko udagoienean edo diskoa plazaratzeko gogoa daukadala, kantuak eginda dagoz eta plazaratzea baino ez da falta...

9.- Amaitzeko Josu, mezuren bat bialtzeko momentua dozu hau. Zer eta nori?

Gazte sortzaileak animauko neukez, gora adi egon beharrean, hasi daitezela beharrean. Goitik behera ez dator ezer eta hasierako momentuak gogorrak izaten badira be, ekinez egiten da aldatzean gora. 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu