UEMAk eta Nafarroako Gobernuak hitzarmena sinatu dabe lehen aldiz

Bizkaie! 2023-03-14 10:51   Euskerea berbagai

Euskerearen erabilera indartzea da asmoa.

Aitor Elexpuru, Iraitz Lazkano, Ana Ollo eta Mikel Arregi. | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskarabidearen egoitzan egindako agerraldian, Iraitz Lazkano UEMAko buruak eta Ana Ollo Nafarroko Gobernuko Herritarrakazko Hartu-emonetarako kontseilariak sinatu dabe hitzarmena.

Urtebeteko iraupena izango dau hitzarmenak eta UEMAko kide diran Nafarroako herrietan bideratzeko ekimenetarako 30.000 euro jarriko ditu Nafarroako Gobernuak.

Gaur egun, Nafarroako 14 udal dira Udalerri Euskaldunen Mankomunidadeko kide eta martiaren 25aan beste bi izangio dira zerrendan. Hitzarmenak udal horreei guztiei eragiten deutse, udalerri horreetan euskerearen erabilerea indartzeko UEMAk martxan dituan edota abiarazoko dituan ekimenak lagunduko baititu diruz Nafarroako Gobernuak.

Udalerriotan honako ekimenak lagunduko ditu diruz Nafarroako Gobernuak, gizarte bizitzan eta udalerri euskaldunetan euskerearen erabilerea bultzatzeko programak jorratzeko, Nafarroan euskerearen erabilerea sustatu guran, udaletako euskerearen erabilera planak Kemen metodologiaren bidez barritzea; udalerriei euskerearen inguruko aholkularitzea emotea; udalerrietan kulturartekotasuna lantzeko proiektua; hezitzaileen prestakuntzea; udalerriei itzulpen zerbitzua emotea eta udalerri euskaldunetako gazteak kontzientzietako udalekuak.

Hitzarmena gaurtik aurrera izango da indarrean, 2023ko abenduaren 31 arte, eta bertan zehaztutako lanak bideratzeko, Nafarroako Gobernuak 30.000 euroko laguntzea emongo deutso UEMAri. Alde bien arteko jarraipen batzordea be osotuko dabe eta gitxienez birritan batuko da urtean zehar. Hasieran, lan-programea adosteko eta urte amaieran egindakoaren balorazinoa eta memoria egiteko.

Orain arteko alkarlana arlo barrietara zabaltzeko aukerea

UEMAko buru Iraitz Lazkano pozik agertu da hitzarmenagaz eta Nafarroako Gobernuari eskerrak emon deutsoz udalerri euskaldunen errealidade soziolinguistikoa aintzat hartu eta horreetan eragiteko bidelagun izateagaitik. Lazkanok nabarmendu dauenez, UEMArentzat garrantzitsuak dira Nafarroako Gobernuagaz eta Euskarabideagaz, azken urteotan estutu ditugun hartu-emonak eta alkarlana. Euskerearen bizibarritzean eta herritarren hizkuntza eskubideen alde egiteko alkarregaz bidea egiteko oinarriak zehaztu izan ditugu aurretik be. Azken urteotan, udalerri euskaldunen eta euskerearen arnasguneen garrantzia ikusarazoteko hainbat kanpaina eta ekimen bideratu ditugu alkarregaz eta hitzarmen honek alkarlana beste hainbat arlotara zabaltzeko aukerea emoten deutso UEMAri.

Lazkanok nabarmendu dauenez, udalak euskalduntzea ezinbestekoa da, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko baina udalerrien euskalduntzean be gero eta gehiago gabiz eragiten, herritar barriak euskeraz eta euskeratik sustraituz edota gazteak kontzientziatuz, inertziatik kontzientziara salto egin deien, euskereari eusteko.

Alkarlanak emoitzak dakarz. Udalerri euskaldunen lurgunea gero eta zabalagoa da eta horren isla da hile honetan bertan Nafarroako beste udal bi gehituko dirala UEMAra: Doneztebe eta Arruazu.

Ana Ollo be pozik agertu da hitzarmenagaz eta udalerri euskaldunek euskerearen bizibarritzeari egiten deutsen ekarpena nabarmendu nahi izan dau. Olloren eretxiz, Nafarroako Gobernuaren Euskerearen Plan Estrategikoaren helburu nagusietako bat da euskerearen egoerea hobetzea, batez be udalerri euskaldunetan eta euskerearen arnasguneak diren eremuetan hizkuntza horren erabilerea indartuz. Nafarroako udalerri euskaldunetan normalean modu naturalean bizi daiteke euskeraz. Udalerri euskaldunetan, belaunaldi batetik bestera transmitiduten da euskerea, hizkuntza etenik barik bizibarrituz eta herri honen aniztasunari eta kultureari ekarpen garrantzitsua eginez. Horregaitik jagon, babestu eta indartu egin behar ditugu.

Ollok aitatu duaenez, horren harira, badira urte batzuk UEMAgaz zenbait ekimen eta kanpaina egiten gabizenetik. Helburua da udalerri euskaldunen eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea, euskereari egiten deutsen ekarpena autortzeko eta erakusteko. Horren barri emon izan deutsegu, bai udalerri euskaldunetako herritarrei, baita ganerakoei be, dugun aberastasunaren kontzientzia izan deien. Orain, hitzarmen honi esker, arlo berrietara zabalduko dogu alkarlana eta euskereari eusteko eta euskerea sustatzeko ezinbesteko arloetan be jardungo dogu, UEMAren laguntzeari esker.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu