Peña Karria, Araba eta Burgos arteko mendi alpino esanguratsua

Amaia Larruzea 2023-03-14 07:55   Ibilian-ibilian

A zer gozaldia, Peña Karria, ederra!

Araba eta Burgos artera joango gara, Arabaren mugatik gertu, hain zuzen be. Askorik ezagutzen ez neban ingurua, gehiagotan joan izan nazelako Kantabriako Mendilerrorantz, baina Valderejo inguru hau zoragarria iruditu jatan. Glasgowra bidaia alkarregaz egin genduan aspaldiko lagun bi batu eta urtekeratxo ederra izan zan. Orain, barriz, oinez egin dogu baina ia besteren batean, eskaletako batzen garen.

Edozelan be, ekin daiotsegun Peñakarria mendi alpino eta ederraren gailurrerantz.

Bide normaletik egingo dogu gorantz baina kontuan izan mendi honen bide normala ez dala pista bat edota bide erreza, badakizue kazetariok ondo zehaztu behar ditugula honeek gauzak, gero susturik egon ez daiten; berbarako ez litzateke umeakaz egingo neuken bide bat, umeak esperientzia handikoak izan arren, azken zatian sokatxo edo kate batzuk helduleku ditualako. Ordura arte, ez baitago ezelako arazorik, baina kateen tartetxo horretan bai esango neuke kontuz ibilteko.

Peña Karria mendiaren ertza Euskal Herriko ezagunenen eta alpinoen artean dago eta bertatik dagoan ikuspegia oso zabala da, Araba eta Burgosek alkarren artean daben buztarketearen isla. Behin, Arabako txoko eder asko pasauta, Espejo herritxoa be ezagututa eta Valdegobia eskalada eskolatik hur pasauta, Burgos lurraldeko San Sadornil erreka-herria izango dogu abiapuntu. Gaztela eta Leongo Erkidegoaren parte da, baina Arabatik oso hur dago. Bertan, autoa itxi eta handik egingo dogu igoerea. 15 biztanle bizi ei dira bertan, horixe esan deust oraintxe Wikipedia jainkoseak behintzat. Izan daiteke, oso txikia da eta, akaso, gogaituta egongo dira mendizale guztiak bertara joateaz, aldi berean, ostera, pozarren holako mendi esanguratsu bat horren gertu izateagaitik.

Bidea gorantz hartu eta baso batetik ekin ondoren, harri artetik egingo dogu gorantz. Behin basotik urtekeran, ertz ikusgarria jagole izango dogu denpora guztian eta bidea eginda dagoan arren, wikiloken ibilbidea begiratzerik be badago, kasu honetan, arabar bigaz joan nintzanez, eurak nituan gidari [Barreka]. Eskuma alderantz egin beharko dogu oinezkoen bidetik, ertzean baragarri ez ibilteko; lehen nabarmendu dogunez, behin bidea amaituta, kate batzuk dagoz azken tarte horri aurre egin eta igoteko. Xarma puntu bat emoten deutso horrek ibilbideari, laburra da izatez baina azken tarte horrek bereziago egiten dau esperientzia bera. Behin, kateak igota, gora egin eta ikuspegia ikusgarria, zer esan, aurrera eginez, alboetan agiri diran tontor antzekoetara hurreratzeko dmodua dago edota bertan gelditu, ertz bildurgarriari begira edota lurrazal magiko horreei begira. A zer gozaldia, Peña Karria, ederra!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu