Euskaltzaindiak Mintzolaren 2023ko ikerketa-sarien deialdia egin dau
2023-03-13 13:38 Euskerea berbagaiEskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2023ko martiaren 31ra artekoa izango da.
Jakina denez, ikerketan, ezagutzearen transferentzian, formazinoan eta sustapenean dabil Mintzola 2022. urtetik. Iazko bidean jarraituz, ahozkotasunaren arloan ikerketak sustatzeko deialdi barri bi egin ditu Euskaltzaindiak, Mintzolaren eskutik. Lehenengoan, euskeraz egiten dan ahozko jardunari buruzko zazpi gradu eta master-amaierako lan bat sarituko dira (bakotxa 1.500 eurogaz); bigarrenean, aldiz, ikerketa-lan monografikoak hartuko dira kontuan eta hiru sari emongo dira, bakotxa 3.000 eurokoa.
Gradu eta master-amaierako lanei jagokenez, deialdira aurkeztu daitekezan egitasmoak 2022-2023 ikasturtean defendidutako lanenak izango dira, eta lanen egitasmoak PDF formatuan eta e-postaz bialdu behar dira ondoko helbide elektronikora: mintzola@euskaltzaindia.eus. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2023ko martiaren 31ra artekoa izango da.
Ikerketa-lanei jagokenez, deialdi honetan ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuz. Lanen proiektuak bakarka edo taldean aurkeztu daiteke. Edozelan be, unibersidade-irakasle doktore batek bermatu behar dau proiektua. Eskaerak eta lanen egitasmoak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 30era artekoa izango da.
Jakingarri guztiak atari honetan: www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/
Era berean, deialdiaren inguruko alderdiei buruzko galderak honako helbide elektroniko honetara bialdu behar dira: mintzola@euskaltzaindia.eus
Zer da Mintzola?
2022ko urtarriletik eta askotako eragileen babesa tarteko dala, Euskaltzaindiak martxan dauka Mintzola egitasmoa. Egitasmoaren lan eremua euskeraz egiten dan ahozko jarduna da, batez be, euskerazko eguneroko berbakerea. Holan, ikerketa, ezagutzearen transferentzian, prestakuntzan eta sustapenean jarduten dau Mintzolak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!