Martiaren 20tik 29ra edegiko dau BFA-k Udalekuak 2023 programan izena emoteko epea
2023-03-13 12:14 Pil-pileanBizkaiak 1.288 plaza eskaintzen ditu.
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek Udalekuak 2023 programea atontzen dabe batera; udako kanpaina horrek Euskadiko ume eta gazteentzako olgeta eta hezkuntza-programen eskaintza zabala batzen dau. 2023ko kanpaina honetan hiru lurralde historikoetako 3.993 umek hartuko dabe parte. 1.288 plaza Bizkaian izango dira; 1.198 euskeraz eta 90 elebidunak. Bizkaiko Foru Aldundiak martiaren 20tik 29ra edegiko dau izena emoteko epea. Programea garagarrilaren 1etik 29ra izango da, biak barne, eta parte hartuko daben umeak 7 eta 13 urte bitartekoak izango dira.
Lorea Bilbao Ibarra Euskera, Kultura eta Kirol diputaduak Udalekuak 2023 programea aurkeztu dau gaur goizean, María José Telleria Gipuzkoako Kultura eta Gazteria diputaduagaz eta Ana del Val Arabako Kultura eta Kirol diputaduagaz batera.
Udalekuak 2023 hiru lurraldeetan eta Nafarroan kokatutako 15 instalazinotan egingo dira. Bizkaiak zazpi eguneko egonaldiak eskainiko ditu Gorliz, Lapurreketa (Dima), Lurraska (Ajangiz), Zugaztieta (Trapagaran), Meakaur (Morga) eta Legasako (Bertiz - Arana) aterpetxeetan. Bestalde, Gipuzkoako Foru Aldundiak jarduerak eskainiko ditu Orio, Zarautz, Hondarribia, Abaraxka (Azkoitia), Bertiz eta Irrasarriland-eko instalazinoetan eta Arabako Foru Aldundiak hiru instalazino jarriko ditu Udalekuak 2023ren esku: Barria, Zuhatza eta Espejo. Instalazino horreetan guztietan hiru lurraldeetan erroldautako umeek parte hartu ahal izango dabe, aldundien artean plazak trukatzeko aukereari esker eta parte-hartzaile bakotxa erroldauta dagoan lurraldean inskribiduko da.
Umeek kirol eta kultura-jarduerez gozau ahal izango dabe: Museoetara bisitak, txalaparta, birziklatze-tailerra, mitologiari buruzko gaualdiak, gynkanak, mendi-ibiliak, eskalada, rapela, tirolina, arku-tiroa, paintballa, arborismoa, orientazino-jolasak, Laser Tag, segway-a, mendiko bizikletako jatsierak, arrauna, piragua, kanoi-jatsierea, pedaloia, optimist, wind surfa, disc golfa edo pilota, multiabentura, herri kirolak (trontza, artaburuak, zakulariak, txingak, sokatira), ferrata bideak, baratzeko jarduerak, animaliakaz egindako jarduerak eta elikadureari buruzko tailerrak, besteak beste. Eta inguruko geologia, landarak eta faunea ezagutzeko jarduerak ere egingo dira.
Instalazino bakotxeko jarduerak kanpainearen liburuxkan eta www.bizkaia.eus/udalekuak helbidean konsultau ahal izango dira.
Udalekuen helburu nagusia da neska-mutilei alkarbizitzarako olgetagune bat eskaintzea, euren autonomia personala sendotzeko. Filosofia horri eutsiz, helburuak ondokoak dira: Oporraldien gozamena erraztea; autonomia eta bizikidetzea erraztea; aisialdi hezitzailea bultzatzea; ingurune naturalera hurreratzea eta ingurumenagazko errespetua erraztea; aisialdiko jardueretan euskerea komunikazino-hizkuntza lez erabil daiten sustatzea; eremu bakotxeko ohiturak eta baliabide kulturalak ezagutarazotea; eguneroko bizikidetzan laguntasuna eta alkartasuna bultzatzea, besteak beste; eta genero-estereotipoak eta rolak zalantzan jarten dituen bardintasunezko eta errespetuzko jarduerak bultzatzea.
Inskripzinoak eta kuotak
Bizkaiko zozketarako izen-emoteak martiaren 20tik 29ra egin ahal izango dira, 13:30ak arte eta gehienez hiru partaideko taldeetan egin ahal izango dira; holan, plazen zozketea apirilaren 26an egingo da.
Aurten ezarritako kuotea 135 eurokoa da. Prezio horretan sartzen dira ostatua, gosaria, bazkaria, meriendea eta afaria, dinamizazino zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua eta joan-etorriko garraioa jatorrizko lekutik (Donostia, Ansio eta Gasteiz).
Horrezaz gan, Bizkaiak, ganerako lurraldeetan bezela, hobariak ezartzen ditu gizarte-laguntzak jasoten dituen familientzat eta familia ugarientzat. Diru-sarrerak Bermatzeko Errentea (DSBE) eta/edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL) jasotzen dituen familietako ume eta gazteek eta/edo familia ugarikoak diranek hobaria lortu ahal izango dabe kuotan.
Integrazinoa
Hezkuntza-premina bereziak dituen personak -ezintasunn fisikoa, psikikoa, sensoriala edo soziala dabenak- aisialdiko jardueretan integretea sustatzeko, plaza guztien % 5 talde horrentzat gordeten da. Integrazino-prozesu hori bermatzeko, aldundiek kolektibo horreei arretea emoten deutsen alkarte zehatzen laguntzea izango dabe.
Informazino gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!