Euskal zinemeak bere indarra erakutsiko dau Malagako Jaialdian

Bizkaie! 2023-03-10 08:02   Zinemea

Hautatutako 21 euskal lanetatik 14 emakumeek zuzendu ditue.



Martiaren 10etik 19ra zinema iberoamerikarraren erakusleiho nagusietako bat, Malagako Zinemaldia euskal film askoren erakustoki izango da barriro. Jaialdiak berak eta MAFIZ industria-guneak 21 lan aukeratu ditue hainbat ataletan esku hartzeko.

Alde batetik, Sail Ofizialean Estibaliz Urresola Solagurenen 20.000 erle espezie filma proiektauko da, filmaren Estadu mailako estreinaldia, Berlinalen izandako erantzun bikainaren ondoren. Bertan, harrera ederra jaso eban kritikearen eta publikoaren aldetik eta Sofia Otero protagonisteak Zidarrezko Hartza irabazi eban bere interpretazino bikainagaitik.

Biznagetako bat eskuratzeko lehiatuko dira Alejandro Rojasen eta Juan Sebastián Vasquezen Upon Entry filma, Tallin Black Nights Film Festival jaialdian estreinautako drama eta thriller psikologikoa; seme-alaben hazkuntza eta helduen bizitzea buztartzea kostetan jakon aita baten istorioa kontetan dauen Félix Viscarreten Una vida no tan simple; eta Sílvia Munt-en Las buenas compañías 1970eko hamarkadako feminismoa ikusarazoteko burrukan sartzen dan 16 urteko neska baten istorioa.

Horrezaz gan, film laburren atal ofizialean Leire Apellanizen La Concha ikusi ahal izango da. Albert Jasangarritasuneko zigilua lortu dauen Euskadin filmautako fikzinozko lehen film laburra da. Pozari eta duintasunari eusteko burrukandabilen ama gazte baten bilakaerea kontetan dau, bere inguruko guztia gainbehera doala ikusten dauen bitartean.

Era berean, ZINEBIko azken edizinoan parte hartu eban Mikel Uralderen Hormak proiektauko da, baita Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas be. Fikzinozko Film Labur Onenaren Goya Sarirako izentau eben lana, eta sari garrantzitsuak irabazi ditu Estaduan zein nazinoartean.

Bestalde, Animazine Sail Ofizialak emakumeagaz lotutako auzi sozialak jorratzen dituan Sonia Estevezen Txotxongiloa izenburudun film laburra hartuko dau.

Bestalde, Cinema Cocina sailean Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu erakutsiko dabe, Getariak itsasoagaz dituan hartu-emonak aztertzen dituan dokumentala.

Era berean, euskal ordezkaritzea izango dogu Emakumeen eskubideak azpimarratzeko atalean. Bertan, Alejandra Bueno de Santiagoren azken lana, Ezohikoak, ikusteko aukerea izango da. Hausnarketa eta ahalduntze istorioa da eta ama, emakume eta familia ugaria eta inperfektuak legebidezkotzeko proposamen bat egiten deusku zuzendariak.

Azkenik, Cineforumek Ana Murugarrenen El hotel de los líos. García García 2 filmaren proiekzinoa hartuko dau. García y García pelikulearen bigarren zatia da eta bi horrek Javier Garcíen abentura barriak erakusten deuskuz.

MAFIZ azokan ere protagonista

Malagako Zinemaldiko MAFIZ Industria gunean be ez da euskal partaidetzarik faltako. Spanish Screenings-eko Regional Hub atalean, Ainhoa Andrakaren eta Zuri Goikoetxearen Cabeza y corazón izango da, Espainiako errubera-jarlekuko emakumezkoen saskibaloi selekzinoak jokatutako lehiaketa aurreolinpikora eroango gaituan lana; eta baita Iratxe Fresnedaren Tetuan be, Gijongo/Xixongo Nazinoarteko Zinemaldian eta ZINEBIn batera estreinautako pelikulea. Neo Screenings-en barruan, euskal proiekzino bibe badagoz: La quietud en la tormenta, Alberto Gastesiren opera prima; eta My Way Out, Izaskun Arandiak Londresko transgenero klubari buruz egindako dokumentala.

Era berean, Malaga Short Corners atalaren barruan Sonia Estevezen Malkoak film laburragaz gozau ahal izango da. Bertan, artista gasteiztarrak negar egitea aldarrikatzen dau, malkoen aurrean dogun ikuspegi negatiboa zalantzan jarriz.

Spanish Screenings-en eta, zehatzago, Animation Day dalakoaren WIParen barruan, Isabel Herguera zuzendari donostiarraren azken proiektua ezagutzeko aukerea izango dau. Lan horren izenburua El sueño de la Sultana da eta Malagara helduko da nazinoarteko hainbat WIPetan parte hartu eta saritua izan ondoren.

Bestalde, Animation Day-eko Market Screenings-etan Nuno Beatoren Los demonios de Barro topatuko dogu, Animazinozko Film Onenaren Goya Sarirako izentauta egon zan filma.

Next From Spain sailak, barriz, Nagore Eceizaren azken lana, If You Wish To Make An Apple Pie, hartuko dau. Proiektu honek Lau Haizetara dokumentalen Koprodukzino Foroan parte hartu eban Donostiako Zinemaldiaren azken edizinoan.

Aldi berean, Albertina Carriren Caigan las rosas blancas genero gaietako road-tripak be parte hartuko dau.

Azkenik, Málaga Work In Progress España atalean, Duero ibaiaren ertzean 50 urteko emakume bi batzen dituen ‘Sobre todo de noche’ proiektuagaz izango da Victor Iriarte.

Basque. Audiovisual

Ekimenak euskal ikus-entzunezkoen sektoreko barritasunak ezagutarazoko dituan stand bat izango dau. Gainera, euskal produkzinoen online katalogoaren bersino eguneratua aurkeztuko da barriro eta www.basqueaudiovisual.eus webgunean be eskuragarri egongo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu