Arikala, ikasleen artean lagunarteko euskerea sustatzeko tresna barritzailea
2023-03-09 11:57 Euskerea berbagaiIkasleei berbakera informalak euskeraz egiteko tresnak eta estrategiak emongo jakez.
Gaur, proiektu barri eta barritzaile bat aurkeztu dabe Euskal Herriko Ikastolen Alkarteak, Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Fakultadeak (HUHEZI) eta Euskaltzaindiak. Hain zuzen, ikasleen artean lagunarteko euskerea sustatzeko erabiliko dan ikerketa-ekintzea, aurrerantzean Arikala izenagaz
ezagutuko dana. Euskaltzaindiaren Luis Villasante Euskerearen Ikergunean izan da aurkezpena eta bertan izan dira Jose Luis Sukia Ikastolen Alkarteko zuzendari orokorra, Nagore Ipiña Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoa (HUHEZI) eta Miriam Urkia Euskaltzaindiaren Iker sailburua eta Gipuzkoako ordezkaria. Arikala gauzatuko dauen hitzarmena be sinatu dabe guztiek.
Gazteen ahozko komunikazinoaren % 80 inguru beteten badau be, orain arte gitxi ikertu izan dan arloa dogu berbakera informalarena. Arikala egitasmoaren bidez, ikastetxeetako eremu formalean zein aisialdian esku-hartze sistematizatu eta iraunkorrak gauzatzeko material didaktikoa diseinauko da. Ondoren, material hori inplementau eta inplementazinoak ikasleen arteko hizkuntza-ohituretan izandako eragina aztertuko da. Beraz ikerketa honetatik ataratako emoitzak ardatz hartuta, etorkizunean materialak testuinguru barrietara eroan eta esku-hartzeen eragin esparruak handitzeko aukerea izango da.
Miriam Urkia Euskaltzaindiko Iker sailburuak alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau bere berbaldian, egitasmo honetan Akademiak lagun fin eta leialak izan dituala gogoratuz: Euskerearen normalizazinoan dabil Euskaltzaindia, euskera batua ikertzea eta sustatzea izan dau helburu lehenetako bat baina ez bakarra, izan be, lagunarteko euskerea be ikertu eta sustatu beharrekoa da. Horren adibide da 2022ko urtarrilean guregan hartu genduan Mintzola egitasmoa, eta Mintzolaren barruan kokatu behar da Arikala.
Jose Luis Sukia Ikastolen Alkarteko zuzendari orokorra be pozik agertu da alkarlanaren ondorioz lortutako emoitzeagaz: Ikastolen Alkartean euskaldun osoak eduketea dogu helburu; euskerea bizitzako edozein egoeratan eraginkortasunez eta behar besteko bizitasunez erabilteko kapaz diran personak heztea dogu jomugea. Horretarako, ezinbestean landu behar da norbanakoak dauen hizkuntza-erregistroen aldaera-sorta: irakas-arloei begira erabilten dan hizkuntza-erregistro formalaz gan, egoera ez-formaletarako ezinbesteko jakun hizkuntza-erregistro bizia erabilten trebatu behar ditugu ikasleak; alkarren osogarri baitira aldaera horreek. Egiteko horretan ekarpen ezin interesgarriagoa egingo deusku Arikala proiektuak. Ikerketea ezinbestekoa jaku, bertatik edan eta gure egitekoan pauso eraginkorrak emoteko.
Azkenik, Nagore Ipiña Mondragon Unibersidadeko Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadeko dekanoak nabarmendu dau ikerketa-ekintza honek eragina izango dauela gizartean eta euskerearen normalizazinoan: Egungo gizartean ahozko komunikazinoak dauen garrantzia kontuan izanda, adierazgarria begitantzen jaku ahozko berbakera informala aztertzea eta ikerketan ardaztutako proiektu honen parte izatea. Gainera, ikerketa-ekintzan oinarritzen danez, aukerea emongo deusku hizkuntza estrategiak lantzeko, ikasleen hizkuntza ohituretan eragiteko eta erronkei erantzun asmoz material pedagogiko zein testuinguru barriak sortzeko.
2022-23 ikasturtean hasi eta hiru ikasturtetan zehar jorratuko da Arikala Euskal Herri osoko 10 ikastoletan. 2022-23 ikasturtean LH4. mailan, 2023-2024 LH5. mailan eta 2024-2025 ikasturtean LH6. mailan. Parte hartuko daben ikastolak ondokoak izango dira: Gipuzkoan, Haurtzaro eta Irura; Bizkaian, Abusu eta San Nicolas; Nafarroan, Jaso eta Lizarra; Araban, Ass eta Laudio; eta Ipar Euskal Herrian, Kimua eta Garaziko ikastola.
Euskaltzaindiak, 2022ko urtarrilean Mintzola egitasmoaren ardurea hartu ebanetik, euskerazko ahozko jardunaren ikerketan, dibulgazinoan eta sustapenean dabil. Eguneroko hizkera alkarrizketa-multzo eta jardunak, eremu ez-formalekoak gehienak, gure ahozko jardunaren zatirik handiena hartzen dau. Mintzola egitasmoaren helburu nagusia berbakera hori aztertzea da bai eta adierazkortasuna lantzeko tresnak jorratzea be.
Informazino guztia hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!