Iban del Campo: 'Lucrecia belaontzian doan bikotearen istorioa da mamina'

Koldo Isusi Zuazo 2023-03-13 07:55   Barriketan

Iban del Campok (Arrasate, 1971) erasmus beka bati esker erabagi eban pelikulak egin nahi zituala Parisen. Hainbat film labur zuzendu eta produzidu ditu, estaduko zein nazinoarteko jaialdietan hautatu eta sarituak izan diranak. Bartzelonan sormenezko dokumentalari buruzko master bat egin ondoren Donostiara bueltau eta Limbus Filmak  martxan jarri eban 2008an. Aldi berean, Mondragon Unibersidadean Ikus-entzunezko eskolak emon eta Huhezinema film laburren jaialdia koordinetan dau.

Oraintsu, barriz, Sorbeltza film laburra plazaratu eta Ibiza Cine Fest-en aurkeztu dau publikoaren erantzun bikainagaz. Makinatxu bat kontu arrsatearragaz jorratzeko.

1.- Oraintsu sortu eta erakutsi dozu Sorbeltza Ibizan. Zelako erantzuna izan dau?

Ona. Geure artean, taldeko zein lagunen artean egin izan doguz emonaldi batzuk baina Ibizako hori lehenengo proiekzinoa izan da jendartean eta geure eretxi eta pentsamentuakaz bat etorri dira kritikari eta hara batutakoakaz. Pozik gagoz.

2.- Insomnioa, logaldua da gai nagusia Sorbeltzan. Pandemiaren ostean jenteak dituan arazoetako bat izan daiteke lo egiteko arazoak izatea?

Proiektua aspaldiko kontua da, batzuetan itsutu egiten gara, buelta lar emoten deutsazu zehaztasun txikienari, burukominak kendu ezinik, olgetan hor ibilten gara, zer kendu, zer txertatu baina betiko gauzak dira horreek danak. Pandemia giroan eta danok ibili gara hankaz gora. Logaldua eta antzeko gatxak nahikoa zabal dabiz gizartean eta pentsau neban gai polita izango zala ikusleen buru eta bihotzetan sartzeko, jentea identifikau egingo zalakoan aurrera egin genduan. 

3.- Hogei profesional inguru belaontzi txikiaren barruan... Zelan konpondu zarie?

Abentura polita izan da. Atara kontuak, filmaketa lanak belaontziaren espazio txikian egiteak mugak eta arazoak eragiten ditu, itsasoaren egoerea be garrantsitsua zan olatu handiakaz, haize boladakaz, korronteakaz eta sarritan egoten dan itsasontzi handi zein txikien trafikoa be gogoan hartzekoa. Haizeari jagokonez, Javier Aguirresarobe erretratugile handiari entzun neutson behin haizea dala zinegileen arerio nagusia filmaketa prozesua hankaz gora jarri leikelako baina belaontziak haizea behar dau [Barreka].

Filmaketa planak egitea ez zan erraza izaten ze aitatutako horreen danen eraginpean gengozan, plano zehatz bat egin gura baina haizeak gogor joten baeban ezinezkoa izaten zan. Gaur egungo tresnakaz mirariak egin daitekezan arren, itsasoaren mobimentuari begira be egoten ziran kamerariak.

Horrezaz gan, ondoez, zorabio eta horreei aurre egiteko zer hartu behar dan eta holakoakaz be gorabehera batzuk izan genduzan. 

3.- Sorbaltza Euskadin udan agertzen dan hegaztia da, berezia, milazak kilometro egiten dituana airean. Zer islatu gura izan dozu? Zein da metaforea?

Ederra izan da dokumentalaren gidoia idaztea; lantaldean ibili gara Harkaitz Cano, Silvia Rey eta hirurok eta gozau egin dogu. Hegazti magikoa da sorbeltza, migratzailea, milazak kilometro egiten dituana airean hegaz, lo, jan, hartu-emon sexualak, hori dana eta gehiago. Txundigarria bai neuretzat eta Sorbeltzako protagonistentzako be, askatasuna ikusten dabelako txori horretan; hegaz zoazela jan, lo egin eta holakoak lasaitasunez egiten dituala ikusita, protagonistek be patxadea hartzen dabe.  

4.- Lucrecia 1927an eregitako belaontzia erabili dozue film laburrean. Zelan lortu dozue?

Guretzako erregalua izan da, benetako altxorra, 1927an eregitako belaontzia, Holandako arkitekto batek alabeari erregaletako eregitakoa.

Ganerakoan, filmari ekin aurretik gauza asko zehaztu behar dozuz, non kokatuko dozun istorioa, aktoreak,  ze osogai beharko dozun, non egin filmaketea, Donostian, Pasaian eta bestelako kontu batzuk. Kontua da ze Lucrecia Pasaian topau genduala, Pasaiatik Donostiara arteko joan-etorria egiten dauena; Ostarte Sailing-eko gipuzkoar marinel bik barriztau dabe eta eurekaz berba egin eta azalpen guztiak emon euskuezanean, maitemindu egin ginan; antza, Holandako arkitekto batek alabeari erregaletako eregi eban. 

5.- Aitor Etxebarriak sortu dau Sorbeltzarako musikea. Pozik emoitzeagaz?

Oso pozik. Aparteko musikaria da. Orain hiruzpalau urte Interior, Taxi Noche egin genduan, Kimuak Katalogoan egon zan film laburra eta hor Etxeabrriaren kantu bat erabili genduan. Berehala jaubetu nintzan lotura handia egoala Aitorren musikearen eta neure filmak egiteko jarrerearen artean. Ordutik kolaboretan dogu eta biok be oso pozik gabiz.

Sorbeltza film laburrerako konposizino berezia egin dau eta gogoa daukat Aitorregaz beharrean jarraitzeko, film luzea edo dana dalakoa egiteko.

6.- Proiektu honen inspirazino iturri nagusienetakoa Yasunari Kawabata idazle japoniarraren Loti ederra (1961) kontakizuna izan da. Zergaitik?

Kawabata Harkaitzek eta bion erreferentzia da; Literaturako Nobel sariduna izan zan eta Loti ederrak zoragarria da, Ibon Uribarri Zenekortak euskerara ekarria. Hor jorratzen danagaz lotura berezia daukat eta eredu da niretzako Yasunari Kawabata. Picassok be esaten eban danok edaten dogula aurretik bateren batek egindakotik. Zeure egiten ahalegintzen zara eta zoritxarrez gitxitan lortzen dozu handi batzuen mailara heltzea. 

7.- Polanskiren Knife in the water (1962) be gogoan hartu dozu klaustrofobiaren kontzeptua jorratzeko...

Maisulana. Polanskiren lehenengo film luzea izan zan, hor be hiru personaje ziran belaontzi baten eta polito landu eban klaustrofobiaren kontzeptua. Sorbeltza filmak be badaukaz holako gauzak, zergaitik izango ete da... 1962ko Knife in the water klasikotzat hartzen dogu zinezaleok, batez be, Polanskiren zaleok. 

8.- Gidoia idazten ibili zarie zeu, Harkaitz Cano eta Silvia Rey. Zer gura izan dozue nabarmendu?

Historiaren mamina Lucrecia belaontzian doan bikote baten istorioa landu dogu, bizimodu hobea gura dauena, gatxik bakoa, insmniorik bakoa; hirugarren personajea be sartzen da, bikotearentzako ezezaguna dana. Hirukotea belaontziaren espazio txikian. Hain zabala dan itsasoan, klaustrofobia be sentidu zeinke, holako atmosfera bereziak sortu gura izan doguz, tensino erotikoa, dudak, lo galdua lako gatxak osatzeko sorbaltzaren irudia...

Aktoreak oso ezagunak dira: Erika Olaizola, Miren Gaztañaga eta Joseba Apaolaza. Eta ez dot ahaztuko Heren de Lucas.

9.- Huhezinema joan zan baina Laburbira, euskerazko film laburren zirkuitua martxan dago apirilaren 5era arte. Badozu faboritorik?

Kordintzaile lanetan dabilenak zeregin asko izaten ditu eta faboritoen izenik ez deutsut esango. Sorbeltza jaialdietan eta zabaltzen hasi gara baina honeek gauzak astiro doaz. Ibizan izan ginan eta hemetik aurrera Bartzelonara, DA Festibalera joango gara. Arrasaten be emonalditxu bat atonduko dogu baina hitzorduaren ganeko informazinorik ez dogu. Kontuan izan Arrasateko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzearen babesa izan dogula Sorbeltza egiteko.

2023ko Huhezineman, barriz, Maider Oleagak irabazi eban Irrits lanean egindako lan bikainagaitik eta hortik gora David Gonzálezen Siempre lunes eta Estibaliz Urresola Solagurenen Cuerdas nabarmenduko neukez baina ahaztu barik Publikoaren Saria irabazi eban Ana Lambarri Tellaecheren 36.

10.- Igaz Serendipia aurkeztu zenduan baina film luzerik egiteko gogorik badozu?

Gogoa bai eta ibili banabil baina saltsa handia da mundu horretan sartzea, industria, banatzaileak, aurrekontu potoloak, produktoreak, finantziazinoa... Hori dana atontzea burukomin handia da baina ez deutsut ezetzik esango...

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu