Zirgari Sariek aldarrikatzen dabe ezbardintasunak ez dauela bardin
2023-03-08 09:08 KultureaBardintasunaren aldeko proiektuan, Zirgari saria ESASentzat (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) izan da.
Sara Estévez ‘Maratón’ kazetaria (ohorezkoa), AMUGE eta Lanbroa alkarteak (erakundeak, ex aequo) eta ESAS (proiektua) izan dira sarituak zortzigarren edizino honetan, martiaren 8aren giroko jardunaldian. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta BBKren Bardintasunaren aldeko Zirgari Sariek gure Lurralde Historikoan emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde persona, erakunde eta proiektuek egiten daben lana aintzatesten dabe.
Sariak Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko foru diputaduak eta Nora Sarasola BBK Gizarte Ekintzako zuzendariak emon ditue.
Zirgari Sarien ohorezko kategorian, Sara Estévez kazetariaren lana autortu da. 1952an hasi zan lanean Radio Juventud irratian eta futbola lako kirol maskulinizatu bateko lehen kronistea izan zan. Horrezaz gan, irratsaio bat zuzendu eban lehenengo emakumea izateaz gan, 1954tik 1990era erreferentzia izan zen bere kirol kronikakaitik, baina 1973ra arte inork ez eban jakin Maratón izengoitiaren atzean emakume bat egoanik be. Sara Estévezek 98 urte ditu gaur egun.
Erakundeen kategorian, Zirgari saria ex aequo emon da: Alde batetik, 2003an sortutako AMUGE Bizkaiko emakume ijitoen lehen alkartea saritu da, aldarrikapen feministak planteau nahi zituen emakume-talde baten ekimenari esker. 138 bazkide ditu eta azken hamarkadan 500 emakume baino gehiago igaro dira alkartetik. Euren eten bako jarduereak emakume ijito asko ahaldundu ditu tailer, jardunaldi, topagune eta beste jarduera batzuei esker.
Bestalde, Lanbroa saritu da. Alkarte hori feminismoaren alkarte aitzindarietako bat izan zan Bizkaian eta gure Lurralde Historikoko mobimentu feministan erreferentzia eztabaidauezina izan zan; 70eko hamarkadan sortu zan eta hasieratik salatu zituan emakumeen zapalkuntzea, patriarkatuaren existentzia eta lanaren banaketa sexuala eta mobimentu feministea aldarrikatu eban alderdi politikoetatik eta erakundeetatik kanpo.
Bardintasunaren aldeko proiektuan, barriz, Zirgari saria ESASentzat (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) izan da. ESAS ekimenaren helburua da emakumeek musika klasikoaren munduan, bai konserbatorioetan, bai musika-eskoletan, bai ibilbide profesionalean daben protagonismorik eza indarbakotzea, zuzendaritzea, produkzinoa edo konposizinoa lako esparruetan ia emakumerik ez dagoalako eta hareen obrak nekez programetan diralako. ESASek emakumeak protagonista dituen kultura-topaketak bultzatzen ditu, batez be emakumeei lekua egingo deutsen diziplina askotako proiektuen sarea bultzatuz.
Teresa Laespada diputaduak, ekitaldian parte hartu daben 300 persona baino gehiagoren aurrean egindako berbaldian ondokoa aldarrikatu dau: Feminismoak bizitzak salbetan ditu, bideak aurrera jarraitzen dau, mobimentu hau kolektiboa eta emantzipatzailea da, askatasun eta eskubide-olatuakaz heltzen da eta bardintasuna ideal ederra eta beharrezkoa da.
Bestalde, BBK-ko arduradunak, Nora Sarasolak ondokoa gogorarazo dau: Egunero gogoratu behar ditugu burrukan ibilitako eta gure eskubideen alde lanean jarraitzen daben emakume guztiak.
Bart Afganistango Fawzia Koofi politikari eta aktibisteari urtarrilean emon jakon Ohorezko Zirgari saria ekarri da gogora, munduan zehar beren eskubideak eta askatasunak defendiduteko lanagaitik beren bizitzak arriskuan jarten dituen emakume guztien izenean.
Ekitaldian Earth songs Project taldeak eta Koralai abesbatzak be parte hartu dabe. Era berean, gure gizartean oraindino bizi dogun bardintasun falteari buruzko opari txiki bat emon da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!