Komunidade gastronomikoak eta Basque Culinary Centerrek omenaldia egin deutse Hilario Arbelaitzi

Bizkaie! 2023-03-08 08:31   Jan edanak

Ramon Rotetaren eskultura bat eta Basque Culinary Centerreko ikasleek sinatutako jakatxo bat eskuratu ditu Arbelaitzek.

Hilario Arbelaitz, Eneko Atxa, Pedro Subikana eta Martin Berasategui | Ikusi handiago | Argazki originala





Hilario Arbelaitzi bart egin deutse omenaldia Zuberoako sukaldean egindako ibilbideagaitik.

Hilariok Basque Culinary Centerreko patronatuko zenbait sukaldari izan ditu alboan, besteak beste, Pedro Subijana, Eneko Atxa, Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz, Diego Guerrero eta Elena Arzak, baita hareen dizipuluak, Mahaia Kolektiboko kideak (besteak beste, Gorka Txapartegi, Dani López, Roberto Ruiz eta Aizpea Oihaneder).

Hilario Arbelaitzek eta familiak, gastronomian 52 urteko ibilbidea egin eta gero, behin betiko esan deutse agur Zuberoa jatetxeko sukaldeari (Oiartzun) eta errastu ezabauezina itxi dabe lurraldeko sukaldaritzearen historian. Hori dala eta, ibilbide horretan inguruan izan dituan lagunak eta lankideak batu ditu Basque Culinary Centerrek, haren lorpen aipagarrienak gogoratzeko.

Euskal sektore gastronomikoko 250 kide baino gehiago badu dira, sukaldariak, produktoreak, ekintzaileak, industria gastronomikoa, komunikabideetako ordezkariak eta erakundeak.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko Zuzendariak autortu dauen moduan, Hilario Arbelaitz, Basque Culinary Centerren historian oinarrizkoa izateaz gan, euskal gastronomiaren erreferentzia be bada, sukaldari lez jakin baitau tradizinoa, produktuak, saboreak eta teknikak errespetetan, lurraldeko sukaldaritza tradizionalaren aurrean errespetu eta lotura horri eutsiz. Gaur, ez dogu beste omenaldi sinple bat egin nahi, lagunen topaketa bat baino, gogoratzeko, berba egiteko eta, amaitzeko, Hilarioren eta Zuberoaren alde egiteko eta eskerrak emon nahi deutsagu gaur egun sektore osoak errespetetan, miresten eta aintzatesten dauen maisu handi horren dedikazino eta, konpromisoagaitik.

Ganera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak haren omenezko berba batzuk eskaini deutsoz eta euskal kulturak eta musikeak be izan dabe lekua omenaldian, Alaia Martin bertsolari oiartzuarraren eta Euskal Gastronomiako Kofradiako Eguzkilore Abesbatzaren saioen bidez.

Ekitaldia amaitzeko, bertaratutakoei koktela eskaini deutse Mahaia Kolektiboko kide Jon Ayala (Laia), Gorka Txapartegi (Alameda), Roberto Ruíz (Hika Gastronomiko), Pablo Loureiro (Urola Etxea), Igor Arregi (Kaia) eta Ruben Trincado (Mirador de Ulía) chefek.

Basque Culinary Center bultzatu ebenetako bat izan zan Hilario Arbelaitz, eta, besteak beste, hari esker edegi zituan ateak erakundeak eta bihurtu da nazinoarte mailako erreferentzia. Zuberoak metafora bat osotu dau, alkartasunarena, lurraldearena, jakintzearena eta legatuarena eta Hilario chefak sektorea eta lurraldea markau ditu, haren pasinoa, giza mailea eta gastronomiaren aurreko konpromisoa dirala eta. Testuinguru horretan, hitzordu hau ez da izan beste omenaldi bat gehiago, lagunen topaketa edegi bat baino eta Hilario, Zuberoa eta Arbelaitz familia gogoratzeko, hareei buruz berba egiteko eta hareen alde topa egiteko aukera bat.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu