Bilboko Udal Musika Bandeak emakume musikarien omenezko kontzertua eskainiko dau

Bizkaie! 2023-03-07 09:54   Musikea

Emakume Musikagileak izenburukoa da martiaren 10eko kontzertua. 

Martiaren 8an, Emakumeen Nazinoarteko Egunean, Bilboko Udal Musika Eskoleak kontzertu berezia atondu dau emakumeek musikearen esparruan izan daben protagonismoa ikusarazo eta berreskuratzeko, klasizismotik hasi gaur egunera arte. Hitzordua bariku honetan izango da, martiaren 10ean, 19:00retan, La Galerako Entzunaretoan (Sorkunde, 8). Sartzea doban da edukierea bete arte.

Emakume Musikagileak izenburupean, kontzertuan zehar, Bilbao Musika Eskolako ikasle eta irakasleek Maria Theresia von Paradis, Elisabetta De Gambarini, Louise Farrenc, Fanny Mendelssohn, Clara W. Schumann, Cécile Chaminade Mel. Bonis, Nadia Boulanger, Amy Beach, Florence Price, Helen Butterworth, Enya, Monica Aslund, Shania Twain edo Junkal Guerrero musikagileen obrak interpretauko dira, besteak beste.

Askotariko kontzertua izango da eta La Galerara hurreratzen diranek txistua, akordeoia, pianoa edo tronpea lako instrumentuen musikaz gozauko dabe. Era berean, hari eta koral taldeek, pop-rock konboek edo piano klasikoak parte hartuko dabe.

Emakume musikarien ondareari omenaldia

Emakumeak zientzian edo politikan bezela, maila musikalean produktiboak diran emakumeak XX. mendearen amaieratik baino ez dabe baztertu gizonezko kideen babesa. Hori orkestra-zuzendariei, orkestra-musikei, abeslariei, eleiza-musikei, musika independenteei, musika-irakasleei, moldatzaileei, instrumentu-eregitzaileei, musikologoei, musika-kazetariei, musika-kudeatzaileei, mezenasei eta bizitza musikalean aktibo dagozan beste persona batzuei apliketan jake.

Historian, musikan, beste diziplina batzuetan legez, emakumeak ia ez ziran agertzen edo ez ziran existiduten, gizonezkoek osotutako musikea jo, jantzan egin, abestu edo interpretetan ebenak kenduta. Halan da be, hainbat emakumek aspalditik itxi dabe euren presentziaren testigantzea.

Emakumeak traba handiak gainditu behar izan ditu antxinarotik nagusi diran genero-ezbardintasunek markauta eta musikearen artearen barruan moldatzen joan da,
zailtasun handiakaz, batez be konpositore lanetan, baita instrumentu mueta guztien jotzaile, orkestra-zuzendari edo musika-irakasle lez be.

Esangura horretan, kontzertuaren helburua historian zehar ibilbide labur bat egitea da, emakumeek musikearen arloan daben protagonismoa berreskuratzeko eta
emakume horreek datozen belaunaldiei itxitako ondarea balioesteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu