Tamara Garcia Iglesias: 'Artea da laguntasuna, alkar ezagutzeko jarrerea'
2023-03-06 07:55 BarriketanEuskal Herriko Unibersidadean Gizarte Antropologia eta Buenos Airesen Zinema Zuzendaritzea ikasita, bost urtez Aguilar de Campoo Nazinoarteko Film Laburren Jaialdiko zuzendaria izan zan eta lau urte Artelekugaz lotutako MAPA Kolektiboko programatzailea. Azken hamarkadan komisario lanak eta pelikulen produkzino zinematografikoan ibili da.Orain, barriz, zuzendaritza artistikoa egin dau Bilboko Arte Eder Museoaren Ikuspuntuak. Ellas, Estíbaliz Sádaba, Mabi Revuelta, Elena Goñi, Maider Aldasoro, Malús Arbide, Bego Antón, Amaya Suberviola eta Lorea Alfaro protagonista izan dituan ekimenean.
1.- Zer da Ikuspuntuak. Ellas?
Ikuspegi akademikoa artea ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuen gainetik dago eta, esangura horretan, Ikuspuntuak proposamen honen helburuak dira ohiko kontenplazino-kodeak ezereztu eta museoko bildumako obren interpretazino libre eta subjektiboa sustatzea. Ikuspuntu akademizistea nagusitu bada be, behaketearen ohiko kodeak desegin eta museoko bilduma modu libre eta subjektiboan interpretetea nahi dogu. Aurten bigarren edizinori ekingo deutsagu eta izatez Bilboko Arte Eder Museoaren ekimenean zortzi emakume artistek museoko lanakaz daben loturea eta hor sortu dan barriketaldia dago oinarrian. Artelanetan zelako eraginak, jarrerak eta ereduak dagozan aztertu eta zortzi artistek euren ikuspegia nabarmendu dabe.
2.- Zeintzuk dira obrak ikusteko eta artea ulertu edo entendiduteko moduak?
Esperientzia personala da obra bat aztertzea, zer eragiten deutsun, zer teknika erabili dituan autoreak eta holakoak aztertzea. Artea da laguntasuna, alkar ezagutzeko jarrerea, bakotxaren narratibea. Horixe da proponiduten dogun begiradea. Esangura horretan, proiektuaren bitartez, aitatutako artista horreek museoaren bildumako emakume artisten obren aurrean kokatzen dira, hain zuzen be, XVI. mendetik gaur egunera arteko artisten obren aurrean. Horreen eraginak azaldu eta euren genealogia artistikoak erakusten ditue, besteak beste, literatura feministea (Estibaliz Sádaba) eta patroigintzako edo telebisteari buruzko liburuak (Maider Aldasoro).
Artisten lanen berezitasuna, profesionaltasuna eta ingurunearen ezagutza ardatz hartuta, Ellas proiektuak gidoi berezi bat eregiten dau emakumezko artisten lanakaz. Azken aldion emakume artisten presentzia eta ekarpena sano aldatu da, gero eta gehiago dabiz, euren maila ona nabarmendu behar da baina oraindino emakume artistei merezidu daben lekua egin behar jake museo eta galerietan
3.- Estíbaliz Sádaba (Basauri, Bizkaia, 1963), Mabi Revuelta (Bilbao, 1967), Elena Goñi (Pamplona, 1968), Maider Aldasoro (México, 1992), Malús Arbide (San Sebastián, 1958), Bego Antón (Bilbao, 1983), Amaya Suberviola (Mendavia, Navarra, 1993) y Lorea Alfaro (Estella, Navarra, 1982). Danak emakumeak. Zergaitik?
Museoaren erabagi politikoa izan da gizon eta emakume artisten arteko zeozelako orekeari eustea, museoaren estrategia da merezidu dauenari lekua emotea eta emakume artista oso onak doguz gurean.
Martiaren 8an ospatuko dan Emakumearen Nazinoarteko Eguna be aitatzen dozue kazetariok eta kasualidadea izan dala azpimarratuko gura dot, urtebete ta erdi edo gabiz beharrean eta holan subertau da. Asmoa ez da inondik inora izan martiaren 8 handi horren inguruan amaitzea.
4.- Zortzi emakume artista museoaren bildumako emakume artisten obren aurrean kokatzen dira, hain zuzen be, XVI. mendetik gaur egunera bitarteko artisten obren aurrean. Estíbaliz Sádabak koadro berezia aurkeztu deusku, umea besoetan dauen emakume bat; zein da ikusentzunezkoaren esentzia?
Estibaliz Sadabak 1890eko Mary Cassatten lanaren aurrean adierazoten deusku eragin asko ditugula artistok eta askotan gura barik bada be, ezkutatu egiten doguzala norberarena nabarmentzeko. Eraginak baztertu beharrean, erabilten jakin behar dirala dino Sadabak geureak aberasteko.
Sadabak uste dau geure sormena barritzailea dala pentsetan dogula baina klasikoen erakargarritasuna sekulakoa dala eta horri uko egitea ez dala zentzunezkoa.
5.- Zortzi atal edo ikus-entzunezkoetako bakotxak zati bi ditu. Zeintzuk dira?
Alde batetik, erregistro bat dago, artista konbidatua museoko egilearen iruditerian, haren gorputzean proiektetan dalarik obrea; eta, bestetik, obreari buruzko alkarrizketea artista bien arteko interesei, eraginari, dudan jarteari edo bestelakoei buruzkoa. Holan, Ikuspuntuak. Ellas proiektuaren proposamena narrazino bat da, berezko narrazino inspiratzaile bat, sorkuntzearen munduan emakumeen ikuspegitik barruratzeko. Bideo bakotxak 12 minutu inguruko iraupena dau, kamera bakar batez grabauta dago, zuzeneko soinuagaz eta, kasu batzuetan, narrazino barik.
6.- Ikus-entzunezkoen zuzendaritza artistikoa zure ardurea izan da. Faboritorik?
[Barreka] Faboritorik baneuko be ez neutsun esango... Zuzendariok nahikoa lan daukagu holako saltsatan sartzeko. Ondo pasau dogu, asko ikasi dot eta artistak eurek be pozik geratu dirala esango neuke.
Ganerakoan, museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailagaz alkarlanean, ekimen barritzaile honetan buru-belarri ibili gara, artista egokienak aukeratzen eta edukiak jorratzen, horrexek izan dira betebeharrak eta ezin ahaztu obren behaketearen ohiko kodeak desegiten eta museoko bildumea era libre eta subjektiboan interpretetea sustatzen be ibili garela.
6.- Lanok martiaren 30era arte ikusi daitekez Bilboko Arte Eder Museoan. Zer topauko dau ikusleak?
Aktibo dagoan artistearen eta museoan obrak dituen artistearen arteko loturea topauko dau ikusleak, barriketaldiotan artistek barrutik ataratako guztia, artisten erreferentziak, eraginak, lan egiteko moduak, estratagiak, zailtasunak eta holakoak.
7.- Tamara Garcia Iglesias zinemagilea, idazlea, produktorea...
[Barreka]... Gure beharrotan oso gustora gabiz eta arlo bat baino gehiago jorratzea nahitaezkoa da. Aitatu dozuzan horreek eta gehiago be badagoz baina landu dodazan arlo horreetatik guztietatik zinemearen mundua, akaso, gehien maite dodana da. Badakizu autonomoak gara eta bizimodua atarateko hemen, hor eta han egon behar zara, produkzino bat baino gehiagotan nabil oraintxe, pentsaizu... [Barreka]
8.- Ikus-entzunezko esperimentalak, diskoak diran filmak, pelikula instalatiboak eta holakoak egiten dozuez Atekaleun produktoran. Zer da Atekaleun?
Zeuk esan dozu. Zinemea ardatz hartuta makinatxu bat arlo jorratzen doguz esperimentazinoaren harian, irudiak eta soinuak buztartuz eta holakoakaz olgetan ibilten gara Xabier Erkizia eta biok.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!