'Artistak Egoitzan' programearen deialdia zabalik

Bizkaie! 2023-03-01 10:13   Kulturea

Gehienez sei proiektu eszeniko laguntzeko asmoa dago.

Bilboko Udalak, Bilboko Udalaren esku dagoan Baliabide Eszenikoen Zentroaren bidez, Artistak Egoitzan programearen XV. edizinoaren deialdia jarri dau martxan. Aurten parte hartu nahi daben euskal konpainiek eta artistek apirilaren 5era arte dabe zabalik proposamenak aurkezteko epea.

BilbaoEszenak sei arte-proiektu aukeratuko ditu gehienez, proposamen eszenikoak sortu, ikertu eta zabaltzeko. Deialdi hau Euskadiko artista eta konpainientzat baino ez da (Iparralde eta Hegoalde) eta laguntza bi bereizten ditu: Hasierako fasean dagozan 2.000 euroko proiektuetarako eta, bestetik, lanketa fasean dagozan 4.000 euroko proiektuetarako.

Aurkeztu eta hautatutako proiektu artistikoaren arabera, gehienez 25 eguneko iraupena izango daben egoitzak uriko eremu eszenikoetan landuko dira, ahal bada garagarrilean, abuztuan, irailean eta urrian.

Hautatutako persona edo konpainiek euren sormen-prozesuak aurkezteko aukerea izango dabe publikoaren edo sektoreko profesionalen aurrean, bai Bilbao Antzerki Jantza (BAD) Jaialdian, bai Bilboko Udaleko Kultura eta Gobernantza Sailaren beste programa batzuen barruan be.

Parte hartu nahi daben persona edo konpainia guztiek BAD jaialdiaren webgunean topauko daben formularioa bete behar dabe eta proiektuaren dossierra erantsi, pdf formatuan.

Artistak Egoitzan

Programearen helburu nagusia laguntzea da, baliabideak eskainiz, besteak beste, ekonomikoak, teknikoak eta prestakuntzakoak, eremu eszenikoetan sormen edo ikerketa-prozesu bat jorratu gura daben banakako arte-erakunde edo artista guztiei, batez be, eszena barriakaz lotura handiena dabenei, interes espezifikoa eta jakintza-alor anitzekoa dabenei, ardatz nagusitzat antzerkia eta/edo jantzea izanik, betiko diziplinakaz lotutako proiektuak baztertu barik, berabarako kaleko antzerkia edo zirkoa.

Programa honen bidez, Bilboko Udalak sorkuntza artistikoa sustatzeko ekimenak erraztu eta lagundu nahi ditu, baita eremu eszenikoa oinarri nagusi daben ikerketa eta garapen-prozesuak bultzatu be, dramaturgia barriakaz zerikusia dabena. Era berean, hirugarren helburu bat jarri beharko litzateke, talentu sortzailea topau eta horri eusteko eta, beraz, produkzino prozesurako sarbidea errazteko.

Aurreko deialdiak

2022an, aukeratutako proiektuak garapen-fasean egozan proiektu bi izan ziran: La fragilidad de mi pene (antzerki fisikoa) Atic Heredia Debarena; eta 365 (jantzea) Denis Martínez artistearena. Hasierako fasean egozan proiektu bi be aukeratu ziran: Ultra Violet (jantzea) Almudena Pérezena; eta Parábola (jantzea) Dácil Wijkströmena.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu