'Ikuspuntuak. Ellas'

Bizkaie! 2023-03-01 09:17   Kulturea

Martiaren 30era arteko epea dago Ikuspuntuak. Ellas Bilbon ikusteko.

8 emakume artista Bilboko Arte Eder Museoko bildumako emakume artisten obren aurrean kokatzen dira, XVI. mendetik gaur egunera arteko artisten obren aurrean, hain zuzen be.

Ikuspegi akademikoa artea ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuen gainetik egon bada sarritan, Ikuspuntuak proposamen honen helburua ohiko kontenplazino-kodeak desmontetea da, museoko bildumearen interpretazino libre eta subjektiboa sustatzeko.

Ellas bigarren denporaldi hau, 8 atalez osotuta dago eta emakume artisten lanei batasuna emoten deutsen balizko genealogia bat eta produkzino artistikoaren abiapuntu eta sortzaile legez funtzionetan daben erreferenteei eta eraginei buruzko posizionamenduak dira Ikuspuntuak ekimenaren bigarren edizinoaren arlo nagusiak.

Sarritan ikuspuntu akademizistea nagusitu jake ikusteko eta ulertzeko beste modu batzuei. Idea horri eutsiz, museoko Hezkuntza eta Kultur Ekintza Sailak, Tamara García Iglesias (Lasarte, Gipuzkoa, 1978) zinemagileagaz batera, ekimen barritzaile hau barriro be landu dau, behaketaren ohiko kodeak desegin eta museoko bildumea era libre eta subjektiboan interpretetea sustatzeko.

Denporaldi honetan, Ikuspuntuak. Ellas, ikus-entzunezko zortzi atal barri eskaintzen dira eta gaur egun euren ibilbideari hasierea emon deutsen edo horretan jarraitzen daben beste hainbeste emakume artista dira horreetan protagonista: Estíbaliz Sádaba (Basauri, Bizkaia, 1963), Mabi Revuelta (Bilbao, 1967), Elena Goñi (Iruñea, 1968), Maider Aldasoro (Mexiko, 1992), Malús Arbide (Donostia, 1958), Bego Antón (Bilbao, 1983), Amaya Suberviola (Mendabia, Nafarroa, 1993) eta Lorea Alfaro (Lizarra, Nafarroa, 1982).

Proiektuaren bitartez, aitatutako artista horreek museoaren bildumako emakume artisten obren aurrean kokatzen dira, XVI. mendetik gaur egunera arteko artista hilen obren aurrean. Horreen eraginak azaldu eta euren genealogia artistikoak erakusten ditue, literatura feministatik hasi (Estibaliz Sádaren kasuan) eta patroigintzako edo telebisteari buruzko liburuetaraino (Maider Aldasoro). Erreferentzia horreek guztiek lan bitakorek egituratzen dituen mapa mentalak osotzen ditue, Mabi Revueltak zehaztu dauenez.

Artisten lanen berezitasuna, profesionaltasuna eta ingurunearen ezagutzea ardatz hartuta eta emakumezko artisten arteko sororidadea gogoan hartuta, Ellas proiektuak gidoi berezi bat konektatu eta eregiten dau emakumezko artisten lanakaz; horreetako batzuk ahaztu egin dira eta beste batzuk, barriz, musekin nahastau izan dira.

Zortzi ataletako bakotxak zati bi ditu: Batetik, dokumentu erregistro bat eskaintzen dau eta horra barriratzen da artista gonbidatua museoko egilearen iruditerian, haren gorputzean proiektetan dalarik obrea; eta, bestetik, alkarrizketa bat proponiduten da, obreari buruzkoa eta artisten bien arteko interesei, eraginari, zalantzan jarteari edo ezbardintasuei buruzkoa. Holan, Ikuspuntuak. Ellas proiektuaren proposamena narrazino bat da, berezko narrazino inspiratzaile bat, sorkuntzearen munduan emakumeen ikuspegitik barruratzekoo. Bideo bakotxak 12 minutu inguruko iraupena dau, kamera bakar batez grabauta dago, zuzeneko soinuagaz eta, oraingo honetan, narrazino barik.

Martiaren 30 era arteko epea dago Ikuspuntuak. Ellas Bilbon ikusteko.

Oharra: Bizkaie!-n  Ikuspuntuak. Ellas-eko zuzendariak, Tamara García Iglesiasek, azalpen guztiak emogo deuskuz Barriketan atalean (martiaren 6an).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu