Haize-Arrosa talde sortu barriak lehenengo kantua eta bideoklipa plazaratu ditu

Bizkaie! 2023-03-01 08:44   Musikea

Bizkaitarrak ondo hausnartutako erritmoakaz datoz.

Haize-Arrosa taldea Berrizen sortu da 2022. urtean. Taldearen musika koloreak askotarikoak eta pluralak dira baina ez dabil haize-orratzak marketan dauenaren arabera. Ondo hausnartutako erritmoak landu ditue, eskarmentu handiko musikariak dira (gehien bat Ene Bada taldean ibilitakoak) eta askatasuna ardatz hartuta ataratako erritmoak jorratu ditue. Folk-rock, Irish-folk-rock, pop-rock, country-rock, elektro-pop-triki, world-fusion, baladea, flamenkoa, mex, fandangoa, a capella, ambient...

Haize-arrosa taldeak Tortolaraino aurkezpen singelean 'bertaraino' dagoala dino. Onintza Enbeitak idatzitako testua argigarria da. Berrizko talde barria gogotsu dator jantzarako eta hausnarketarako. Tortolaraino abestiak bete-betean elektro-pop-trikia dakarsku, udabarria ondo pasetako konbita alaia.

Bideoa Iker Villak zuzendu dau eta Onintza Enbeita eta Ana Goitia be agertzen dira.

Haize-Arrosa dira: Eneritz Gorritxategi Lariz, Edurtzeta Ania Albizbeaskoetxea, Markos Murillo Gil, David Vallejo Cantero eta Peio Agirre Gimenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu