Emakumeak gora! goiburuari eutsiz dator aurtengo kanpainea

Bizkaie! 2023-03-01 08:16   Kulturea

Erabagi eta lidergo postuetan emakume gehiago egotea aldarrikatzen dau Martiak 8ko kanpaineak.

Emakunderen eskutik, hiru foru aldundiek, EUDELek eta EAEko hiru uriburuek bultzatu dabe kanpainea eta gogorarazoten deuskue gerentzia postuen % 6 baino ez dabela betetan emakumeek eta hori ez dala prestakuntza falteagaitik, rol sexistak nagusi diralako baino.

Emakumeak gora! da Emakumeen Nazinoarteko Egunaren aurtengo kanpainearen goiburua eta horren bidez aldarrikatzen da gizarteak emakume gehiago behar dituala erabagi eta lidergo-postuetan eta, horretarako, emakumeek euren ahalmen guztia bardintasunean jorratu ahal izateko baldintzak sortu behar dirala.

Kanpainearen aurkezpenean izan dira Nerea Melgosa Bardintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, Gasteizko alkate eta EUDELeko alkarteburua, Nerea Isasi, Ainhoa Campo eta Patricia Campelo, Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Bardintasun zuzendariak, hurranez hurran; eta Nekane Alonso eta Ane Oyarbide, Bilboko eta Donostiako Bardintasun zinegotziak.

Nerea Melgosaren eretxiz, Gizarte honek emakume gehiago behar ditu erabagi eta eragin postuetan eta kanpaina honetan erakusten dogu zeintzuk diran emakumeei lidergo-postuetara bardintasunez heltzea eragozten deutsen oztopo nagusiak. Holan, kanpaineak mito faltsuak eratsi edo beheratzen ditu, besteak beste, emakumeak ez dagozala prestatuta postu horreek beteteko, izan be, Euskadin goi-mailako ikasketak dituen persona guztietatik, emakumeak ia % 60 dira.

Emakumeak titulazino teknikoetako matrikulen % 23 baino ez izatea, ez da bokazino falteagatik, geure erabagiak mugatzen dituen estereotipoetan oinarritutako hezkuntzearen emoitzea baino.

Jagoteko eszedentzien % 7a emakumeek hartzea ez da emakumeek baino ez dakitelako jagoten. Gizarteak rol hori ezartzen deusku eta honek emakumee garapen profesionala mugatzen dau.

Sailburuak jakinarazo dauenez, emakumeek erabagiak hartzen diran guneetara heltzeko dituen oztopoetako batzuk dira ondokoak: Batzuetan ikusezinak edo ikusteko gatxak diran hesiak, besteak beste, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, jagoletza-lanen gainkargea, konfidantza-arrakalea, rolak eta estereotipoak...

Melgosak zailtasun horreetako batzuk zerrendatu ditu: Boterea gizonen kontua dala pentsetan dogu; emakumeei perfekzinoa eskatzen jake erantzukizun-postuetara heltzeko (eta euren buruei be eskatzen deutse); umeek oraindino be jasoten dituen mezuetan mutilen lidergoa indartzen dala; edo anbizinoa gizarte mailan zigortuagoa dagoala emakumeen artean.

Bestalde, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak kanpainearen datuetan eta kontzeptuetan sakontzeko sortu dan webgunea aurkeztu dau: www.emakumeakgora.eus. Urrats bat emon gura izan dogu eta kontzeptu batzuetan gehiago sakondu, laguntzen baiteuskue ulertzen zergaitik emakumeei gatxagoa egiten jaken heltzea eta ardura-postuetan luzaroan egotea, esan dau. Webgunean, kanpainako emakumeen ganeko hainbat kontzeptu azaltzen ditue, kristalezko sabaiak, zoru itsaskorrak, iruzurgilearen sindromea, konfidantza-arrakalea, soldata-arrakalea, rolak edo esterotipoak edo meritokrazia faltsua. Elgarrestak azaldu dauenez, kanpainea kalean be islatuko da, zenbait puntutan jarriko diran eskailera moduan eta bardintasun ezari eta emakumeak emakume izateagaitik traba barik igoteko beharrari buruzko datu batzuk gogorarazoko deuskuez.

Webguneaz gan, kanpaineak kartelak, irrati-iragarkiak, bannerrak eta iragarkiak ditu eta zezeilaren 27tik martiaren 14ra egingo da, kanpoko euskarrietan, komunikabideetan eta sare sozialetan. Ganera, kartelak bialdu dira erakundeetara, ikastetxeetara, osasun-zentroetara, alkarteetara, enpresetara, kultura-etxeetara eta liburutegietara. Era berean, sare sozialetan #emakumeakgora traolea erabiliko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu