Joan Arin Dorronsororen material toponimikoa digitalizau dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2023-02-28 13:06   Euskerea berbagai

Dorronsoro aitzindaria izan zan euskal toponimiaren ikerketan.

Azken urte bitan, Ataungo Udalak bidelagun izan dau Euskaltzaindia euskerea sustatzeko zereginean. Alkarlan hori 2021eko Joxemartin Apalategi Begiristain bekan gauzatu da. Ikerketa-bekearen babesean, Joan Arin Dorronsoro ataundarrak herrian egindako toponimikoak aztertu eta digitalizau dira, baita ortografia egokitu be, izenak erabilgarriak izan daitezen.

2020ko urrian, Ataungo Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza-hitzarmena sinatu eben. Ondoren, Euskerearen Akademiak beregan hartu eban bekearen zuzendaritza akademikoa, hain zuzen, Luis Mari Zaldua Etxabe euskaltzain urgazlearen eskutik. Era berean, Euskaltzaindiak Paskual Rekalde Irigoien euskaltzain osoa bekea esleitzeko epaimahaiko eta lantaldeko kide izentau eban eta Mikel Gorrotxategi Nietok, Onomastika zerbitzuaren arduradunak, egitasmoan behar zan aldiro parte hartzea onetsi. Bekadun Txema Zubizarreta Aranbarri hautatu eben eta lanari 2021eko garagarrilaren 19an emon jakon hasierea: Aste birik behin batu gara laurok digitalizatze lanak behatzeko eta toponimo bakotxari, jagokon fitxearen hasieran, datu basean bakartzen dauen formea esleitzeko. Azpimarratzekoa da Txema Zubizarretak erakutsitako lanerako prestutasuna eta gogoa, azaldu dau Luis Mari Zaldua Etxabek.

Aurrera jarraitzeko nahia be azaldu dau Ataungo Udalak, Arinek batuta hizkuntza ondarea egungo mapetara ekarri nahi baitau; aurreko lanetan lez, zeregin honetan be Euskaltzaindia izango dau bidelagun: Arinek, hareen ahozko formak eta idatziko lekukotasunak bateaz gan, leku izen guztiak berak eskuz egindako krokisetan kokatu zituan. Horixe da, hain zuzen, bere lanaren alderdi baliotsuenetako bat. Lurrari lotutako elementuak izanik, kartografian adierazo ezean, toponimoak hankamotz geratzen dira, euren balioaren parte garrantzitsua ezabatzen da, azpimarratu dau Martín Aramendi Arana Ataungo alkateak.

Joan Arin Dorronsoro

Herrikoentzat Don Juan Txiki, San Gregorio auzoko Telleriazpi baserrian jaio zan 1892an. Abadez ikasketak Gasteizen egin zituan eta, Araban (Artzubiagan eta Garaion) urte bitan ibili ondoren, sorterrira bueltau eta bertan emon eban bizitza osoa. Jose Migel Barandiaranen auzokidea ez eze, haren lagun eta jarraitzailea izan zan. Horren lekuko, hiltera joiala, Arinek haren esku itxi zituan argitaratu bako lan batzuk.

Telleriazpikoak estreinako lana –herriko landa eremuko bizilekuei eta giza egoitzei buruzkoa– 1926an kaleratu eban, Barandiaranek sortu eta zuzenduriko Anuario de Eusko Folklore aldizkarian kaleratu be. Egin eban lana ikusita, agirikoa da, orduko, toponimia atsegin ebala eta jakinbide horri aparteko garrantzia emoten eutsola, segurutik Barandiaranen eraginez, ezaguna danez, honek leku izenez ondo hornitutako eskuz egindako planoak sarttzen baitzituan arkeologia arloko ikerketei buruzko argitalpenetan.

1936ko gerrearen aurretik egindako lanen artean, aitatu aldizkarian urte bi aurrerago (1928an) atara eban Toponimia del pueblo de Ataun artikuluak, batutako izen kopuruarengaitik ez eze (2.500 toponimo inguru), erabilitako metodologiarengatik be bai.

Euskal eremuko aldizkari zientifiko batean ahozko lekukotzak, aitamen idatziak, etimoa eta izenen kokapena zehazteko mapak edo krokisak bateratzen dituan lehenengo lanaz gabiz. Aitzindaria izan zan, beraz, Ataungo onomastikaria. 1928ko ikerlana aberasten daben eskuz egindako hogeita bi marrazkietan errekak, antigoaleko galtzadak, bidezidorrak, etxeak eta baserriak, bordak eta oilategiak, behinolako orubeak, belardiak, ereiteko lurrak, basoak, larreak eta harkaiztiak berezi eta adierazo zituan. Uniberso harrigarri bezain zoragarria berrogeita hamezortzi kilometro koadrotan.

1972an hil zan arte, Arin hogeiko hamarkadan hasitako bildumea aberasten ibili zan. Azkenerako, Material toponímico izenburupean, Ataungo 8.742 leku izen (eta hareen 589 alonimo) batu zituan, hogeita bost karpetatan atondu eta beste hainbeste planotan kokatu zituanak. Guztien ahozko formak eta askoren idatzizko lekukotzak jasoteaz gan, Arinek izen gehienen etimologia proposamena egin eban. Urre gorrizko altxorra. Lan horren original bi gorde dira, bata eskuz idatzia, bestea makinaz (1969).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu