Bilbok datorren hamarkadan Uriko kultur ekintzak gidatuko dituan ibilbide-orria aurkeztu dau

Bizkaie! 2023-02-28 08:24   Kulturea

Plan zorrotz, zehatz eta parte hartzearen bidezkoa da, kulturearen arloko sensibilidadeak batzen dituana.

Kulturearen Plan Estrategikoaren (2023 – 2033) helburua da kulturea oinarrizko elementu lez sendotzea Bilboren eta bilbotarren garapen orekatu eta kohesionatua bultzatzeko, baita uriaren eta sektore inplikatuen garapen ekonomikoa sustatzeko be.

Plana sei lan-arlo estrategiko nagusitan eta zeharkako lauta egituratuta dago. Horreek 135 ekintza-arlotan gauzatuko dira, kultureak Bizkaiko uriburuaren gizarte-eraldaketearen eta jarduera ekonomikoaren motor izaten jarraitu daian.

Plana osotzeko, 570 personaren (sektoreko eragileak, herritarrak, udal-ordezkariak, kultur alkarteen eta barrutiko kontseiluen ordezkariak) 5.000 ekarpen baino gehiago jaso dira.

Arriaga Antzokiko agertokian, 2023-2033 aldirako Kulturearen Plan Estrategikoa aurkezteko ekitaldia egin da. Plan hori izango da udalaren kultur ekintzak hurrengo hamarkadan gidatuko dituan ibilbide-orria eta Udalaren kultur politikak egonkortzea eta hobetzea ahalbidetuko dau.

Juan Mari Aburto alkateak eta Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantza zinegotziak Planaren arlo nagusiak azaldu ditue, uriko kultur eta sormen-sektoreen, hainbat arloren eta udal-ordezkaritzako alderdi politikoen ordezkaritza handi baten aurrean. Alkateak azpimarratu dauenez, «estrategiaren bidez, lekuan lekuko kultur jarduerak sustatu ahal izango ditugu, Bilbo kultur uri legez nazinoartean proiektau, parte-hartzea eta kultur konsumoa bultzatu, uriko kultur aktiboei balioa emon, jarduera barriak erakarri eta Kultura eta Sormen Industrien garapena lagundu».

Kulturearen Plan Estrategikoaren (2023 – 2033) sorrera-asmoa da kulturea dimensino bitan oinarrizko elementu lez sendotzeko ibilbide-orria izatea. Alde batetik, Bilboren eta bilbotarren garapen orekatu eta kohesionatuan laguntzeko, kulturarako sarbideari jagokonez. Eta, bestetik, uriaren eta bertan dabizen profesionalen, enpresen eta erakundeen garapen ekonomikoa sustatzeko. Dimensino nbi horreek genero-bardintasunaren, euskerearen erabilerearen eta transmisinoaren, aniztasunaren aurreko arretearen eta garapen jasangarriaren araberako ikuspegia dabe.

Lan horren emoitzea, Juan Mari Aburtok adierazo dauenez, Plan zorrotz, zehatz eta parte hartzearen bidezkoa da, kulturearen arloko sensibilidadeak batzen dituana, eta, alkarlaneko izakereari eutsiz, bizirik eta zabalik egongo da, ezarri ditugun ekintza-arlo guztiak jorratu ahal izateko, bai eta horreen bilakaerearen jarraipena egin ahal izateko be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu