Mondragon Unibersidadeak 25 urte bete ditu
2023-02-28 07:55 KultureaBarrikuntzearen, praktikotasunaren eta hezkuntza-kalidadearen erreferente moduan.
25 urteotan, unibersidade barritzailea, praktikoa, kalidadekoa, konprometidutakoa eta personen garapen integralean oinarritua izatera heldu da. Jose Maria Arizmendiarrietak, Arrasateko kooperatiba-mobimentuaren sortzaileak, 1943. urtetik aurrera eratutako hiru fakultadek bat eginda jaio zan unibersidadea orain mende-lauren. Gaur egun, nazinoarteko erreferentea da hezkuntza-barrikuntzan. Prestakuntzea, ikerkuntzea eta transferentzia buztartzen ditu, jarduera horreen bidez enpresa eta erakundeen lehiakortasuna hobetzeko eta gizarte aurreratu eta lehiakorragoa lortzeko, baina justizia eta aberastasunaren bidezko banaketea ahaztu barik.
Urteurreneko jaialdia egin dau egunotan Mondragon Unibersidadeak Donostian eta bertan, 25 urteotan unibersidadearen ondoan egondako erakunde eta enpresetako hainbat ordezkari izan dira, baita unibersidadekoak bertakoak be. Besteak beste, honako honeek izan dira: Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko burua; Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Jose Antonio Ardanza, lehendakari ohia; Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun-sailburua; Iñigo Ucín, Mondragon korporazinoko burua; Javier Oleaga, Mondragon Unibersidadeko burua; Vicente Atxa, Mondragon Unibersidadeko errektorea eta Idoia Peñacoba, Mondragon Unibersidadeko idazkari nagusia. Horreez gan, ehunka lagun batu dira.
Aitatutakoek unibersidadearen joana eta oraina izan dabe gogoan, testigantza eta ahotsen bidez. Gainera, zenbait bideo jarri ditue ikusgai eta horreetako batean, unibersidadea sortu zanetik orain arte errektore izan diranak agertu dira: Ignacio Lakuntza (1997-1999), Javier Retegui (1999-2001), Inaxio Oliveri (2001-2007), Iosu Zabala (2007-2015) eta Vicente Atxa (2015-gaur egun).
Gaur egun, Unibertsitateak 6.800 ikasle inguru ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktorego-programetan) matrikulauta, eta horreetatik, 2.200 barriak dira. Ondoko ikasketa honeek eskaintzen ditu injinerutzearen, enpresa-kudeaketearen, ekintzailetzearen, hezkuntzearen, komunikazinoaren, humanidadearen, kooperatibismoaren eta gastronomiaren ezagutza-arloetan: 18 gradu-titulu (11 dualak eta nazinoarteko aintzatespendunak 5), 19 unibersidade-master (11 dualak eta nazinoarteko aintzatespendunak 2) eta 4 doktorego-programa.
Etenbako prestakuntzeari jagokonez, 8.800 profesional inguru trebatzen ditu urtean.
Unibersisasea 1997an jarri eben martxan Debagoienean egozan 3 fakultadek. Gaur egun, barriz, 4 fakultade ditu eta ondoko campusak: Arrasate, Oñati, Eskoriatza, Aretxabaleta, Goierri, Bidasoa, Hernani, Donostia eta Bilbo.
Egun, 300 bat enpresak osotutako sarea dau Mondragon Unibersidadeak.
Era berean, azpimarratzekoa da lana lortzen daben ikasleen portzentajea % 95ekoa baita graduetan eta unibersidade-masterretan eta % 100ekoa doktorego-programetan.
Bestalde, sano garrantzitsua da prestakuntza duala be, Mondragon Unibersidadeak ia 60 urte baitaroaz eredu horretan lan egiten —Alecop sortu zanetik, hain zuzen— eta, horrenbestez, Euskadiko liderra da arlo horretan. Hain zuzen, unibersidadeak 22 titulu emoten ditu modalidade dualean eta ikasleen % 68 inguruk aukeratzen dau prestakuntza-mueta hori. Hori dala eta, Europako lehen unibersidade-sare dualaren buru da European Universities ekimenaren barruan (EU4DUAL proiektua). Lidergo horri esker, Euskadi nazinoarteko erreferentziako herrialdea izango da prestakuntza dualaren esparruan. Horrezaz gan, nazinoarteko eta Estaduko hainbat unibersidade-sailkapenetan nabarmentzen da Mondragon Unibersidadea, ezagutzearen transferentzia, ikerkuntzea, irakaskuntzea eta enplegagarritasuna aintzat hartzen dituen ardatzetan. Adibidez, Europako Batzordearen U-Multirank sailkapenak —munduan unibersidade-sailkapen nagusi eta zehatzena ei da— bost arloetako hamar parametrotan bikaintzat hartzen dituen Espainiako bost unibersidadeetako bat da Mondragon Unibersidadea. Esangura horretan, nabarmentzekoa da Unibersidadea estatu-mailako bigarren postuan dagoala ikasleen mobikortasunari jagokonez. Era berean, ezagutzearen transferentziaren esparruan, estadu-mailako seigarren postuan dago. Euskadin eragin sozioekonomikorik handiena dauen unibersidadea da eta estatuko zazpigarrena, U-Multiranken arabera.
Mugarriak
1943. Eskola Profesionala, gaur egungo Goi Eskola Politeknikoa.
1960. ETEO, gaur egungo Enpresagintza Fakultadea.
1966. Alecop. Prestakuntza dualaren hasierea.
1973. Ikerlan. Lehen zentro teknologikoa.
1976. Irakasle eskolea, gaur egungo Humanidade eta Hezkuntza Zientzien Fakultadea.
1984. Saiolan. Ekintzailetza-eta aktibidade barrien zentroa.
1997. Mondragon Unibersidadea.
2011. Gastronomia Zientzien Fakultadea.
2023. Mondragon Unibersidadearen 25. urteurrena.
Horrezaz gan, gaur egun, Unibersidadeak 10 ekintzailetza laborategi ditu Euskaditik kanpo, MEIgaz batera, Mondragon México Unibersidadea bultzaten dau eta 8 campus ditu Gipuzkoan eta Bizkaian bi.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!