Albaolak ohorezko arraunak emon deutsee 'Ataunen arraunen'-eko kolaboratzaileei

Bizkaie! 2023-02-23 13:48   Kulturea

Sasoiko ontzi handientzako arraunak egiten zituenen indarra eta pasinoa nabarmendu dabe.



Albaola
k, Ataungo Udalagaz eta Gipuzkoako Foru Aldundiagaz alkarlanean, Ataunen arraunen proiektua ipini dau martxan, Gipuzkoako basoetako egurragaz arraunak eregiteko ekimena. Pago egurra zan arraunak egiteko erabilten zana eta zugatx hau altuera handian hazten danez, barrualdeko biztanleek eskuratu eta lantzen zituen enbor horreek.

Bitxikeria historiko bategaz topo egitean hasi zan ibilbidea: XVI. mendean basoetako lana ez zan zugatzak ebagitea bakarrik, arraunak eregiteko lehen fasea be egiten eben bertan. Zugatza bota ondoren, enborra lau zatitan zartatzen zan eta behar zehatzen arabera arbastatzen zan. Ezpalak eginda arraunak egiteko espezializautako tailerrera eroateko momentua zan. Donostia Europako arraun banatzaile handia izan zan, baita armada frantsesaren hornitzaile nagusia be.

Albaolaren parte dan ontzigintza eskoleak ikasleei antxinako arraunak eregiteko prozesu hau praktikan jarteko aukerea eskaini eutsen basoan zugatxa botaten hasten zanetik. Hautatutako basoa Ataungo Marumendi izan zan.

Martin Aranberri udalerriko alkatearen jarrera lagunkoiak, proiektua gauzatzea ahalbideratu eban eta honi esker, 2019an lehen pagoa bota eta pitzatu zan; aprendizek bale txalupearen lehen arraunak egin zituen, baita Juanita Larando patatxarako be, Elkano Itsas Herri ekimenean euskal kostalde osoan zehar nabegau dauen ontzia.

Hau guztia ez litzateke posible izango Gipuzkoa Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko Saileko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko Zerbitzuko 1. Ataleko Burua dan Bixente Dorronsororen aholkularitza aditu eta gainbegirada barik; haren laguntzeari esker modu jasangarrian hautatuak izan ziran mozteko zugatzik aproposenak.

Azkenik, Markel Olano ahaldun nagusiaren lanaren garrantzia azpimarratu behar da, babes eta interesa erakustearren beti itsas eta kultura ondarea balioan jarri baitau, berreskurapen eta dibulgazinoan.

Ekitaldia, Albaola Itsas Kultur Faktorian ospatua, proiektuan parte hartu dabenen errekonozimendua izan da. Albaolako presidentea dan Xabier Agotek, ondoetorria emon dau eta jarduera ekonomiko garrantzitsu bezain ezezagun baten memoria berreskuratzearen garrantzia azpimarartuz ekitaldiari hasierea emon deutso. Xabier Alberdi, Euskal Itsas Museoko eta Albaolako ikerkuntza saileko zuzendariak testuinguru historikoa azaldu dau jarraian: XVIII. mende amaiera bitartean milaka arraun bidaltzen ziren urtero Espainiako itsas armadara, Frantziara edo Portugalera, batez be, Donostiatik eta Hondarribiatik. Gipuzkoan, ostera, Ataungo eta inguruko herrietako basoetaraino heltzen zan itsasoa, bertako pagoakaz egindako arraunakaz egiten baitzeben arraunean munduaren zati handi batean.

Basoan eginiko bideoaren aurkezpenaren ondoren, ohorezko arraunak emoteagaz borobildu da ekitaldia, Marumendiko zuragaz eginiko lehen hiru arraunak, hain zuzen be.

Martin Aramendi, Ataungo alkatea, izan da arrauna jaso dauen lehenengoa eta ondokoa nabarmendu dau: Ataungo Udalarentzat ohorea izan da proiektu honetan parte hartu ahal izatea. Gure historiaren zati garrantzitsu bat berreregiteko eta berreskuratzeko modua eskaintzen deusku Albaolak eta guretzat ezusteko polita izan da jakitea euskaldunok itsasoagaz lotuta daukagun historia miresgarri horretan ataundarron arbasoak be partaide izan zirala.

Ondoren, Bixente Dorronsorok arrauna hartu eta Albaolari bihotzez eskerrak emon eta gero ondokoa adierazo dau: Lurrak emondakoek (zura, janariak...), gizakiaren lanari eta talentuari esker, itsas zabaletako jaun eta jaube izan zirala frogatzen dan Albaola itsas faktoria honetan, adierazpen xume bat: bizia uretan sortu bazan be, lurrak emondakoari esker garatu da gizateria eta nik nire burua, personalean bezela profesionalean, lurrari lotuta izan da beti, derrigorrez sasoi batean, sortu ginan inguruak holan agintzen ebalako, baino denprearen porasuz, baita afizinoz, bizi filosofia lez be.

Azkenik, Markel Olanok, arrauna eskutan, ekitaldiari amaierea emon deutso ondorengoak esanda: Ataunen Arraunen lako ekimenak Albaola azken urteotan memoria historikoa zabaltzeko eta berreskuratzeko egiten dabilen lan bikainaren adibide dira. Itsas Kultur faktoria nazinoartean lortzen dagoan sendotze eta
erreferentzialtasun mailea nabarmendu behar dira eta horixe da nire konpromisoa, Gipuzkoako Foru Aldundia Albaolaren bidelagun jarraitzen izateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu