Huntza taldeak agur

Bizkaie! 2023-02-23 10:41   Musikea

2024ko zezeilaren 3an emongo dau azken kontzertua Bilbon.

Ia hamarkada bateko ibilbidearen ostean, Huntza taldeak bere agurra iragarri dau sare sozialetan argitaratutako komunikatu baten bidez.

Nekea pilatu ostean, indarbarritzeko astia behar dabela azaldu dau taldeak oharrean: Ez da erraza bidea etengo dogula esatea. Baina hori eskatzen deuskue, bihotzak baino, buruak eta gorputza. Bidelagun izan dituen jarraitzaileak eskertzeko be erabili dabe oharra: Hori izan da bidearen ederrena eta gehien asebete gaituena.

Agurrak badau eguna: 2024ko zezeilaren 3a. Egun horretan kontzertu berezia eskainiko dabe Bilboko Miribilla Arenan, 20:00etan, gonbidatu ugari alboan izango dituela. Oholtzan izango diran lagunen zerrendea luzea aurrerago jakinarazoko dabe.

Azkena balitz bezala. Halaxe deitu deutse azken kontzertu horri, dinoenez, holaxe gozauko baitabe ordura arte geratzen jaken kontzertu bakotxa.

Sarrerak datorren astean jarriko ditue salgai: Martiaren 1eko 10:00etatik aurrera erosi ahal izango dira, huntza.eus webgunean eta WeGow plataforman.

Ibilbide oparoa

2014an sortu zan Huntza, unibersidade giroan, eszenatoki gaineko lehen agerpena 2016ko martian egin eben arren. Ia hamar urteko ibilbidea egin dau, trikitixa doinuak eta euskerea Euskal Herriko eta nazinoarteko txoko askotara eroanez.

Denpora horretan, 250 kontzertu inguru emon, 30 kantutik gora sortu eta hiru disko argitaratu ditu: Ertzetatik, 2016an; Xilema, 2018an; eta Ezin ezer espero, 2021an.

Aldapan gora kantuagaz lortu dau oihartzunik handiena, duda barik, YouTuben entzunaldi gehien dituan euskarazko kantua baita, ia 14 miloe erreprodukzino pilotuz.

Behin betirako izango da legatu hori eta desio horregaz itxiko ditu oholtzak Huntzak: Argiak amatau eta piztuta jarrai daiala Huntzaren musikeak, plaza zein kaleak, tabernak eta gaztetxeak, etxeak eta barrenak jantzan jarten.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu