Agustin Garmendia: 'Geure musikea entzunda kilimak sentiduko dituzue gorputzean'
2023-02-27 08:05 BarriketanKilimak taldeko abeslaria eta gitarristea.
Kilimak talde hernaniarrak Aske maite abesti barria eta bideoa plazaratu ditu egunotan, hartu-emon toxiko eta zapaltzaileen kontra eginez, merenge estiloa ardatz dauela.
2018. urtean jaiotako taldeak upealako erantzuna izan dau eta Euskal Herriko runba izeneko lehenengo diskoaren eta makinatxu bat kontzertu emon ondoren, gogotsu dagoz lan barriak aurkezteko. Kilimaka, zuzenean atzemoten da taldearen benetako esentzia.
Lehenengo diskoa plazaratu, herritarren upelako erantzuna jaso eta ehun bat kontzertu eskaini zituen.
2020. urtean Gaztea Maketa Lehiaketako Entzuleen Saria irabazi eta aurrerago telebista, irrati eta holakoetan taldearen izakerea eta azaltzen ibili ostean, prest dagoz kontzertuakaz eta jarraitzeko. Azken aldion Baga-Biga diskoetxera batu da Kilimak.
Agus Garmendia Kilimak taldeko kidea da eta gustora erantzun ditu Bizkaie! atariak egin deutsozan galderei.
1.- Aske maite kantua eta bideoklipa aurkeztu dozuez egunotan. Merenge giroan, jantzan hasteko gogoa emoten dau kantuak...
Bai, egia da. Gure asmoa izaten da jentea jantzan jartea, giro alaia sortzea eta horretarako ezin aproposagoak dira runbea, merengea eta holako erritmoak. Beste estilo eta erritmo batzuk be jorratzen ditugu baina egokia begitandu jaku euskeraz merengerik ez dagoanez, euskerea eta merengea buztartzea [Barreka].
2.- Bideoa Borja Suberbiolak egin dau. Pozik emoitzeagaz?
Oso pozik. Suberbiolaren idea eta jakinduria asko eskertzen dogu, lan egiteko modua be gustau jaku, zuzena eta zorrotza dalako. Borja berehala jaubetu zan zer gura genduan eskaini, kantu alaia, jantzagarria eta hori berehala igarri eta bideoara eroan eban. Pozarren gagoz, lan profesionala egin dau baina aurrerago be alkarregaz lan egingo dogula be pentsetan dot.
3.- 2018. urtean jaio zan taldea eta ordutik hona makinatxu bat kontzertu emon dozuez. Euskal Herriko runba lehenengo diskoak izandako erantzun bikaina espero zenduen?
Ez. Ezustekoa izan zan guretzako. Danetarik entzuten da gurean, gero eta estilo eta era guztietako taldeak dagoz baina holako erantzunik ez genduan espero. Herririk herri joten ibilten ginan rock estiloan, erromeria giroan, punk talde batzuekaz be ibili ginan, Modus Operandi, Gozategi eta La Topadora nabarmenduko deutsudaz ze oso gustora ibili ginan geure lekua topau arte; lekuz kanpo be ikusten ginan baina herriak jantzan ipinten genduzan, herritarrak gustora ebizen geugaz eta diskoa grabetako eskatu euskuenean, aurrera egin eta hor etorri zan Euskal Herriko runba diskoa. Upealako erantzuna izan eban eta gustora ekin geuntsan ibilbideari.
4.- Runbea, merengea euskeraz entzutea ez da ohikoa baina gaztelaniaz be egin dozue kanturen bat. Zuon kantuak sortzeko momentuan, zeintzuk dozuez eredu? Ze musika entzuten dozue?
Musikazale amorratua naz, danetarik entzuten dot, estilo asko, buztarketak eta maite dodaz, rocka, soula, funkya, reggaea eta bestelako erritmo batzuk be bai baina geureari jagokonez, klasikoak entzutea gustetan jat, berbarako, Juan Luis Guerra, Elvis Crespo eta holakoak.
Runba eta merengeak euskeraz egiteko jokerea ez dabe normaltzat hartzen askok baina zergaitik ez dogu runba bat euskeraz egingo, tabernatan eta Estoparen kantuen bersinoak eta egin izan doguz gaztelaniaz eta ez da deskalabrurik izan. Gogoa behar da gauza barriak deskubridu eta horreekaz gozetako.
5.- Pandemiaren erdian, taldea zelan sortu zenduen?
Jakina. Kaltea izan zan guretzako. Pandemia hurreratu aurretik kantuak sortzen eta gogotsu genbiltzan eta hor etorri zan kalbarioa. Baina lan egiteko ez zan bolada txarra izan, jentearen babesa sentiduten genduan, kontzertu piloa geunkazan berbatuta, Herri Urratsen joteko eskaintzea be egin euskuen, gero bertan behera geratu baziran be; zorionez, Herri Urratsen igaz jo genduan eta sekulakoa izan zan.
Gau egun taldean gabiz neu Agus abeslaria eta gitarristea, Zugarramurdiko Ione abeslaria, donostiarrak dira Larra perkusinoan eta Antxon bajistea eta bizkaitar bat be familia honetakoa da, Basauriko Oskitz tronpetistea, hain zuzen be.
6.- 2020ko Gaztea Maketa Lehiaketan GazteBizHitza, Entzulearen Saria irabazi eta ordutik hona kontzertuak emon eta emon zabizie. Oso oker ez bagagoz, 2020ko Herri Urratsen ezin izan zenduen jo pandemiaren eraginez...
Ederra izan zan saria irabaztea, entzuleek emondakoa izan zalako. Ondoren kontzertuak emon eta emon ibili ginan eta ehundik gora edo izango ziran; promozinoa ahoz aho izan da eta igaz 45 bat kontzertu emon genduzan eta pozarren gagoz. Iparraldetik be eskaera asko egin deuskuez eta oso polita da hori, han be baditugulako zaleak.
7.- Azken aldion telebista, irrati eta enparauetan aurkezpena egin dozuez eta esan daiteke jenteak, entzuleek pozik hartzen dituela zuon kantuak. Zer esango zeunskio Kilimak taldea ezagutzen ez dauen bati?
Bai, saltsarik saltsa gabiz baina pozik, horreek danak gure lanaren promozinorako jarduerak diralako.
Beste alde batetik, Kilimak taldea ezagutzen ez dauen bati esango neuskio geure musikea entzunda kilimak sentiduko dituala gorputzean eta jantzan hasiko dala seguru; gure musikea ez da jarlekuan egotekoa, entzuleek ondo pasetea da gure asmoa. Gure erritmo biziakaz batera, gai sozialak jorratzen doguz eta kritikak be igarriko ditue entzuleek, modu alaian eta inor mindu barik. Aske bizi gure azken singelak be erritmo jantzagarriak dakarz baina kritikatxua be badago tartean, izan be, aske maitatzeko aldarrikapena da, gaur egun bizi doguzan egoera eta jarrera penagarrien aurrean. Emakumeen kontrako indarkeria be ez dogu onartzen eta hartu-emon toxikoen kontra be bagagoz.
8.- Kontzertuei jagokenez, nora joan beharko dogu Kilimak taldea zuzenean ikusi eta entzuten?
Kanbon izan ginan pasa dan zapatuan Bibiak eta DJ Jean Doy gaz batera eta giro ederra sortu zan, oso ondo pasau geduan.
Hurrengoa martiaren 18an izango da Oiartzunen eta apirilaren 7an, barriz, Elorrioko Gazte Topagunean egongo gara. Etorri, ez zarie damutuko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!