Ibilaldia 2023 maiatzaren 21ean izango da Ondarroan

Bizkaie! 2023-02-22 12:06   Euskerea berbagai

Familia zein lagunakaz euskeratik eta euskeraz ospatzeko eguna izatea nahiko geunke.



Bilbon aurkeztu dabe 2023ko Ibilaldia. Parte-hartzaileak: Josune Bañales, Ibilaldia Alkarteko burua; Estibaliz Urizar, Zubi Zahar ikastolako zuzendaria; Axular Arizmendi musikagilea; eta Aiora Ponce bideoklipa egiln dauena izan dira.

Ezer baino lehen Ibilaldiaren helburuak nabarmendu ditue: 

Euskerea eta euskal kulturea ardatz dituen gure ikastolea herrira zabaltzea; herriko eragile eta taldeakaz hartu-emonak sendotzea; hezkuntza komunidadeak ikastoleagaz dauen atxikimendua indartzea; ikasleei auzolanaren garrantzia erakustea guraso eta ikastolako komunidade osoa eredu izanik; eta arkitektura pedagogia barrietara egokitzeko baliabide ekonomikoak lortzea.

Xe goiburua

Letra bi dagoz tartean, x eta e: xe. Letrai xehe bi, Ibiladixe. Hizkuntzeagaz olgetea izan da asmoa, Ibilaldia geurera ekarri. 

Xe esanez berba egiteko modu bat ez eze herri bat irudikatu nahi dogu. Euskerea berea dauen herri bat. Ibili dabilen hizkuntza bat. Bizia. Goroldiorik bako harria bezelaxe. Gure herria, gure herrixe, horrelakoxea dalako: bixixe. Alaixe. Argixe. Iraixe.

Bertakoon olgetako gogoa, euskeraz biziteko gogoa, kutsakorra izan daitela Ibilaldira datozenentzat. Erabil daigun danok, harro eta, zergaitik ez, lotsa barik.

Abestia

Abestia eta melodia Axular Arizmendi musikari eta produktoreak sortu ditu AME estudioetan eta abeslariak Aiora Renteria eta Eñaut Elorrieta izan dira. Fusino interesgarria lortzea izan da mutrikuarraren helburua: Zati indartsuak eta zati epikoak edo sakonak alkarregaz sortzea eta lotzea. Jantzarako energia eta produkzino modernoa dakar; euskal instrumentu zaharren eta elektronikearen fusinoa. Erritual eta akelarre batean sortzen dan sinergia, Leokadi Ondarroako personaia be erritual horren barruan dago. Melodia errazeko abestia da, Ondarroako eta Euskal Herriko mariñel guztiei omenaldi txikia egiten deutso.

Aurtengo Ibilaldiaren abestiari Leire Bilbao idazle ondarrutarrak ipini deutsoz berbak. Zubi Zahar Herri Ikastolan ikasitakoa, hantxe hasi zan euskal kulturaz bustiten eta bertsozaletzen. Estrofan narratibea sartu dau. Kostaldeko herri bat azaltzen da, turrunak herria esnatzen dau eta herritarren nortasuna agertzen da. Zanetan kresala dauen eta bere nortasunari eutsi nahi deutson herri bat, hain zuzen be. Olatu bat mingainean metaforeak, euskerea eta kantua ahoan, bizirik dagoan herri bat irudikatu nahi dau. Hizkuntzearen transmisinoa dago, kantuen transmisinoa. Ez daigun ahaztu zubiz betetako herria dala Ondarroa. Eskuek eginiko zubiaren metaforeak adierazo nahiko leuke danok garela ezinbestekoak danon artean alkarri lagundu eta herriari eusteko.

Bideoklipa

Aiora Ponce zuzendari eta ikus-entzunezko sortzaile ondarrutarrak egin dau. Zubi Zahar Herri Ikastolako ikasle ohiari zeozer berezia egiteko gogoa sortu jakon abestia entzun ebanean eta Nerea Gartzia aktoreagaz eta Unai Guenaga injineru informatikoagaz izandako alkarlanak idea landu eta gidoia idazteko balio izan deutso. Onartu dau egin dituen lan guztietatik personalenetako bat izan dala, bideoklipean bere umezaroko eta nerabezaroko momentu askoren isla dagoalako. Grabazinoko momentuak hunkigarriak izan ziran zuzendariaren esanetan, batetik, hainbeste herritarrek bideoklipean parte hartzeko gogoa erakutsi ebelako eta, bestetik, urte ugariren ostean txikitan egondako lekuak bisitau ahal izan zituelako, besteak beste, ikastolea bera eta Artelan kultur alkartea. Aiorak dino Nerea Gartzia eta Unai Guenaga lankide
parebakoak izan dirala, lan asko egin dabela, baita barre asko be.

Grabazinoetan sentidu daben alkartasuna, euren artekoa eta herritarren aldetik jasotakoa, ederra izan da. Eta adierazo dau: Benetan ohorea izan da lan hau egin izana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu