Sara Estévez, Lanbroa, AMUGE eta ESAS: Emakumeen eta gizonen bardintasunerako Zirgari sariak

Bizkaie! 2023-02-22 07:55   Kulturea

Sariak martiaren 7an hartuko ditue Bilboko BBK Aretoan.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK-k Bizkaiko emakumeen eta gizonen bardintasunaren alde egindako lana autortu eta edizino honetan Zirgari 2023 sarien autortzea jaso dabenak Sara Estévez ‘Maratón’ (ohorezkoa), AMUGE eta Lanbroak (biak erakundeak, ex aequo) eta ESASek (proiektua) izan dira.

Zirgari sarien zortzigarren edizinoko epaia gaur emon dabe jakitera prentsaurrekoan Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusinoa eta Bardintasuna Sustatzeko Saileko foru diputaduak eta Nora Sarasolak, BBK erakundearen Gizarte Ekintzako zuzendariak, gure joaneko irudiak diran eta sari honeei izena emoten deutsen zirgarien eskultura-multzoaren ondoan emondako prentsaurrekoan.

Zirgari Sariak

- Ohorezkoa: Aurten Sara Estévez kazetariaren lana autortzen da, 1952an Radio Juventud irratian lanean hasi zana. Sara Estévez futbola bezain maskulinizatua dagoan kirol baten lehen emakume kronistea izan zan eta, aldi berean, irratsaio bat zuzentzen eban lehenengo emakumea izan zan. 1954tik 1990era erreferentzia izan zan bere kirol kronika bereziakaitik baina 1973ra arte inork ez eban jakin Maratón izengoitiaren atzean emakume bat egoanik. Sara Estévezek 98 urte ditu gaur egun.

- Erakundea, ex aequo: AMUGE Bizkaiko emakume ijitoen lehen alkartea izan zan, 2003an sortua aldarrikapen feministak be planteau nahi zituen emakume talde baten ekimenari esker. 138 bazkide ditu eta alkarte horretatik 500 emakume baino gehiago igaro dira azken hamarkadan. Eten bako jarduerak emakume ijito asko ahaldundu ditu tailer, jardunaldi, topagune eta beste jarduera batzuei esker. Beste alde batetik, Lanbroa feminismoaren alkarte aitzindarietakoa izan zan Bizkaian, baita gure Lurralde Historikoko mobimentu feministan erreferentzia be; 70eko hamarkadan sortua, hasieratik salatu zituen emakumeen zapalkuntzea, patriarkatua eta lanaren banaketa sexuala eta mobientu feministea aldarrikatu eban alderdi politikoetatik eta erakundeetatik kanpo.

- Proiektua: ESAS (Emakume Sortzaile eta Artisten Sarea) musika klasikoaren munduan, bai konserbatorioetan eta musika-eskoletan, bai karrera profesionalean, emakumeek daben protagonismo falteari aurre egiten deutson erakundea da, izan be, ia ez dago emakumerik zuzendaritza, produkzinoa edo konposizinoa lako esparruetan eta emakume horreen lanak nekez programetan dira. ESAS taldeak emakumeek protagonismoa daben kultura-topaketak bultzatzen ditu, batez be emakumeei lekua egiten deutsen diziplina anitzeko proiektuen sarea bultzatuz.

Laespada diputaduak gogorarazo dauenez, bardintasuna ez da benetakoa gure gizartean, azalekoa baino ez da eta, beraz, emakumeen eskubide eta askatasunen aldeko aldarrikapenak bidezkoak eta beharrezkoak dira oraindino. Gainera, indarkeria matxistearen ondorioz hilten jarraitzen daben emakumeak gogoratu ditu, abenduan Bilbon hil eben Rebeca Huayta-ren kasua nabarmenduz.

Bestalde, Nora Sarasola BBK-ko arduradunak ziurtatu dau oraindino be bide luzea dagoala emakumeek ekonomia eta enpresa-arloko erabagi-foroetan daben parte-hartze aktiboan, bai eta zuzendaritza-postuetan eta administrazino-kontseiluetan emakumeek daben presentzian be. Politika aktiboak hartu behar dira soldata-arrakalearen kontra, enpresetan bardintasun-planak ezarri eta emakumeen ekintzailetzea bultzatzeko.

Zirgari sariek lan nekagarrian zirga baten eta bere indar fisiko propioaren laguntzinoagaz itsasontziak itsasadarrean atoian eroaten zituenean zirgariek egiten eben lana gogorarazoten dabe, lan hori egiteagaitik emakumeek jasoten eben soldatea sano merkeagoa zalako.

Zirgari sariak emoteko ekitaldia Bilboko BBK Aretoan egingo da martiaren 7an, 18:00etan. Sarbidea herritar guztientzat dago zabalik, aldez aurretik www.bizkaia.eus/inscripcion_social helbidean izena emonda.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu