'Eclipse total' lanaren estreinaldia Euskadin
2023-02-22 08:10 KultureaBBK Saleak Pont Flotant valentziar konpainia beteranoaren obrea ekarriko dau Bilbora martiaren 4an.
Datorren martiaren 4an, Bilboko BBK Salan, Pont Flotant Valentziako konpainia beteranoak igaztik aurrera upealako erantzuna izan dauen Eclipse total lana eskainiko da. Euskadiko estreinaldia izango da. Erantzun bikainaren erakusgarri da pieza Arte Eszenikoen hurrengo Max Sarietarako hautagaia dala, kategoria garrantzitsuenetako bitan: Antzerki Ikuskizun Onena eta Antzerki Egile Onena. Nahiz eta sari horreek apirilera arte ez diran emango, Eclipse total dagoeneko izentau eben irabazle Valentziako Arte Eszenikoen 2022ko Sarietan, joan dan zemendian, Alacanten. Han irabazi eban sari nagusia, Antzerki Ikuskizun Onenarena eta Argiztapen Onenarena be gehitu jakon (Marc Gonzalorentzat).
Àlex Cantó, Joan Collado, Jesús Muñoz eta Pau Pons laukotea 2000. urtean sortu zan antzerki-konpainia legez, esperimentazino eszenikoa, ikerketea, errealidadearen eta fikzinoaren arteko nahasketea eta publikoagaz hartu-emon estuak lehenetsiko zituen sorkuntza kolektiboak egiteko bokazinoari eutsiz. Azken muntaketarako zuzenean heldu eutsen heriotzeari. Zekan bizi gaitekez egun batean bizirik egoteari itxiko deutsagula jakinik? Galdera nagusia horixe da Eclipse total lanean. Pont Flotantek proposamen horretan sentimentalismo eta arinkerietatik aldendu nahi izan dau naturaltasunez eta hurrekotasunez berba egiteko, zelan kudeatzen, preparetan eta hezten dogun jazoera ebitauezin horren inguruan.
2021eko zemendian estreinau eben (valentzieraz eta gaztelaniaz) eta antzezlanak amaierako momentu horretako aproba moduko bat planteetan dau, memento mori eszeniko bat, konpainiaren berbetan, erabateko eklipsea metaforatzat hartuta. Hainbat lengoaia eszeniko erabiliz eta interprete bigaz (Cantó eta Muñoz), existentzialismo barregarrienetik hasi eta heriotza bera irudikatzeraino doazen hainbat segmentu batzen ditu. Azkenik, familiako ospakizun baten kostunbrismoagaz amaitzen da.
Denporea beharko dogu lan hau ahazteko, edertasun parebakoa eta hunkigarria, ikusleak biziteko gogoz urtetan dau aretotik, ez gehiago, hobeto baino; zelan da posible antzoki batetik pozik urtetea, zure patua hiltea dala gogorarazo deutsuenea? Urte eta erdi daroe biran eta Eclipse total lanak jaso dituan kritika ugarietako batzuk dira, dagoeneko denporaldiko antzerki-lan handienetako bat dala, BBK Salako arduradunen arabera. Ikuskizun hau antzerkiaren botere eraldatzaile horren paradigmea da. Horren alde egiten dau Bilboko espazio kulturalak bere programazino eszenikoagaz: Programazinoak berezko nortasuna dau, zutabe sendoetan oinarrituta, besteak beste, sorkuntza garaikidearen eta maila soziealen konprometiduaren aldeko apustua, kalidadea baztertu barik. Holaxe da Eclipse total lanaren kasuan.
Martiaren 4ko ikuskizunaren ondoren, BBK Saleak 2023ko bere lehen Desmuntaia proponidu dau, igaz ikusleen eta konpainien artean egindako barriketaldi labur horreek berreskuratuz, eszenan bizitakoaz hausnartzeko eta sakontzeko. Topaketon buru hainbat zuzendari, antzerkigile eta kultur kazetari izango dira.
BBK Salea
Martiak 4 (19:30), Eclipse total. Pont Flotant. Estreinaldia Euskadin.
Antzezlanaren ondoren, barriketaldia izango da ikusle eta konpainiako kideen atean.
Sarrerak 12 euroan dagoz Kutxabank sarean (% 50eko deskontua Kutxabank txartelakaz egindako erosketetan).
Zehetasun gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!