First Lego League Euskadik gizarte osoari zabaldu deutso prestakuntza-programea

Bizkaie! 2023-02-20 10:52   Kulturea

14. edizinoan 2.264 ikaslek parte hartu dabe.

First Lego League Euskadik euskal gazteen artean zientziarako eta teknologiarako bokazinoak sustatzen dituan erreferentziazko ekimenak herritar guztien eskura jarri dau bere prestakuntza-programa osoa. Prestakuntza-saioak, 11 tailer eta 9 bisita, energia jasangarriaren etorkizunaren ingurukoak izan dira aurten eta orain edegian eskuragarri dagoz Youtuberen bidez. Euskadiko enpresetan, start up-etan, teknologia eta ikerketa-zentroetan, unibersidadeetan eta erakundeetan lan egiten daben goi-mailako kualifikazinoko profesionalek, besteak beste, fisikariek, injineruek, arkitektoek, kimikariek, matematikariek edo kudeaketako adituek, euren lanaren barri emon deutse 22 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleei.

Ikasitako hori guztia inspirazino-iturri izango dabe First Lego League Euskadi programako partaideek martiaren 4an, ekimenaren finalean, aurkeztuko dituen barrikuntza-proiektuak lantzeko.

Ondoko eragileak ibili dira prestakuntza-saioak emoten: BCAM, Basque Center for Applied Mathematics, CIC energiGUNE eta Tecnalia ikerketa eta teknologia-zentroak; Arteche, Iberdrola, Ormazabal, EPowerLabs eta Bilbao Portlab enpresak; Bilboko Bilbao Kirolak eta Udala; Deustuko Unibersidadea, Mondragon Unibersidadea eta EHU; Donostia Sustapena, Energiaren Euskal Erakundea (EEE) eta Energia Klusterra.

Horreen guztien eskutik, gazteek aukerea izan dabe, besteak beste, Gasteizko Koroatzea auzoa CO2 zero isurketako eredu baterantz bidea zelan egiten dabizen ikusteko, Bilboko Rekaldeko kiroldegiak eguzki-plaken bidez ugerlekuetako ura zelan berotzen dauen egiaztatzeko, baterietan edo hidrogenoan elektrifikazinorako zelako soluzinoak dagozan ikusteko, energia eolikoak eta uhin bidezkoak zelan funtzionetan daben ikasteko eta eraikin eta ibilgailu adimendunak zelakoak izango diran egiaztatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu