Bilboko Aratusteetan etenik ez

Bizkaie! 2023-02-20 08:40   Kulturea

Umeentzako musikea eta tailerrak Bilboko Aratusteetako astelehenean.

Bilbok Aratusteetako Astelehena ospatuko dau gaur eta barriro be jarduerez beteko da, uriko urteko jairik alaiena eta informalena ospatzen jarraitzeko. Udalak familiak eta umeak ditu gogoan jaiegun honen programazinoa zehazteko; aitagarrienen artean Udal Musika Bandeak eta DJ Xaiborrek eguerdiko hamabi eta erdietan Plaza Barrian emongo daben kontzertua dago. Aurten, aukeratutako errepertorioan, kantu herrikoiak eta helduek eta txikiek ondo ezagutzen dituen soinu-bandetako kantuak nabarmentzen dira, besteak beste, Quirino Mendoza eta Cortés-en Cielito Lindo, Nerea Arbizuren Astronauta, tronpeta, flauta, Coyote Dax-en No rompas más, DJ Xaibor beraren Aho Bizi/Euskaraldia edo Juan Gabrielen Me gustas mucho.

Arratsaldean, 16:30etik 19:30era, txikitxuenek umeentzako tailerrak izango ditue barriro Plaza Barrian. Photocall-az gan, Bilboko Udalak makillaje eta ule-apainketa tailerra eta kapelak diseinetako tailerra atondu ditu. Umeek Farolin eta Zaranbolas maiteakaz eskuz esku lan egiteko aukerea be izango dabe maskara tailerrean.

Sardinea erretea




Aratusteei agur esateko egunean, hilaren 21ean, goizean, Udal Txistulari Bandea izango da protagonista, Anduriña Zurutuza pailazoagaz batera, 12:30ean Plaza Barrian emongo daben kontzertuagaz. Etxeko txikienek ere umeentzako tailerrez gozau ahal izango dabe 16:30etik 19:00etara Plaza Barrian.

Arratsaldeko 19:30ean, Sardinaren hileta-segizinoa Plaza Barrian ekingo deutso bideari Arriagako Plazan amaitzeko. Ibilbidea 20:00etan amaituko da Arriaga Plazan. Tradizinoagaz jarraituz, ordu horretatik aurrera, Bilbok barriro biziko dau egun seinalatu honegaz batera beti eskaintzen dan antzerki ikuskizuna, Sardinea erretea, 2023ko Aratusteei amaierea emongo deutsen ekitaldia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu