Liben Svaart: 'Hogeita hamaika mila egun joan dira gerra zibila hasi zanetik'
2023-02-20 07:50 BarriketanLarrabetzuko Udalak UPV/EHUko Arte Eder Fakultadeagaz batera herriko Memoria historikoan oinarritutako hiru proiektu artistiko aurkeztu ditu. 1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktadurearen garaia eta gerrearen giza dimensinoa ditue oinarri obrok, orduko andre, gizon eta umeen egoerak eta bizipenak gaurkora ekarteko eta berauei autortza justu eta egiazkoa egiteko.
Hona hemen orain ez dagoana gomuta historikoaren aztarnak jorratzen dituan proiektu artistikoa, erakusketa formea hartuko dauena zezeilean. Liben Svaart izen artistikoa darabilen Libe Belandiak (Leioa, 1994) erakusketa honen bidez bere ikerkuntzeari amaierea emongo deutso, prozesuan sortutako artelanak erakutsiz: Alde batetik, soinu pieza bat, 31 minutukoa, Sol notearen ñabardurak plazaratzen dituana. Soinu pieza horri eten barik errepetiduten dan animazino batek laguntzen deutso, batera jarrita memoriak daukan lausotasuna adierazoz. Erakusketa hau osotzeko, bisitariak etxera eroan leiken orri baten neurriko piezak egongo dira ikusgai.
1.- Zein da Hona hemen orain ez dagoana proiektuaren esentzia?
Jazoera historikoetatik zer berba, zer kontzeptu nabarmendu geinken asmetan buru-belarri ibilteko jokerea dogu eta 1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktadurearen garaia eta gerrearen giza dimensinoa lako gaiak urrun geratzen jakuzan arren, geure ekarpentxua egin dogu eta gustora nago.
Kontuak kontu, amaierea emoten deutsagu prozesuari: Hona hemen orain ez dagoena Larrabetzu Oroimena proiektuaren zati bat da. Ezin dogu hurreko historiagaz dogun haria eteten itxi; oroimen historikoa da horretarako daukagun tresnea.
Ezinezkoa da proiektu bategaz zauri guztiak osatzea, baina haria lotzeko nire artea herriaren eskuetan ixtea espero dot. 31.620 egun pasau dira gerra zibilak eztanda egin ebanetik. 31.620 egunsenti, 31.620 ilunabar. Denporea joan ahala, gero eta hurrunago dagoala emoten dau baina orain hareen aztarnen gainean bizi gara.
2.- Horregaitik nabarmendu gura izan dozu memoriaren lausotasuna, iluntasuna?
Bai. Gazteak gara, 1994. urtean jaio nintzan Leioan eta urruntxu geratzen jataz gerrea, dikadurea eta era horretako gaiak baina zorionez holako proiektu eta ikerketak eginez ikasi egiten dozu, geure jarduerak sano aberasgarriak dira eta bai geureakaz eta bai besteenakaz be disfrutau egiten dogu.
3.- Gomuta historikoaren aztarnak jorratzen dituan proiektu artistikoa da zeurea eta erakusketea, soinua zein artelanak buztartu dozuz. Posible alda hori?
Bai, zergaitik ez da posible izango. Erakusketearen bitartez amaierea emongo deutsat ikerketa lanari eta bisitariak etxera eroan leiken orri baten neurriko piezak ikusi leikiez bisitariek. Esangura horretan, bideoa eta soinua buztartu dodaz eta pieza fisikoak be ikusteko moduan dagoz.
4.- Musikeari jagokonez, 31 minutuko soinu pieza bat sortu dozu, Sol notearen ñabardurak plazaratzen dituana. Zeintzuk dira pieza horren ezaugarriak?
Bibrazinoak ditu oinarri pieza musikalak. Uhinak erabili izan dodaz musikearen edo musikalidadearen indarra galtzeko, izan be, sol notea da abesti pozgarriak egiteko erabilten dana. Hogeita hamaika mila egun joan dira gerra zibila hasi zanetik eta horrexegaitik hasi nintzan 31 minutuko doinua lantzen.
5.- Musikaria be bazara eta aspaldiko kontuak badira be, Musiversika nabarmenduko neuke baina bestelako esperientzietan be ibili zara. Zeintzuk nabarmenduko zeunkez?
Urte batzuk joan dira baina nire lehenengo diskoa izan zan garage rocka edo dana dalakoa lantzeko baina abeslari be ibili nintzan aurrerago Mirror of Truth taldean metal giroan eta Musiversikan, barriz, In Red diskoa aurkeztu neban, zeozertan ibili izan naz musikearen arloan.
6.- Diziplina askotan dabilen artistea zara. Zertan zabiz gustorago?
Arlo bat baino gehiagotan ilbilten naz gustora baina boladak izaten dira, orain hemen, gero han. Musikea, ilustrazinoa, kartelgintzea maite dodaz eta holakoetan nabil pozik, nire adierazmoldeak dira, barruan daukadana kanpora atarateko.
7.- Liben Svaart da zure izen artistikoa baina Libe Belandia zara. Biak dozuz gustoko?
[Barreka] Liben Svaart izen artistikoa erabilten dot musika munduan nabilenean eta Libe Belandia, barriz, soinu eta ilustrazino enkarguetarako.
8.- Larrabetzuko Memoria historikoan oinarritutako beste proiektuetan, antzezlana, ikusentzunezkoa zein argitalpena sortu ditue. Badago hartu-emonik zuon artean?
Bai. Hiru proiektuok lantzen eta alkarregaz ibili gara. Azken hileotan online batzarrak be egin doguz eta alkarri ideak eta aholkuak emoten be ibili gara.
Zirrikitua da Eriz Morenok eta Amaia Molinetek sortu dabena; Larrabetzun Gerra Zibilaren aztarnak begiratuz. Proiektuaren emoitzea argitalpen bat da, bisita gidatu bategaz osotu daitekeena.
Beste alde batetik, testu klasiko baten irakurketearen bidez, Ane Seijasek eta Julen Sainz de Rozasek ikus-entzunezko bat atondu dabe Gerra Zibilak gurean eragindakoaz. Bertolt Brechtek 1930ean idatzitako Der Jasager und der Neisager da aukeratutako idazlana. Antzerki labur hau Taniko obra japoniarrean oinarrituta dago eta Brechten pieza didaktikoetako bat da.
9.- Bihar etzirako ze erronka dozu buruan bueltaka?
1936ko Gerra zibila eta gerra osteko diktadurearen garaia eta gerrearen giza dimensinoa jorratzen jarraitu gura dot eta musikearen arloan disko barrirako ideak eta musikea lantzen hasi naz, lofi edo low-fi giroan, hip hopa, jazza eta holako erritmoak jorratzen nabil eta eta espero dot urte amaierarako edo plazaratzeko aukerea izatea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!