Xabier Amurizak jasoko dau III. Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria

Bizkaie! 2023-02-16 13:23   Kulturea

Xabier Amurizaren ibilbideak bat egiten dau Monzonek eta Ganuzak izan zituen baloreakaz.

Olaso Torrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak 2023ko Monzon-Ganuza Euskal Utopikoei saria Xabier Amurizak jasoko dauela iragarri dabe Bergarako alkate Gorka Artola Alberdik eta Olaso Torrea Fundazinoko presidente Iratxe Esnaola Arribillagak. 

2021. urtean Olaso Torrea Fundazinoak eta Bergarako Udalak egin eben hitzarmenaren emoitzetako bat da Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria, Olaso Torrera bisita gidatuak egiteko aukereagaz batera. 2021eko martiaren 9an bete ziran 40 urte Telesforo Monzon hil zala eta urteurren horren testuinguruan sortu zan ekimena.

Euskal Herriari, bere kultura, hizkuntza, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini deutsen bergarar zein Bergaraz gaindiko herritarrak omentzea dau helburu sariak eta nori emon erabagiteko momentuan kontuan izaten dira Telesforo Monzonen eta Josefa Ganuzaren baloreak, besteak beste, herriari maitasuna, euskereari eta kultureari emoniko lehentasuna, Nafarroaren garrantzia euskal historian edo/eta batasunaren balioa, Iratxe Esnaolak azaldu dauenez.

Xabier Amurizaren ibilbideak bat egiten dau Monzonek eta Ganuzak izan zituen baloreakaz. Bergarako Alkate Gorka Artolak esan dau Xabier Amurizak bizi osoko ekarpen oparoa egin deutsola Euskal Herriari, euskal kultureari eta euskereari: 1980ko hamarkadan barritasun handia ekarri eutson bertsogintzeari eta seguru ezinezkoa da egungo Bertsolaritza modernoa ulertzea haren ekarpena kontuan izan barik. Bai berbakera arloan, bai bere irudi eta metafora-mundu poetikoaren erabileran be eta, oro har, bertsoak egituratzeko moduak, (ordu artekoak ez bezelakoak) iraultzea izan baitziran bertsolaritzan. Neurri
eta doinuetan be barrikuntza handiak ekarri zituen, neurri eta doinu asko, ordu artekoetatik oso bestelakoak.

Nabarmentzekoa da bertso eskoletan eragindako iraultzea. Helduentzako bertso eskoletako lehen ikasmateriala atondu eban: Zu ere bertsolari eta Hiztegi Errimatua. Hamaikatxu helduen bertso eskolak sortarazo eta emon zituan: Bertsotan ibilteko jaio egin behar da ustea ezerezean itxi eban, ikastea posible zala argi egoalako, etorkizuneko bertsolari belaunaldien jarraipena ziurtatua geldituz. Bertsogintzeari jagokonez, euskera batua ekarri eban Txapelketa Nagusira.

Euskal kultureari egindako ekarpenaz gan nabarmena da urte gogorretan herri honi emondako babesa eta konpromisoa. Gogor abadeen mobimentuaren bultzatzaile izan zan frankismoan eta Derioko eta Bilboko abadetxeetan entzierroetan egon zan. Horren ondorioz zazpi urte egin zituan preso Zamoran eta Basaurin, hiru espetxealditan. 1976an itxi eban abadetzea.

Politika arloan be urte luzez azaldu eban herriaren aurreko konpromisoa eta Zornotzako Udalean zinegotzi, Bizkaiko Batzar Orokorretako batzarkide eta Gasteizko legebiltzarreko legebiltzarkide izan zan Herri Batasunaren izenean, 80. hamarkadan. 1982 urtean barriro atxilotu eben Bizkaiko Juntetxean, Espainiako Erregearen etorrerea zala eta, Herri Batasunako ganerako ordezkariakaz Eusko Gudariak abesteagaitik.

Amurizaren kultur jarioa amaiezina da. Egin egunkarian Telefono Gorria zutabea idazten eban.

Itzulpengintza arloan klasikoak itzultzeaz gan, ETBko Dragoi Bola umeentzako telesaila itzuli eban. Hainbat eleberri, narrazino, olerki liburu eta saiakera idatzi ditu eta bereak dira euskal kantugintzako hainbat abesti eta kopla ezagun, besteak beste, Euskal Herrian Euskaraz, Mendian gora haritza edo furra furra. Manuel Lekuona eta Lauaxeta Sariak jaso ditu azken urteotan. Lehenengo Monzon-Ganuza saria Libe Goñi Garate Seaskako lehen irakasleari emon jakon. Bigarrena, barriz, Jose Luis Elkorori eta Mari Karmen Aiastuiri.

Saria

Bizkaitarrari emongo jakon sariari buruz Esnaolak esan dau, saria sinbolikoa da eta Monzon-Ganuza sariaren bidez Euskal Herriari, bere kulturea, hizkuntzeari, historia eta etorkizunari bizitza osoko lana eskaini deutsen herritarrak omentzeagaz batera, euskal artista barriak sustatzea be bultzatzen da, belaunaldien arteko zubi lana be eregiz.

Saria egingo dauen artistea egin zan deialdiari erantzun eutsen artisten artean aukeratuko dau
horretarako osotutako aditu talde batek:

- Karlos Galarraga (Bergarako Beart arte alkarteko kidea).

- Jesus Mari Lazkano (margolaria).

- Mikel Lertxundi (arte historialaria eta komisarioa).

Aurtengo sariaren egilearen barri martiaren 1ean jakinarazoko da. Saria emoteko ekitaldia aurten martiaren 16an, Bergarako Seminarixoan, arratsaldeko 18:30an egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu