Bilboko udal-liburutegietara joan diranen kopurua % 12 igon zan 2022an
2023-02-14 11:12 Kulturea530.500 bisita baino gehiago jaso zituen.
2021. urteagaz alderatuta, 2.612 persona gehiagok eskatu dabe urtean udal-liburutegietako erabiltzaile txartela. Danetara, 115.398 personak dabe txartela.
280.248 mailegu egin ziran, hau da, 2021ean baino % 5,3 gehiago.
Ordenagailu publikoen erabilereak 16.321 saio izan zituan, hau da, aurreko urtean baino % 52 gehiago.
2022ko beste mugarri nabarmenetako bat ekipamendu publiko barri bat edegitea izan da: Abenduaren 16an Basurtuko Liburutegia inaugurau eben, La Perrera eraikinean. 7.000 liburutik gorako bildumea dauen liburutegi honek 64 plaza ditu. Liburutegi barri honegaz sareko ekipamenduen kopurua 16 da: Liburutegi Nagusi bat, Bidebarrietakoa; Barruti Liburutegi bi, Deustukoa eta Begoñakoa; hamabi Auzo Liburutegi: Basurtukoa, San Inaziokoa, Zurbaranbarrikoa, Castañosekoa, Otxarkoagakoa, San Frantziskokoa, San Adrianekoa, Iralakoa, Ibaialdekoa, Errekaldekoa, Zabalakoa eta Zorrotzakoa; eta Buiako zerbitzugunea.
2022an normaltasuna berreskuratuta, uriko Udal Liburutegiek nabarmen egin dabe gora eskaintzen dituen zerbitzuen erabileran eta erabiltzaileen kopuruan.
Bilboko Liburutegien Sareak eskaintzen dituan zerbitzu guztiek gora egin dute. Liburutegietara joaten direnen kopuruak % 12,2 egin dau gora eta guztira 530.526 bisita izan ditu 2022ko urtarriletik abendura. Gainera, gero eta bilbotar gehiagok eskatzen dabe liburutegiko txartela: 2.612 lagunek eskatu eben txartela igaz.
Bilboko Udalak ondokoa azpimarratu dau: Edaden guztietako biztanleen artean irakurzaletasuna bultzatzen eta indartzen jarraitzeko apustua egin dogu. Kultura arlon, ezinbestekoa da Udalaren kultura-gune horreen erabilerea bultzatzea, jarduera eta zerbitzu zabal eta askotarikoakaz. Bilbotarrek zerbitzu-katalogo zabala dabe irakurteko ohiturea sendotzeko eta suspertzeko”.
Testuinguru horretan, 2022an zehar, Udal Liburutegiek 374 kultura-jarduera atondu zituen eta, holan, uriko hainbat plazatan egiten dan Udako Liburutegiak programan parte hartu ebenei gehituta, guztira 13.365 parte-hartzaile izan ziran, 2021ean baino % 60 gehiago. Internetera sartzeko zerbitzuak be gora egin dau: 16.321 saio erregistrau ziran liburutegietako erabilera publikoko ordenagailuetan, hau da, aurreko urtean baino % 52 gehiago.
Ezinbestekoa da liburutegiak topagune eta alkartruke sozial eta kulturalerako gune bihurtzea.
2022an, jentearen eskura egozan materialen kopurua (liburuak, egunkariak, aldizkariak, filmak, musikea, mapak eta bestelakoak) 26.305 alekoa izan zan eta Udal Liburutegien bildumea 521.568 liburukitan kokatu zan.
Titulurik eskatuenak
Ondokoak izan dira Bilboko Udal Liburutegietako erabiltzaileek maileguan gehien hartu dituen liburuak:
Helduentzako gaztelaniazko liburuak: Eva García Sáez de Urturiren El libro negro de las horas; Carmen Molaren La bestia: Madrid 1834; eta Julia Navarroren De ninguna parte.
Helduentzako euskerazko liburuak: Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza; Amets Arzallusen Miñan; eta Alberto Ladrón Aranaren Arotzaren eskuak.
Umeentzako eta gazteentzako gaztelaniazko liburuak: Kayoko Kishimotoren Naruto; Gosho Aoyamaren Detective Conan; eta Eiichiro Odaren One piece.
Umeentzako eta gazteentzako euskerazko liburuak: Mattero Gaule, eta abarren Dinosauroak, Simon Millerren Ibilgailuak; eta Ibon Martin Alvarezen Onin eta altxorraren uhartea.
Musika-grabazinoei jagokenez, maileguan gehien itxitakoak: Fito & Fitipaldis taldearen Cada vez cadáver; Rosalíaren Motomami, eta Izaroren Limones de oro.
Gehien eskatutako ikus-entzunezkoak: The Americans izan zan eta, ondoren, El buen patrón eta Maixabel filmak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!