Maialen Lujanbiok Euskal Herria topau dau Mexikoko Euskal Etxeko saioan
2023-02-14 10:39 BertsolaritzeaEuskera ikasle diran mexikarrek pozarren entzun ditue Lujanbioren bertsoak.
Itsasoa Txapelketearen ajea gainditzeko asmoz zeharkatu baeban be, bertsotan amaitu dau Lujanbiok Mexikora egin dauen bidaia laburra. Joan dan zapatuan, bakarkakoa behar eban bertso-afariak, taldekoa izan zan azkenean Euskal Etxean eta euskerea eta gaztelania erabilteko baldintzea, aukera bilakatu eben atontzaileek, izan be, jatorri euskalduna daben mexikarrek probau ahal izan eben ezagutu bai baina sekula zuzenean entzun bako bertsolaritzea; eta Mexikora lanera edo ikastera etorritako gazte euskaldunek, barriz, Euskal Herritik kanpo badiran inprobisatzaileak ezagutu zituen, bertsolari euskaldun eta inprobisatzaile mexikarren artean egindako kantuzko lehia baten bideoa pantailaratu baijaken batutakoei.
Lujanbiori txapela eta euskal diasporea lako gaiak jarri eutsezan eta bertso bakotxaren ondoren haren mezua bueltan heltzen jaken euskaldun ez ziran euskaltzaleei, inor bazterrean ez geratzeko. Bertsolariarentzat erronka handia zan bakarrik kantetea holako afarian baina, ezustean, Iñaki iruindarra etorri jakon laguntzan. Bien artekoa lehia baino, errimaz egindako solasaldia izan zan, bataren gaztelaniazko berba neurtuei besteak euskerazko bertso bidez erantzun eutsen eta.
Saioan aitamen berezia egin jaken Mexikon euskerea ikasten dabizan guztiei, bai Euskal Etxeko irakasle biakaz dabizenei, baita UNAM unibersidadean euskalduntzen dabizenei be. Bertan ziren guztiak apozik geratu ziran saioan Pello Bixente mozkor jatorrari inoiz eskainitakoak bertso-paleean idatzi eta alkarregaz kantau zituen guztiak. Hizkuntza bietan egindako bertsoak izanik, mahaikide guztien esku hartzea erraztu eban kantuak.
Afariagaz amaitu aurretik, Julen Ruiz de Azua eta Josu Garritz Euskal Etxeko buruek eskerrak emon eutsiezan Maialen Lujanbiori euren etxera etorri eta bere etorria Mexikoko euskaltzale guztiakaz konpartiduteagaitik. Bertsolariari autortu bezela, Euskal Etxea, bada Mexikon amaitzen daben euskal herritar danen aterpea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!