Kepa Junkeraren omenezko kontzertua martiaren 9an izango da Arriaga Antzokian

Bizkaie! 2023-02-09 13:47   Musikea

Batutako dirua trikitilari bilbotarrari laguntzeko izango da.

Kepa Junkera erdigunean dala, ezkerretik eskumara: Igor Atxa, Begoña de Ibarra, Garbitxu, Lorea Bilbao, Iñaki Lopez de Aguileta © Martin Calvo / Fundación SGAE | Ikusi handiago | Argazki originala

 

SGAE Fundazinoak, SGAEren Euskadiko Lurralde Kontseiluaren bitartez, Kepa Junkera bazkidearen omenezko kontzertua sustatuko dau Hauzpoz goiburupean, trikitixearen hauspoa eta sortzaile bizkaitarraren musikeak sortzen dauen poza ardatz hartuta.

Sarrerak gaur jarri ditue salgai, www.teatroarriaga.eus webgunearen bidez, 14, 18 eta 22 euroan. Batutako dirua Errekaldeko egilearen egoera ekonomikoa osotzeko baliogarria izango da. Dagoeneko hogei bat taldek eta artista lagunek emon deutse baiezkoa parte-hartzeari, besteak beste, Oreka TX, Sorginak, La Cobla de Sant Jordi, Amak, Dulce Pontes, Lucía Lacarra, Matthew Golding, Xabier Amuriza, Tapia & Leturia, Ibon Koteron, Josune Arakistain, Xabi Aburruzaga eta Eliseo Parra.

Musika eta diziplina askotako ikuskizunaren zuzendaritzea Jon Maya Setien (Kukai) eta Harkaitz Martinezi egokitu jake; produkzinoa, barriz, Txalap.ART Produkzinoak taldeari. Horretan guztian, SGAE Fundazinoaz gan, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Udala eta EiTB ibili dira buru-belarri, danak alkarlanean.

Aurkezpena gaur eguerdian egin da Campos Eliseos Antzokian, SGAEren Euskadiko egoitzan eta bertan egon dira ekimenaren arduradunak, protagonisteagaz batera: Lorea Bilbao, Euskera, Kultura eta Kirol Foru-diputadua; Iñaki Lopez de Aguileta, kulturako udal Zuzendaria; Igor Atxa, Txalap.ART Produkzinoak-en izenean; eta Garbitxu, SGAE Fundazinoaren ordezkaritzan.

SGAE Euskadiko Kontseiluaren presidenteak adierazo dauenez, merezidutako errekonozimendu honetan egotea nahitaezkoa da ganerako erakundeakaz batera, benetako harrotasuna baita Kepa Junkera lako artista langile, diziplinatu eta aldi berean sortzaile baten Alkarte berekoa izatea. Esker oneko berbak baino ez daukadaz artistearentzako.

Omenaldia SGAEko bazkidearen musikearen inguruan jorratuko da. Hainbat musika-pistatan oinarrituta, Arriaga Antzokiko agertokian kausa honegaz bat egin daben lagun talde handi batek abestu, jo edo jantzan egingo dau. Bestalde, Xabier Amuriza bertsolariak omenduari eskainitako bertso batzuk kantauko ditu.

Kepa Junkera eriondo da 2018ko abenduan Belgikan izan eban iktusa dala-eta, kontzertu-bira baten hasieran, hain zuzen be. 58 urteko musikari bilbotarrak hogei bat disko argitaratu ditu eta lau hamarkada inguru daroaz trikitixearen sonoridadeak fusinorako tresna legez dituan aukerak ikertzen eta sakontzen.

1991tik SGAEko kide dogu eta, danetara, 387 lan ditu erregistrauta eta Garbitxuk adierazo dauenez, Horregaitik guztiagaitik folkak, euskal kultureak eta sorkuntza munduak zor ordainezina dabe gure bazkide eta lagunagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu