'Emakumeak Zientzian emon, hartu eskua'

Bizkaie! 2023-02-09 08:11   Kulturea

Hogeita lau euskal erakundek 50 jardueratik gorako programa zabalari ekin deutse.



VII. Emakumeak Zientzian ekimenari hasierea emoteko makinatxu bat batu dira Emakumeak Zientzian ekimenari atxikitako erakunde eta ikerketa-zentroetan lan egiten daben emakume zientzialari guztiak omentzeko. Helburua hau ikusarazotea da: Zientzia bada nesken kontua. Gainera, zuzenean aurkeztu da ekimenerako berariaz sortutako ereserkia, Janus Lester sortzailearen eskutik.

Jon Insausti Kultura eta Euskerako zinegotzi ordezkariak (Donostia Kultura) hartu ditu bertaratutako guztiak eta Emakumeak Zientzian koordinazino-taldeak gidatu dau ekitaldia. Edizino honetan azpimarratzeko helburua da jaubetzea ze garrantzitsua dan gizonen eta emakumeen arteko erantzunkidetasuna zientzia eta teknologia bardinzaleagoa sustatzeko.

Emakumeak Zientzianeko hiru ikerlarik —Ana Beloqui (POLYMAT), Marta Pascual (BC3) eta Marina Kalashnikova (BCBL)— agertokia hartu dabe euren bizipen profesionalak konpartiduteko. Alaia Martin Etxebeste bertsolariak lagundu deutse eta hareeen testigantzak jaso ditu bertsotan: Zientzia egiten jarraitzea, erreferente izaten jarraitzeko, inor ikusezin sentidu ez daiten, ezinbestekoa da, nabarmendu dau. Era berean, zientzia eta teknologiaren arloa emakumeen leku bat dala maila zientifikoan frogatzen jarraitzeko deia egin deutse hiru emakumeei. Danak bat etorri dira esatean Emakumeak Zientzia arloan diran proiektuak ezinbestekoak dirala emakume zientzialariak zientziaren eta teknologiaren arlo guztietan ikusgai jarteko, bai karrera biosanitarioetan, bai injinerutzako, matematikako edo fisikakoetan.

Ondoren, alkarrizketa labur bat izan da Jon Gurrutxaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Barrikuntzako eta Internalizazinoko zuzendariagaz, Izaskun Artetxe Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen Saileko idazkari tekniko ekonomikoagaz eta Ainhoa Aldasoro Donostiako Sustapena, Barrikuntza eta Lehiakortasuneko arduradunagaz, Emakumeak Zientzianeko koordinazino-taldeko kide batek moderauta.

Jon Gurrutxagak idea hau nabarmendu dau: Zientziak eta ikerketeak oinarrizko zeregina dabe gizarte legez gure etorkizuna eregiteko eta gure ongizatea eta lehiakortasuna indartzeko eta emakumeen talentua ezin dogu bazterrean itxi. Ez dago errezeta magikorik zientziaren eta teknologiaren eremuan dagoan desoreka-egoera hori aldarazoteko, baina oinarrizkoa da zientzian eta I+Gan dabizen emakumeen ibilbideak ikusarazotea eta balioestea, genero-estereotipoak haustea, STEAM ikasketak gazteen artean indartzea, lana eta familia bateragarri egiteko konpoartidutako erantzukizunn neurriak hartzea..., erantsi dau Gurrutxagak.

Izaskun Artetxek, barriz, ondokoa adierazo dau: Bizkaiko Foru Aldundiaren helburua emakumeen eta gizonen bardintasuna sustatzea da, persona guztientzako gizarte zuzen, orekatu, efiziente eta zoriontsua lortzeko berme lez”. Era berean, azpimarratu dauenez, “azken hamar urteetan egoereak ez dau hobera egin eta guraize-efektuak lehengoan dirau ikerketa-karreran aurrera egitean; ez dabe bardin aurrera egiten emakume ikertzaileek eta gizon ikertzaileek.

Ainhoa Aldasorok nabarmendu dauenez, Donostia ezaguna da zientziaren eta barrikuntzearen aldeko apustu sendoa egiten dauelako eta beharrezkoa da apustu horretan bardintasunaren erronkea sartzea. Donostiako Sustapenan horren alde dogun konpromisoa sendoa da eta programa eta zerbitzu espezifikoak lantzen gabiz emakumea zientziaren esparruan ikusgai jarri eta STEAM bokazino barriak sortzeko gazteen artean.

Azkenik, ekimenerako atondutako ereserkia aurkeztu dau Janus Lester artisteak: Ekimenari erritmo alaia emon gura izan deutsat eta, era berean, eskua luzatzen deutse aliatu barriei erantzukizunak konpartiduteko: emon, hartu eskua; egin, itxi lekua.... Musika-plataforma nagusietan eta Emakumeak Zientzianen YouTubeko kanalean eskuragarri dago Ertzak kantua.

Emakumeak Zientzian 2023 programearen gune nagusia zezeilaren 8tik 17rako astean izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu